1977/2024 , 15 octobre

Mikel Etxaburu
Donostia
Entrevue
Mikel Markez
Kantautorea

Kantuan hasi berri den Mikel Markezi elkarrizketa: «Bizitzaren motorra maitasuna da»

Euskal kantagintza erromantikoaren sinboloetako bat da Mikel Markez, belaunaldi oso batek abestu zuen «Zure begiek» kantuaren egilea. 1993an 'Gaztegin'-en egindako elkarrizketa bat berreskuratuko dugu jarraian, errenteriarra hasi berria zenekoa.

Mikel Markez gaztea, musikan hasi berria, 'Gaztegin'-en egindako elkarrizketako argazkian.
Mikel Markez gaztea, musikan hasi berria, 'Gaztegin'-en egindako elkarrizketako argazkian. (Andoni Canellada)

Donostiako taberna kaxkar batean Mikel Markez abeslariak bere sekretuak kontatu dizkigu. Nor aurkituko ote nuen abiatu nintzen harantz, eta norekin topo egingo eta, esaten duen bezala, «kantatzen duen gazte batekin».

Taberna lasai bat behar genuen gure elkarrizketa pribatuari hasiera emateko. Baita aurkitu ere. Hantxe genuen muturren aurrean. Zintzilikaturik zeuden hainbat urdaiazpikoren –«pata negra»– azpian grabagailua lasai asko paratzeko leku aproposa zegoen. Eta besterik gabe elkarrizketari ekin genion.

Nor da Mikel Markez?

Hogeita bat urteko gazte oreretarra da, zeina musikan duela lauren bat urte hasi zen erdi brometan. Baina jendea berak egiten zuena serio hartzen hasi zenean izutu egin zen eta, dirudienez, gero eta serioagora joan da kontua, eta orain badirudi kantaria dela. Baina, bueno, kantaria izateaz gain, beste gauza asko da Mikel Markez: maitalea, parranderoa, laguna... hitz batean esanda, gaztea. Beste edozein gaztek daukan bizitza berdina daukana. Desberdintasun bakarra zera da, Mikel Markezek kantatu egiten duela. Ezin daiteke esan honek ez duela baldintzatzen, baina ahalik eta gutxien baldintza diezaion ahalegintzen da bera.

Modan omen zaude...

Hasieran horrelako gauzen kontra errebelatu egiten nintzen, modan nengoela-eta esaten zidatenean, baina onartu egin beharko da pixka bat ezaguna banaizela, zenbait ingurutan bai behintzat, eta baita jende gazteari nik egiten dudan paranoia hau gustatu egiten zaiola ere. Gero, moda kontu hori ez da oso serio hartzeko gauza. Nomadak, normalean, modak direnez, ba kontzeptualki denboratu egiten dira, eta orduan, bada, ez zaio beste munduko garrantzirik eman behar honi.

Abestietan dirudizun mutil eztitsua al zara?

Bueno, alde batetik izango naiz, baina onartu beharra daukat kantetan agertzen dena baino dexente punky-agoa naizela, zenbait zentzutan bederen. Nik musika mailan egiten dudan gehiena estetika kontua da, ezta? Estetika hori ateratzen da batez ere eta, beraz, ez diot interpretazio sakonagorik bilatu nahi. Zentzu batzuetan nire izaeraren isla izango da, noski, baina ni hori eta beste gauza asko naiz.

«Onartu beharra daukat kantetan agertzen dena baino dexente punky-agoa naizela»

Bizitzaren eta biolontxeloaren melodia tristeak konpara ote genitzake?

Alde batetik, esan eta onartu beharra dago kantu tristeak egitea kantu alaiak egitea baino errazagoa dela, edo niri, behintzat, errazagoa iruditzen zaidala. Alegia, jendea gauza tristeekin hunkitu egiten da eta gauza alaiekin ez hainbeste. Gauza alaiak kontatzen dizkigutenean ez dugu tristeekin besteko zirrararik sentitzen geure barrenean. Nik uste dut, alde batetik, bihotzarekin egiten dudan heinean, askoz ere errazagoa zaidala kantu tristeak egitea alaiak egitea baino. Egia esan, saiatu ere saiatu izan naiz kantu alaiak egiten eta egin ere egin izan ditut, baina bai, nire estetika nahiko tristea da.

