1977/2024 , 16 septembre

Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Aritz Aranburu
surflaria

«Oso energia ona sortu genuen denon artean, eta irabazi nuenean leherketa bat izan zen»

Aritz Aranburu Euskal Herriak eman duen surflaririk onena da. Nazioarte mailan onenekin lehiatu duena eta etxean, etxeko atarian, garaipenak lortu dituena. 2007ko irailaren 16an Zarautzen irabazi zuen eguna ekarri dugu gogora berarekin: herrian sortutako energia, Ertzaintzak jarritako isuna, amonaren presentzia eta hondartzako ospakizuna errepasatu ditugu.

Lagun eta herrikideek besotan hartuta, Aranburu, garaipena ospatzen.
Lagun eta herrikideek besotan hartuta, Aranburu, garaipena ospatzen. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Irabaztea beti izango da berezia. Baina zer da etxetik metro gutxira irabaztea, milaka aldiz zapaldutako hondartzan?

Niretzat oso txapelketa berezia izan zen. Hau garai batetik dator, zeinetan jendeak asko jarraitzen ninduen internet bidez. 2007an izan zen, eta hori nire urte potenteenetako bat izan zen. Nazioartean txapelketa onak egiten hasi nintzen eta emaitza oso onak lortu nituen. Zarautzera iritsi nintzenean oso erritmo onean nenbilen, konfiantzaz oso altu. Eta gogo handiarekin nengoen herrian bertan jendeari erakusteko zein mailatan nenbilen.

Bestetik, Zarautzen txapelketa hau oso garrantzitsua izan da beti. Txikia nintzenean, urtero etortzen ziren surflari profesionalak mundu guztitik. 14 urte nituenean hartu nuen parte lehen aldiz, baina gero zortzi urtetan ez zen txapelketa egin, antolatzaile falta zela-eta. 2007an txapelketa hori Zarautzera bueltatu zen. Oso esanguratsua izan zen txapelketa bueltan ekartzea eta ni saiatzea, baneukalako konfiantza, irabazten. 

Modu bereziren batean prestatu zenuen zita?

Hondartza ezagutzen dut. Bertan hazi naiz. Hor ikasi dut. Ezagutzen ditut olatuen izkina guztiak. Eta bestetik, etxean egotea, zure ohean lo egitea, bertako lagunekin egotea, familiarekin... Beti dira plus batzuk kanpoan ez dauzkazunak. Beti izan naiz kanpoan ongi egokitzekoa, baina gogoa nuen herritarren aurrean urte hartan gauzak ondo zihoazela erakusteko eta performance on bat egiteko.

«Ertzaintzak isuna jarri zidan txapelketaren aurretik. Merezita»

Nolakoa izan zen egun hura?

Dezente urruti ikusten dut, baina badago anekdota bat. Zarautzen beti hondartzara oinez, patinetean edo bizikletan joaten gara. Lehiatzea tokatzen zitzaidanean etxean egoten nintzen kontzentratuta, nire musikarekin, oso zentratuta. Hondartzara iristen nintzenean, likra jarri, surf egin, eta berriro etxera joaten nintzen lasai egotera.

Aldi batean, nire bizikletan nindoan hondartzara, hiru taula beso azpian eta kaskoetan musika jarrita. Bat-batean auzokide batek gelditu egin ninduen errepidean, ezin nuelako entzun, musika neraman-eta. Gelditzeko esan zidan, eta nik pentsatu nuen «zer gertatzen da?». Atzetik Ertzaintzaren patruila kotxe bat zetorkidan, sirena jarrita. Isuna jarri zidaten txapelketan parte hartu aurretik.

Ez zuen behintzat emaitzan eragin...

Ez, ez. Umorez hartu nuen dena. Azkenean, merezita! Horrela ezin da joan! «Txapelketa daukat, joan egin behar dut!» esan nien, eta listo, isunarekin joan nintzen.

Aritz Aranburu, Zarautzen, olatu gainean. (Gari GARAIALDE / FOKU)

Senideak, lagunak, herrikideak, denak egonen ziren han, ez?

Oroitzapen denak oso onak dira. Familia bertan zen, nire amona ere bai, zeinak inoiz ez duen beste txapelketa batera bidaiatzeko aukerarik izan, nire entrenatzaile Aitor Francesena ere bai, oso lan polita egiten ari ginen, hondartzan nituen lagun guztiak... Oso energia ona sortu genuen denon artean, eta, irabazi nuenean, hori bai gogoan dut, energia leherketa bat izan zen. Herrian aurretik ez zegoen horrelako konfiantzarik, jendeak ez zuen pentsatzen herriko batek irabazi zezakeenik. Beti ziren nazioartekoak etortzen zirenak eta irabazten zutenak, baina bertako batek irabaztea urruti ikusten zen. Irabaztea niretzat garrantzitsua izan zen, eta nik uste jendeak ikusi zuela.

Asko luzatu al zen ospakizuna?

Bueno, egia da ospakizun handirik ez zela egon, hurrengo egunetan beste txapelketa batean parte hartzen nuelako. Baina ospakizun polita izan zen hondartzan sortu zen energia on hori guztia.

«Belaunaldi berriak oso-oso fuerte datoz eta horrek poz handia ematen dit, honek guztiak jarraipen bat izateak»

Euskal Herriko surfarekin beti lotu izan dugu Zarautz. Baina zer suposatu zuen garaipen hark herrian? Surf eskolan beti egonen ziren haur asko, baina gorakadarik sumatu zen?

Urte horretan lortu nuen lehen mailara sailkatzea eta munduko lehen 34etan lehiatzea ere, eta boom bat sentitu zen orduan, jende gehiago hasi zen amets egiten, hori lortzeko. Eta batez ere horretaz harro sentitzen naiz, Zarautz bezalako herri batean hori lortu izanaz. Bertatik aterata, munduko potentzia handi bat izan gabe, goraino iristea bazegoen. Eta hori izan zen esanguratsuena.

Haur horien artean egonen zen Nadia Erostarbe, mundu mailan puntan dabilen zarauztarra.

Joku Olinpikoetan egon naiz berarekin entrenatzaile bezala. Gure eskolan ari da entrenatzen eta txapelketetan asko jarraitzen dut. Balore oso onak dituen pertsona bat da, eta surflari bezala asko gustatzen zait. Hurrengo belaunaldiei ahal den guztian laguntzeko, ni beti prest.

Beraz, badago erreleboa.

Bai, beti egon da. Zarautzen eta Euskal Herri mailan. Belaunaldi berriak oso-oso fuerte datoz, eta horrek poz handia ematen dit, honek guztiak jarraipen bat izateak.