1977/2024 , 9 octobre

Artefaktua

Intsumisio Egunean, 25.000 lagun Oiartzunen

Nafarroan piztutako intsumisioaren sua gainerako herrialdeetara indarrez zabaldu zen 90eko hamarkadan. Horren adibidea da 1994an Oiartzunen ospatutako Intsumisio Eguna, 25.000 lagun bildu zituelako. Begoña Simonek 'Egin'-en idatzitako kronika berreskuratu dugu.

Armadaren parodia Oiartzungo kaleetan.
Armadaren parodia Oiartzungo kaleetan. (Oiartzungo Udala)

Etorkizuneko Artefaktu honetara ekarri dugu jada intsumisioaren mugimenduaren eztanda. Horren erreferentziazko urtea 1991 izan daiteke gehienbat, orduan desobedientzia Nafarroan bereziki barreiatu zelako, eta horren ondorioz 1993. urtean epaiketa asko burutu ziren.

Sokatiran Oiartzunen: militaristak eta antimilitaristak, aurrez aurre. (Oiartzungo Udala)

Testinguru honetan heldu zen Oiartzunen 1994ko urriaren 9an ospatutako Intsumisio Eguna, arrakasta itzela izan zuena. Biharamunean Begoña Simonek 'Egin'-en idatziko artikulua berreskuratu dugu, euskarara ekarria. Bertan, agerian gelditzen dira mugimenduaren indarra eta eragiten zuen elkartasuna:

Intsumisoek Oiartzun konkistatu dute

Begoña SIMON

«Militarrak kanpora!». Aho batez entzun da oihua, eta horrekin batera soldadu eta koronelek burumakur alde egin behar izan dute Oiartzundik. Intsumisoek herria konkistatu dute. Horren ondoren, dena ospakizuna eta festa izan da, algara, musika... Euskal Herriaren desmilitarizazioa aldarrikatzeko, 25.000 lagun inguru bildu dira.

Harro, harroputz heldu dira beren zaldien gainean, Atilaren gisara, zapaltzen duten guztia txikituz. Baina lotsatuta itzuli dira gero, begiradan garaituak izan diren keinua antzematen zitzaiela. Intsumisoak, milaka lagunen bultzadaz, militarrei nagusitu zaizkie Oiartzunen gertatutako talkan.

Parodia baino ez da izan. Hala ere, batzuek zein besteek ederki bete dute enkargatutakoa antzezpen honetan. Intsumisoen buru gisa, jende aski ezaguna: Fermin Muguruza Negu Gorriak-eko abeslaria; Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariak, Oiartzungo alkate den Jon Iñarra, bataila gogorra izanagatik ere ezpainetan pipari tinko eutsi diona. Biba eta txalo artean egin dute aurrera, eta militarrak, aldiz, beren kabuz sakabanatu dira.

«Intsumisoen buru gisa, jende aski ezaguna: Fermin Muguruza Negu Gorriak-eko abeslaria, Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariak, Oiartzungo alkate den Jon Iñarra...»

«Ez dira pasako» batera oihukatu dute milaka eta milaka lagunek... eta ez dira pasa. Horren ostean jaia hasi da, jai itzela, ospakizunarekin batera. Ibilbidea –herriko plaza, Ugaldetxo auzoa eta ikastolaren gunea lotuz– betetzen joan da, gazteak eta ez hain gazteak batuz egunak aurrera egin ahala, eta arratsaldearen erdialdean 25.000 lagun zenbatu ditu antolakuntzak.

Herri aldarrikapen ezberdinak azaldu dira bidean. Ekologistak, internazionalistak, euskararen aldeko taldeak, amnistiaren aldekoak... denek bat egin dute, desmilitarizazioa helburu. HBko eta EAko ordezkariak ere izan dira.

Iñaki Ausan Kakitzat-eko eledunak (Intsumisio Egun honen talde antolatzailea da) esan duenez, helburua talde guztiak batzea zen, aldarrikapen horren inguruan. Izan ere, «Euskal Herriak bere etorkizuna zein izango den erabakitzea pentsaezina da, militarizatuta baldin badago». Estatuak intsumisio presoak sakabanatuz eta Ordezko Zerbitzu Sozialerako (PSS, gazteleraz) plazak gehituz erronka bota du, baina «guk irmoki erantzungo diogu, PSS zein zerbitzu militarra goitik behera errefusatuz».

Guardia Zibilak jarritako oztopoak

Eguna normaltasunez joan da, baina larunbateko gauaz ezin da gauza bera esan. Makrokontzertua antolatuta zegoen Oiartzunen Intsumisio Egun honen harira, eta gazte andana bertaratu da. Hasteko ordua zela, Guardia Zibilak zenbait kontrol ezarri ditu herrira iristeko bideetan eta autoetako gazteak geldiarazi dituzte, intsumisoak ote ziren galdezka.

Antolatzaileek salatu dutenez, asteazkenetik hona, prestaketa lanak hastearekin batera hasi baitziren, kalez jantzitako guardia zibilen autoak batera eta bestera ibili dira.

Elkartasun oihua

Intsumiso izateagatik edo autoinkulpazioa egiteagatik inhabilitatuta dauden alkate eta zinegotziei beren elkartasuna adierazteko, bestalde, hamaika alkate bildu dira Oiartzungo Udaletxean.

Oiartzun, Bermeo, Arrasate, Villabona, Bargota, Dima, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Lezo, Usurbil eta Pasaiako alkateek intsumisioarekiko konpromisoa publiko egin dute. Jon Iñarra oiartzuarrak hala adierazi du balkoitik: «Intsumisio mugimendua gehiegi zabal ez dadin errepresio maila batzuk hartu dira eta gizartean sor daitekeen erantzuna biguntzen saiatu dira. Horrela, Estatuak intsumisioaren arazoa epaitegi arazo bihurtu du».

Udal intsumisoek diotenez, horren guztiaren ondorioz mugimenduak momentu berri bat bizi duela uste dute; hau da, «Estatuaren ofentsibari erantzun berriak emateko garaia da».

Agiriaren laugarren puntuan euskal gazteek soldaduskari uko egiteko duten eskubidea aldarrikatzen dute eta instituzioek babesa eskaintzen diete.