Zure kantuetako letren ardatzak maitasuna eta aberria dira...

Ez dakit, bizitzaren gurpil honetako motorra, nire ustez, maitasuna da, amodioa. Horrek egiten gaitu handi, txiki, zoriontsu, den-dena maitasunaren inguruan antolatzen dugula uste dugu. Azken hau hitzaren beraren interpretazio bat baino ez da, eta ni neu ere maitasun horren inguruan antolatzen saiatzen naiz. Baina, noski, maitasuna gauza askori dago lotuta. Alde batetik, sexuaren inguruan uler genezake maitasun horren atal bat ere existitzen dela, ezta? Leku erdaldun batera joaten bagara eta han norbaiten ahotik euskara entzuten badugu, horrek nolabaiteko zirrara sorrarazten du gure barnean eta hori gure hizkuntza maite dugulako gertatzen da, berarekin erabat identifikatuta gaudelako, baita honek suposatzen duen ingurunearekin, izateko era batekin eta guztiarekin ere. Hori berori lurrari eransten badiogu, gure arbasoak bizi izan diren lurrari eta gure bizitza antolatu eta sortu dugun lur horri atxikitzen bagatzaizkio, askoz ere politago bihurtzen da. Maitasunak zentzuz betetzen ditu kontzeptu horiek.

«Zure begiek mintzen naute». Egia al da?

Bai, hori une eta istorio konkretu batekin sentitu nuen zerbait izan zen. Nik orduan hamasei urte inguru izango nituen eta neska batekin guztiz txoratuta nengoen. Bai, hori zen sentitzen nuena: ikusten nuenean eta begiratzen zidanean, bere begiek mindu egiten ninduten. Ez nekien nola jokatu, abestian errepikatzen dena, hain zuzen ere. Une bateko oso sentimendu fuerte bat izan zen hura.

«Euskaldun berrien» idoloa al zara?

Hara! Gauza asko entzun izan ditut, baina lehenengo aldia da hori entzuten dudana. Ama! Agian nik AEK-rekin betidanik oso erlazio sakona izan dudalako izango da, irakasle lagun asko ditudalako. AEK-ren kolaboratzaile izan naiz, eta bueno, gaur egun bizi naizen pisuan bertan ere AEK-ko beste bi irakasle bizi dira nirekin. Alde horretatik, oso erlazio estua eta freskoa izan dut. Nire bizitzako parte bat izan da. Eta noski, hau horrela izanik, alde horretatik AEK-k ere erabili egin du Mikel Markez, beste norbaitena ipini beharrean bere musika ipiniz eta abar. Euskaldun berri baten prozesuan euskararekiko maitasunak izugarrizko papera jokatzen duela argi dago, eta ildo horretan, euskal kulturan aspalditik kokatua ez dagoen baten kantaldi bat sartzen badiezu, beraiek daramaten ikasketa prozesu horretan hau idolatratzeko arriskua izaten da, normala da, baina, noski, idolatratzearen asunto hori kakotx artean jarrita.

«Amodioa da bizitzaren motorra. Horrek egiten gaitu handi, txiki, zoriontsu... Den-dena maitasunaren inguruan antolatzen dugula uste dut»

Bi hitzetan, hauei buruzko gogoetak: Benito...

Asko gustatzen zait bere musika. Bera ezagutzeko aukera izan dut eta oso tipo sakona dela iruditzen zait. Behin baino gehiagotan hitz egin dut berarekin eta inoiz ez du txorakeriarik esan.

Imanol...

Ez dut pertsonalki ezagutzen, ez dut sekula santan berarekin topo egin.

Luis Llach...

Estetika katalan konkretu batekin identifikatzen dut. Agian hemen 'Ez dok amairu' izan zenaren estetika berarekin, baina katalanen alde.

Silvio...

