1977/2024 , 5 novembre

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Izen eta abizendun sortzaileak

2022ko azaroaren 5ean, «Bertso ahizpatasuna ez da kasualitatea» irakurri genuen GAUR 8 gehigarrian. Irunen, egun berean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio historikoa jokatu zen: oholtzan, lehen aldiz, bost emakume eta gizon bat. Olatu baten aparraldiaren adierazle, Amagoia Mujika Telleriaren ustetan.

Bost makume eta gizon bat oholtzan. Irudi historikoa, Irunen 2022ko azaroaren 5ean.
Bost makume eta gizon bat oholtzan. Irudi historikoa, Irunen 2022ko azaroaren 5ean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2022ko Txapelketa Nagusian, Irungo finalaurrekoa 'historikoa' izan zen, hitz horrek dauzkan tontor eta zulo guztiekin. Txapelketa Nagusian lehen aldiz, bost emakume eta gizon bat igo ziren oholtzara finalaurreko hartan. Egoera hain ezohiko eta historikotzat jotze hutsak erakusten du emakumeek bertsolaritzaren errepidean egin duten bidea ez dela laua eta leuna izan. 'Ohikoak' gizonek bakarrik edo bost gizonek eta emakume batek osatutako saioak omen.

Irungoa bazetorren olatu baten aparraldia izan zen, urte luzetan egindako ahaleginaren emaitza distiratsua. Distira matea, hala ere, bertan goxo geratzea ez baita aukera bat.

Arantzazu Loidi bertsotan hasi zenean, komentarioak entzun behar izan zituen, «ez naiz erraz ohituko emakume ahots bat entzutera» eta horrelakoak. Amaia Agirreri bere ibilbidearen hasiera hartan nabarmentzen zitzaion «bi potrorekin» kantatzen zuela. «Niri nabarmentzen zitzaizkidan zenbait ezaugarri, maskulinitatearekin, arrankearekin, ausardiarekin, lotura zeukatenak, gerora gutxietsi egin zaizkit. Eta horrekin pertsonalki gaizki pasatu nuen. Gero, bat-batean, irauli bezala egin ziren ontzat eta edertzat jotzen ziren faktore asko. Gehiegizkotzat jotzen hasi ziren nire gordintasuna eta esateko modua». Emakumeak beti izaten ditu lanak garaian garaiko jendartearen begietara neurritsua izaten.

Bertsogintzaren belarria ohitzen joan zen Loidiren ahotsera. Bertsogintzaren begiak baimendu zuen Agirreren pausajea oholtzan. Ahotsak eta gorputzak gauza bat dira, baina «emakumeen gaiena», hori beste koska bat da. «Garai batean gure gorputzarekin lotutako edozein gai aipatzen genuenean, askotan leporatzen ziguten «gure gauzez» ari ginela etengabe. Orain uste dut konplexu hori galdu egin dugula. Guretzat alua zakila bezain unibertsala da, munduko biztanleriaren erdiak dauka. Ezingo da beti tabu bat izan, ezta?», jarri du mahai gainean Onintza Enbeitak.

Lanerako bidean. Irun, 2022ko azaroaren 5ean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Malkarra izaten ari da bidea, baina esperantza izpiak ikusten dira. Ane Labakak dioen moduan,  «askotan entzun dugu 'neska bat falta zitzaigun eta zuri deitu dizugu'. Egin dugun lanari esker eta ireki ditugun ateei esker, orain, elkarren ordez egon beharrean egon gaitezke elkarren ondoan. Eta elkarren ondoan egote horretan jendeak ikusten du bakoitzak zein ñabardura dituen, zer desberdinak garen elkarren artean. Hori lorpen handia da; ez izatea emakume bertsolaria eta kito, gizonezkoak diren bezala, gu ere izen eta abizendun sortzaileak izatea».

2022ko Txapelketa Nagusian, Irungo finalaurrekoa 'historikoa' izan zen, hitz horrek dauzkan tontor eta zulo guztiekin. Txapelketa Nagusiko saio hartan kantuan aritu ziren Ane Labaka, Maddalen Arzallus, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Jone Uria eta Miren Artetxe. Sei bertsolari puska.

Ea, bada, oholtza gogotik astindu eta gero, eskailera bikoitzak eta askotan arrastaka igo behar izan eta gero, bakoitzak merezi duen lur zatia hartu eta ereiteko askatasuna duen, bertsolaritzak beharrezkoa duen bioaniztasunaren mesedetan.