1977/2024 , 12 octobre

Amaia U. Lasagabaster
Entrevue
Igor Astarloa
Txirrindularitza Munduko Txapelduna 2003an

«Beti esaten dut bigarren mailako izarra izan naizela, ez txapelduna»

Igor Astarloak Munduko Txapelketa irabazi zuen 2003an, urrezko domina lortzen zuen bigarren euskal txirrindularia bilakatuz. «Pribilegiatua» sentitzen da ermuarra, Italian ia osorik egin zuen ibilbide gorabeheratsua errepasatzean.

Igor Astarloa, 21 urte geroago, Mutrikun.
Igor Astarloa, 21 urte geroago, Mutrikun. (Gorka Rubio | Foku)

Simone du semea, Giro txakurra, etxe bat dauka Italian… Mutrikun bizi da eta Ermuan, jaioterrian, du ogibidea, baina odol azzurro-a omen dario zainetatik. Eta ez da harritzekoa, bertan emandako urteez gain, Italian topatu baitzituen etxean ukatu zitzaizkion aukerak. Ez zituen alferrik galdu eta historiako arrakasta handienetarikoa eman zion euskal txirrindularitzari: Igor Astarloak Munduko Txapelketa irabazi zuen 2003ko urriaren 12an, Kanadako Hamilton hirian.


Bi hamarkada luze pasatu dira dagoeneko, baina horrelako une bat ezin da ahaztu.

Egia esateko, oroitzapen politagoak ditut orain, denbora pasatzen joan den heinean, hurrengo egunetan gogoratzen nuena baino. Une haietan ia ez zara kontziente, gainera helmugara heldu eta bakarrik hiru lagun nituen han, gero hurrengo egunean New Yorkera joan nintzen, handik Italiara korritzera, elkarrizketak nituen etengabe… Ia esertzeko denborarik ere ez, eta are gutxiago pentsatzeko.

Ziur nago egun horrekin amets egin zenuela txikitatik, baina seguruenik ez zenuen espero haraino eraman zintuen bidea horrelakoa izango zenik. Afizionatu mailan Italian korritzea ez zen ohikoena.

Aurten hil den Anton Ormaetxeak eraman ninduen, oso pertsona handia zen, txirrindularitzarekin maiteminduta zegoen eta beti laguntzen zuen, ezerezaren truke. Oso ondo nenbilen, denboraldi hartan Munduko Txapelketan ere korritu nuen eta profesionaletara pasatuko nintzela pentsatzen nuen. Euskaltel zegoen hemen, Banesto, Kelme, Vitalicio… Baina ezer ez.

«Aurten hil den Anton Ormaetxeak eraman ninduen Italiara, oso pertsona handia zen. Eta dena berak ordainduta, eh!»

Eta egun batean Italiara joan ginen, Anton etorri zen nire bila goizeko 5etan, eta hegazkina hartu genuen, dena berak ordainduta, eh! Joan ginen Milanera, Bruno Lealirekin egon ginen, taldeko entrenamendua ikusi genuen eta etxera itzuli ginen. Eta otsailean bertara joan nintzen. Ez da ulertzen erraza, egia esan.

Mingarria egiten zaizu oraindik.

Ez dakit minduta nengoen… Harrituta, amorratuta agian… Pentsatzen nuen, «dena ematen ari naiz bizikletan ibiltzeko eta badakit ona naizela. Zergatik ez naute hartzen?». Afizionatuen Munduko Txapelketa korritu ondoren, Sabino Angoitiak [Baque taldeko zuzendariak] esan zidan: «azken lasterketara arte borrokatuko dugu». Eta Montjuiceko Igoerara joan ginen. Egutegiko azken lasterketa zen, bezperan Lombardian korritzen zen eta hurrengo egunean bertara joango ziren zuzendariak. Bada, joan ginen eta irabazi nuen, eta gero denekin egon ginen, aurrez aurre. Manolo Saiz, Echavarri, Minguez… Nirekin hitz egin zuen bakarra, eta eskertzen diot, Alvaro Pino izan zen. Ezetz esateko, baina gutxienez erantzun zidan. Ez zegoen aukerarik, hemengo taldean ere ez. Euskaltelen eta Baqueren arteko harremana ez zen ona, egia esateko, eta pena handia daukat talentu handiko jendea zegoelako Baquen; Iker Zabaleta, Idoiaga, Igor Miner batez ere...

Erabakiak ondorio onak izan zituen. Afizionatuetan urtebete egin eta profesionaletara pasatu zinen Pantaniren Mercatone Unorekin.

