1977/2024 , 4 novembre

Joxean Agirre

'Basarri'-ren posibilismoa

Orain 25 urte hil zen Iñaki Eizmendi 'Basarri' bertsolaria (Errezil, 1913ko azaroaren 27a-Zarautz, 1999ko azaroaren 4a). 22 urterekin jantzi zuen Euskal Herri mailako lehen txapela, eta gerra aurretik hasi zen bertsolaritza egiteko berrietara egokitzen. Gerra ondoan, kronikari gisa ere lan izugarria egin zuen eta frankismoan «ur zikinetan igeri egitea» egokitu zitzaion, Joxean Agirre kazetari eta idazleak artikulu honetan aipatzen duenez.

'Basarri', 1966ko maiatzaren 22an, Usurbilen 'Udarregi'-ri egin zitzaion omenaldian.
'Basarri', 1966ko maiatzaren 22an, Usurbilen 'Udarregi'-ri egin zitzaion omenaldian. (Arturo DELGADO | CC BY-NC 4.0 2015 I KUTXATEKA )

Zazpi urte eman zituen Iñaki Eizmendi 'Basarri'-k erbestean eta zigorpean gerra bukatu ondoren, eta 1942an itzuli zelarik, hor hasi zela iruditu izan zait beti txapeldunaren biografiako etaparik zailenetako bat.

29 urte bakarrik zituen, baina 1935ean, 21 urterekin, irabazia zuen Euskal Herriko txapela. Lan behartuetan edo saiatuetan Aritxulegiko errepidea egiten ari zela idatzi zituen «Nork egin du gure galde» hasten diren bertso harrigarriak. Bizi baldintzak ez ziren gozoak izango, baina gaztetasunari egindako gorazarrea dirudite bertso horiek. «Nork egin du gure galde/ Aiako Arritan gaude/ baña beti bezin trebe.../ lanean gogor aritzen gera soldatarik jaso gabe/ berreun nagusi badaude/ gure artaldean jabe... guk umore ona alare!», dio lehen bertsoak.

«Otzaldi eta goseak/ ta barau egun luzeak/ guk baditugu paseak:/ gorputzari on egiten nunbait gailur ontako aizeak/ nola baigeran gazteak/ sano dauzkagu esteak/ ez egon arren beteak», bigarrenak. Euforia puntu bat darie.

Hogeita bederatzi urterekin itzuli zen, beraz, eta aurkitu zuen gizartea kontu handiz ibiltzekoa zen. Antxoka Agirrek bere doktore tesian ('Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua') kontatzen duenez, 1945ean egin zen gerraosteko lehen jaialdi handia Tolosan, Juan Atxukarrok antolatuta.

Kronika horren berri eman zuen 'La Voz de España'-n Juan de Hernani goitizeneko kazetari batek. Ez zen edozein. Falangekoa zen (Juan Rodriguez Ramos zen bere izena) eta Condor Legioak Gernika bonbardatu eta berehala «¡Que lo sepa todo el mundo!: barbarie marxista en Guernica» lana argitaratu zuen 'Estampa' aldizkarian, nazioartean oihartzun handia izan zuen erreportajea.

Tolosako jaialdiaz idatzi zuen kronikan kontatzen du Juan de Hernanik bazkaritara bildu zirela bertsolariak eta txapeldunak, 'Basarri'-k, berari ere bertso bat eskaini ziola: «Hainbeste letra eder egin du eta ez al zaigu komeni/ txalotu zazue denok gaur Juan de Hernani».

'Basarri'-k bazekien kazetariaren ideologiaren berri. Berak ere idatzia zuen Gernikako 'txikiketa'-ri  buruzko sorta bat, «bertsoz nork esan bonba txar aien indar gaiztozko danbarra/ etzuten behintzat osorik utzi bizileku bat bakarra», idatzi zuen 37an.

'Basarri'-ren irudi bat ezagutzen dugu ondoen: Tolosako jaialdian bigarren gelditu zen 'Uztapide' lagun hartu eta hogeitaka urte eman zituen herriz herri, ordu txarretan askotan, bertsolaritza galtzear zegoen lekuetan behin eta berriz kantatuz.

Erregimenak euskaraz toleratzen zuen ia jardun bakarra zen bertsolaritza, eta horretan saiatu ziren nekatu gabe, bata jantziagoa eta kultuagoa, ahozkotik gehiago zuena 'Uztapide', lehenak irekitzen zuen bidea, erabakitzen zuen zeri eta nola kantatu, eta askotan umoretik jarraitzen zion zestoarrak.

Donostiako 'La Voz de España'-n 1946an hasi zen 'Basarri' «Mi atalaya montañera» idazten, eta prentsa idatzian eta irratian ibilbide luzea egin zuen. Euskal giroko jaiak, herri kirolak, bertso jaialdiak jorratzen zituen. Nola zekien zer gai eta nola jorratu?

Beti pentsatu izan dut libre zituen arratsetan Zarauzko Galeperra elkartean herriko ezagunekin eta udaldia herrian ematera etortzen ziren erregimenaren aldeko zenbait jauntxorekin bilduko zela. Hala agertzen da garaiko argazkietan.

Badirudi Pedro Rocamora zentsorea ere taldean izaten zela eta berari esker lortu zuela, esate baterako, Zarauzko Itxaropenak Kulixka Sorta ateratzen jarraitzea.

Gazteak ginenean 'Basarri'-ren posibilismo horri kiratsa hartzen genion. Gaur barkaberago jarrita gaude eta ur zikinetan igeri egitea egokitu zitzaiola iruditzen zaigu.