Orain dela gutxi ezagutu dut, Bilbon eman zuen kontzertuan, hain zuzen ere. Berak emandako prentsaurrekora joatea tokatu zitzaidan eta, bera han zegoela aprobetxatuz, nire disko bat eraman nuen. Oso tipo hurbila iruditu zitzaidan. Jendeagandik ihes egiten ez duen horietakoa dela uste dut.

Corcuera...

Ahozabal bat; erdaraz «bocazas». Ez daukat, ez, Corcuera bezalako pertsonez sekulako astakeriak esateko inolako problemarik.

Moustaki...

Ez dut gehiegi ezagutzen bere musika. Agian bere kantu ezagunenak baino ez, baina bai berak bai Paco Ibañezek-eta esaten duten bezala, denboraz gaindi dauden kantariak direla iruditzen zait.

Eta Arzalluz...

Arzalluz jauna... Bera den bezain azeria izan nahi nuke beraz hitz egiteko. Hasteko, ni ezkertiarra kontsideratzen naiz eta bera eskuindarra da, nahiz eta biok abertzaleak garen. Oso tipo inteligentea iruditzen zait, baina desberdintzen gaituen leize bat dago eta leize hori lehen aipatu dudana da, bera eskuindarra dela eta ni ezkertiarra.

«Lanbide honetan ere oreka mantentzea oso zaila da, beti dituzu noraezak»

Existitzen al da musikarik, eta, baietz uste baduzu, zein da zure inspirazio iturria?

Bizitza, kalea, edozein mobida. Ez dago horrelako musikarik. Bueno, une konkretu batzuetan bai; bizi duzun egoerari atxikita egiten duzun kantu bat edo ez dakit zein neskari begira egiten duzun beste kantu bat edo... Ez dut nik inspiraziorako musa konkreturik. Bestalde, Euskal Herrian bizitza bera nahikoa musa dela iruditzen zait, ez da hala?

Igandero mezatan abesten zuten horietakoa dirudizu.

Ez zabiltza oso oker. Nik heziketa katoliko kristaua izan nuen. Hamalau urte bete arte elizara joaten nintzen, honen guztiaren kontra errebelatu eta hegalean utzi nuen arte, alegia. Baina bai, elizan kantatzen aritu nintzen bi urtez edo. Begi ona daukazu!

Zure herrian profeta?

Ez, bueno, kantatzen hasi nintzenetik lehen baino hobeto ikusten nauen jende kopuru bat bada, baina profeta inondik ere ez.

Gaztetxeetatik deitzen al zaituzte?

Baaaai! Gero eta gehiago. Nire kantaldietara Negu Gorriak, Su Ta Gar eta beste hainbat talderen kamisetak jantzita nire kantuak dakizkiten gazte asko etortzen da. Nik kantatzerakoan beraiek ahoa mugitzen ikusten ditut, eta kontxo! Orain hamar urte hau ez zela gertatzen uste dut. Kortatu gustatzen zitzaion beti ez baitzitzaion beste motako musikarik gustatzen, orokorrean behintzat. Gaur egun hori puskatu egin da eta ni lasai-lasai gaztetxe batera joan eta han errespetu osoz entzuna izaten naiz. Eta noski, ni oso gustura honela. Gaztetxeetako estetika ez da taldearekin joateko estetika, ez da fondoak txukun izan eta hemen saxoaren bakarkako bat eta horrelakoak egitekoa. Ekitaldi intimista bat egiteko baino gehiago gauza 'kañeroago' bat egiteko lekua da gaztetxea. Orduan, bada, inongo problemarik gabe nire gitarrarekin joaten naiz gaztetxeetara eta horrela egiten dut saioa.

Horren beharrean bazina, okupatuko al zenuke etxe bat?

Duda txintirik gabe! Niri orain kantatzeak ematen didan diru apurrarekin alokairuko etxe batean bizi naiz eta ez nuke inolako arazorik izango etxe bat okupatzeko horren beharrean izango banintz.

Mikel Markez. (Andoni Canellada)
Mikel Markez. (Andoni Canellada)

Disko bakarra eta arrakasta...