Lago Di Gardan bizi nintzen, Zanni familiaren etxean –anaiak bezala lo egin genuen hainbat urtetan Paolok eta biok logela batean!–, eta Mercatoneko Marco Velo eta Enrico Zainarekin entrenatzen nuen. Martino [Giuseppe Martinelli, Mercatoneko zuzendaria] etorri zen karrera batzuk ikustera, eta hurrengo urtean eurekin fitxatu nuen profesionaletara pasatzeko.

Eta handik bi urtetara, Saecora. Oso talde indartsua zen.

Martinelli joan zen, eta ni berarekin batera. Oso talde potentea egin zuten. Simoni, Di Luca, Celestino, Comesso. Oso giro ona zegoen, gauzak ondo irten ziren, taldekide guztiak ondo ibili ziren… Mercatonen ere gustura ibili nintzen, baina Saeco izan da nire talde gustukoena.

Mercatonerekin bi urtetan bi garaipen baino ez zenituen lortu, baina Martinellik argi zeukan bere taldean nahi zintuela. Garaipena ez da unitate-neurri bakarra.

Profesionaletara pasatzean, jauzia nabaritu nuen. Erritmoa, kilometroak… Baina bigarren urtean oso ondo ibili nintzen. Lizarran irabazteko ibili nintzen, gero Euskal Herriko Itzulian hiru etapatan bigarren, lider izan nintzen, Zornotzan irabazi nuen, gero Amstelen eta Liejan aurrean amaitu nuen… Eta Saecon hobeto ibili nintzen, nahiz eta lehen urtean han ere garaipen bakarra lortu. Bigarrena izan nintzen Donostian eta Hanburgon, Jalaberten eta Museewen atzetik, Munduko Txapelketara eraman ninduten… Emaitza onak lortzen hasi nintzen maila altuagoko karreretan. Munduko Kopan laugarren amaitu nuen. Lombardiara Kopa irabazteko aukerekin heldu nintzen; lasterketa irabazi behar nuen eta Bettinik ez zuen punturik lortu behar. Eta une batean hori zen egoera, baina gero txakalaldi bat izan nuen eta akabo. Bettinik irabazi zuen Munduko Kopa.

Ez zen nolanahiko aurkaria.

Egun bateko karreretan onena izan zen. X jartzen bazuen lasterketa batean… Karrerak beti dira gogorrak eta beti daude aurkari gogorrak.

«Tourrean ez dut inoiz korritu. Bugnok beti esaten dit ez naizela txirrindularia»

Hamiltoneko Munduko Txapelketan, aldiz, atzean utzi zenuen Bettini… eta beste guztiak.

2003a oso ona izan zen orokorrean. Bigarren urtea zen Saecon eta hasieratik irten ziren ondo gauzak. Nire planifikazioa beti zen urte hasieratik udaberriko klasikoetara joatea, eta gero Girora, laguntzera, ondoren gelditu eta berriro urteko azken aldiari ekiteko. Tourrean, adibidez, ez dut inoiz korritu, Bugnok beti esaten dit ez naizela txirrindularia. Urte horretan hasieratik ibili nintzen ondo. Valentzian etapa bat irabazi nuen, Tirrenon ere oso ondo aritu nintzen, Amstelen ere bai, eta Fleche Valone irabazi nuen, ordura arte lortu nuen garaipenik garrantzitsuena. Horrek guztiak konfiantza asko eman zidan eta ziur nago Munduko Txapelketan lagundu zidala, buruak garrantzi handia duelako.

Denboraldi ona izanagatik, irteeran ez zeunden faborito nagusien artean.

Baina oso ondo sentitzen nintzen. Begira, inoiz ez dut postal bat idatzi, baina orduan bat bidali nion Aitor Galdosi, irabaziko nuela esanez. Intuizioa-edo. Egia da ibilbidea oso ona zela niretzat, eta gainera, oso eguraldi ona zegoen goizean, 8-9 gradu, udazkeneko egun ederra, ihintza, freskura handia… Bezperan, Paco Antequerak [Espainiako hautatzaileak] esan zigun denok elkarrekin helduz gero Freire zela gure aukera, bestela Valverde eta ni; bizpahiru buelten faltan erasoak hasten baziren bertan egon behar nintzela esan zidan.

Kontrola Italiarekin batera eraman genuen eta bi buelten faltan erasoak hasi ziren. Betikoak, Camenzind, Van Petegem, Boogerd… Eta ni. Aurrera egin nuen, eta amaitu arte. Ia ez daukat oroitzapenik ere, oso-oso kontzentratuta nindoalako, arnasarekin, pedaleoarekin, gora begira ia noiz amaitzen zen aldapa… Eta horrela, helmugara heldu arte.


Eta gero zer?

