90eko hamarkadan liga hasierak ikasturte berriarekin batera abiatzen ziren. Hau da, irailean. ‘Egin’ egunkariak gehigarri berezi bat argitaratzen zuen lehen jardunaldiaren aurretik, eta 1992ko irailaren 6an «Atezainak, begipuntuan» izenburua zeukan erreportaje bat egin zuen.
Ramon Sola kazetariak sinaturiko albistean, International Boardeko aginduetatik aterata, Nafar Epaile Eskolak herrialdeko talde guztiei bidalitako testua ekartzen zuen gogora: «Baldin eta jokalari batek, oinez eta nahita, atezainari bidaltzen badio baloia, eta atezaina bera area handiaren barruan baldin badago, ezin izango du inola ere baloia eskuz ukitu. Eginez gero, falta (jaurtiketa libre ez-zuzena) adieraziko zaio».
Arau berriaren ezarpenarekin, atezainek hankarekin jokatzen ikasi behar izan zuten eta kexu agertu ziren. Esaterako, Osasunako atezaina zen Robertok adierazi zuenez, «gauza berriak asmatzen diren bakoitzean, badirudi beti atezainen kaltetan izan behar dela. Nik uste dut epaileen interpretazioa erabakigarria bihurtuko dela; eta noski, aurrelariek atzelariei presio handiagoa egingo dietela».
Kike Burgosek, Athletic Clubeko jokalariak, «atezainok futbolean jokatzen ikasi beharko» zutela ondorioztatu zuen. Bere iritziz, «agian ikuskizunerako onuragarria izango da, baina bai epaileentzat bai guretzat arriskutsua da. Uste dut teknikoki eskasak diren taldeentzat txarra izango dela».
Realeko atezaina zen Yubero ere ez zegoen pozik: «Baliteke ikuskizunerako ona izatea, baina epailea izango da protagonista. Niretzat gogorregia da araua; atezainok beste taldekideek bezala jokatu beharko baitugu».
Era berean, Andoni Zubizarretak, garai horretan Bartzelonako atezaina zenak, bere kexa agertu zuen. Bere esanetan, «arau berriak futbola oztopatzea besterik ez du lortuko. Zailagoa izango da dena».
Epaileen iritziak ere jaso zituzten erreportajean, eta euren iritziz denbora galtzeak murriztuko ziren.
Kostata izan bada ere, atezainak hankarekin jokatzera ohitu dira azken hogeita hamar urteetan. Noizbehinka akatsak egiten dituzten arren, umetatik barneratzen dute horrela jokatu beharra daukatela.