Nik uste nuena eta diskoetxeak berak uste zuena baino hobeto joan dela esan behar dut. Dexente saldu da. Ezusteko bat izan da, eta urtarril-otsail aldean berriro ere estudioetan sartzea pentsatzen hasi naiz.

Maila altua ipini al duzu zure lehen diskoan?

Ez, ez diot nik horrelako helbururik jartzen neure buruari. Nik autore kantak egiten ditut eta, beraz, ez dut inongo kezkarik horrelako kontuekin, ez dut estetika konkretu bat jarraitu behar, nire gorputzak eskatzen didanaz aparte. Lehen modaz hitz egin dugu eta ez nau batere kezkatzen modak. Badakit ditxosozko mundu honek buelta asko ematen dituela, eta egingo dudanak ez badu arrakasta handiegirik lortzen ere ez naiz kezkatuko. Noski, ahal den ondoen egiten saiatzen zara, musikoekin gauzak txukun egiten, baina ez, ez nau horrek gehiegi kezkatzen. Askoz ere freskoagoa eta naturalagoa ateratzen da horrela, eta gainera ez zaude zeure burua saltzera behartuta. Diruak ezin gaitu prostituitu.

Musika mota honetan faltan zen txoko bat bete duzula uste al duzu?

Musika erosten duen jende gehiena gazte jendea da eta hor zehar dabiltza Zaldibobo bezalako taldeak. Hauek oso onak dira, izugarrizko kalitatea dute, baina egiten duten musika beraiek bostak izan beharrean bost gaztek egingo balute, «la ostia» salduko lukete, gazteak direlako, hain zuzen ere. Nire ustez, gazte bat askoz gehiago identifikatzen da beste gazte bat eszenatoki gainean ikusita, berrogei urteko jendea ikusita baino. Benito eta abarrek lantzen duten estetika bera lantzen dudanik ez dut esango, baina bai konexio puntu dexente ditudala egiten dutenarekin, eta alde horretatik bai, gazteriak gazte bat musika mota hori egiten ikusi du eta pixka bat jarraitu egin dut.

Batzuek zurekiko laudorio eta goraipamenezko hitzak baino ez dituzte esaten.

Bai, bueno, jendeak kritikak egiten dituenean kritika hauek onegiak badira ez duzula gehiegi ikasten uste dut. Norbaitek esaten badizu «el puto amo» zarela, izugarri gustatzen zaiola egiten duzuna eta dena oso ondo, ba oso ondo, zure egoa puzten dute, gero ego horrek arazoak ematen dizkizu eta horretan gelditzen da dena, hutsean. Norbaitek arrazoituriko kritika zorrotza egiten badizu, orduan bai, buruari bueltak ematen dizkiozu eta estankatu beharrean hobeto egiten saiatzen zara.

Beste batzuk «enpalagoso» samarra zarela diote...

Nik edonorekin parrandan topo egitean maiz esaten didate «Mikel Plomez!», Me parto el culo, goazen pote bat hartzera, txo! Ez zaizula gustatzen egiten dudana? Eta zer gustatzen zaizu, Negu Gorriak? Ba niri ere bai, goazen hortik zehar biok batera. Bueno, ehuneko laurogeita hamarrak esango balit pelma bat naizela, orduan, etxean geratuko nintzateke, baina iritziak konpentsatuak dauden bitartean, eskertu egiten da. Dena ondo dagoela baino ez badizute esaten, errealitatearen zentzua gal zenezake, eta hori ez da batere ona.

Noraezean dabilen urontzi bat al zara?

Zentzu askotan bai, oso zaila da guztiz orekatutako pertsona zarela esatea. Beti dituzu noraezak. Lanbide honetan ere oreka mantentzea oso zaila da, galdetzea benetan zertan ari naizen, hau eta bestea... Baina bueno, bestalde, bizitzak zoriontsu izateko osagai asko ematen dizkidala uste dut. Bai, noraeza beti egoten da, ni neu behintzat ez naiz denetatik bueltan dagoen tipo heldu bat, bizitzan egundoko segurtasuna duen mutil bat. Nik ere pila bat paranoia eta segurtasun falta ditut, eta noski, noraezean dabilen ontzi bat naiz zentzu askotan.