Ba gero New Yorkera joan nintzen eguna pasatzera Joseba Nuñez masajistarekin. Eta hurrengo egunean Lombardiara. Telefonoa piztu nuenean ez dakit zenbat dei eta mezu nituen. Arraroa zen, badaude txirrindulariak ohituta daudenak gaztetatik, asko irabazi dutelako, eta niri ere egiten zizkidaten elkarrizketak, baina bigarren orrikoak. Ez nintzen super izar bat, eta bat-batean…

Ez da gutxiagorako. Munduko Txapelketa ez du edozeinek irabazten.

Egia da. Irabazi dezakezu klasiko handi bat, Olinpiada ere sekulakoa da, baina Munduko Txapelketa beste gauza bat da. Gainera, urte osoa igarotzen duzu maillotarekin, entrenatzen, karreretan… Eta horregatik ere pozten naiz Italiara joan izanaz. Agian hemen ez ninduten kontuan hartuko klasikoetarako, baina Martinok klasikoetarako txirrindulari bat bezala ikusi ninduen beti, oso ondo eraman ninduen, eta azkenean, begira, patua izango zen agian.

Patua, topikoari jarraituz, zorigaiztokoa izaten omen da munduko txapeldunarentzat. Zure kasuan bete zen.

Cofidisera joan nintzen, Munduko Txapelketa irabazi aurretik adostutako akordioari jarraituz. Oso talde ona zen. Flandesen korritu nuen, gogo handia nuela, eta bat-batean, masajista bat harrapatu zuten ez dakit zerekin eta taldea gelditu egin zen. Eta esan zuten ez zekitela berriro martxan jarriko ote zen. Gutxienez, irteten utzi zidaten eta Lamprera joan nintzen, baina denboraldia dagoeneko okertuta neukan.

Zure karreraren bigarren zatian sartu zinen hor. Espektatibei ez zeniela espero zen erantzuna eman esango nuke.

Beti pentsatu dut Saecon jarraitu izan banu nire emaitzak askoz hobeak izango zirela. Italiar mentalitateagatik, nola zaintzen gintuzten, nola korritzen zen... Egia da lasterketa gutxi irabazi ditudala, beti esan dut bigarren mailako izarra izan naizela, ez txapelduna. Munduko txapelduna zarenean eta esaten duzunean «hamaika lasterketa bakarrik irabazi ditut»… ostia; munduko txapeldun batek normalean 50 lasterketa irabazi ditu. Baina hainbesteko aldea dago irabaztearen eta ez irabaztearen artean… Beti esaten dut azkarra izan naizela, baina ez Freire bezain azkarra. Nik ezin izan dut 11 piñoia mugitu, ez nuen hori mugitzeko indarrik. Eta horrek markatzen du irabaztetik ez irabaztera dagoen aldea.



Azken txanpako alde txarrenak, hala ere, ez du zerikusirik emaitzekin. Milramen kaleratzea, pasaporte biologikoarekin arazoa, zigorra… Ez zen itxiera onena izan.

Oso inpotentea sentitzen zara, horrelako egoera batean ez dakizulako nola borrokatu ere. Nik ez dut inoiz positiborik eman. Izan ere, Lausanara joan nintzen, TADera, eta bezperan Milram etorri zitzaidan dirutza bat eskainiz. Une horretan pentsatu nuen: «mina egina dago, dirua hartuko dut eta pikutara». Oso frustragarria da, nik badakidalako errugabea naizela, baina nire izena zikinduta geratu da. Ez nuen inoiz kale egin kontroletan, ez nuen inoiz positiborik eman… Zigorraren ondoren, ebazpen batek absolbitu egin ninduen eta UCIk ez zuen errekurtsorik aurkeztu ere egin. Baina ordurako erretiratuta nengoen. Gogorra izan zen, nazkatuta, erreta nengoen. Eta kaltea konponezina da.

«Garaipen bakoitzak konpentsatzen du bizi izandako une txar bakoitza, pribilegiatua sentitzen naiz»

Agur hori, garaipenak, hasiera konplikatuak, esperientziak… Atzera begiratu eta hori guztia ikustean, zerbait aldatuko zenuke?

Ezer ez. Agian Italiara lehenago joango nintzateke, esperientzia itzela izan zelako eta egun han familia bat daukadalako, nire bigarren etxea da. Eta hemen ez bezala, han gogoan naute gauza askotarako; Girorako, azken urteotan Giro-En parte hartzeko... Ez nuke ezer aldatuko. Une onak eta txarrak hartuta, ez naiz ez kexatzen ez damutzen. Nire ametsa bete nuen, ziklista profesionala izan naiz eta Munduko Txapelketa irabazi dut. Garaipen bakoitzak konpentsatzen du bizi izandako une txar bakoitza, miseriak, sakrifizioak, konstantzia… Eta ez nituzke inola ere aldatuko bizi ahal izan ditudan esperientziak. Pribilegiatua sentitzen naiz.