1977/2024 , 6 novembre

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joan Paulo II. izeneko urakan bat pasa zen Euskal Herritik

Duela 42 urte, gaur bezalako egun batez, Joan Paulo II. Euskal Herrira bisitan etorri zitzaigun. Segurtasun neurri zorrotzez babestu zuten Aita Santua; goizean Loiolan meza eman zuen eta, ondoren, Xabierrerako bidea hartu zuen. Urakana bailitzan, dena hankaz gora utzi zuen.

Hurrengo eguneko 'Egin'-en azala.
Hurrengo eguneko 'Egin'-en azala. (NAIZ)

1982. urteko azaroaren 5ean, Joan Paulo II Aita Santuak helikopteroz hartu zuen lur Euskal Herrian. Estatu espainiarrean barna egiten ari zen bira jendetsuaren barnean, egun bakarreko txangoa egin zuen gurean Karol Jozef Wojtylak.

Egun bakarra, bai, baina ondo aprobetxatutakoa. Hasteko, Loiolara heldu zen eta meza eman zuen han bildu ziren 100.000 lagunen aurrean; jende mordo izugarria izanagatik ere, espero zituzten sinestunen erdiak izan ziren. Ondoren, Xabierrera jo zuen; han, 50.000 bat zituen zain. 'Egin'-ek egin zituen hurrengo eguneko kroniketan, horixe bera azpimarratu zuten: «Loiolan: Egitarau aldaketa eta espero baino jende gutxiago» irakur zitekeen titularrean; eta «Xabierren: Uste baino jende gutxiago bildu zen».

Etorri zen Aita Santu hura ez zen, inondik inora, apaiz goxo eta baketsua. Karol Jozef Wojtyla poloniarra (1920-2005) bere garaiko aldaketa sakonen protagonista zuzena izan zen, ez bakarrik eliza katolikoan. Aita Santu bat kontserbadorea izateak ez du inor harritzen; muturrerainokoa zen, ordea, Wojtylaren pentsaera. Abortuaren eta eutanasiaren aurkakoa zen, sutsuki, aitasantutzarako bokazio 'globala' zuen, eta, hori dela eta, planeta osoa bisitatu zuen, beste Aita Santuek ordura arte egin ez zuten bezala. 

Euskal Herrira bisita egin baino urtebete lehenago, hots, 1981ean, albiste izan zen, bere kontrako atentatu batetik bizirik irtetea lortu zuenean; eta 2023an, Poloniako telebista-kanal batek egindako ikerketa-dokumental batek argitu zuen Eliza katolikoaren barruan adingabeei egindako sexu-abusuen berri zuela eta, hala ere, ezkutatu egin zituela.

«Bisita prefabrikatua»

Egun horretarako espresuki segurtasun neurri zorrotzak ezarri zituzten, eta orduan sortu berria zen Ertzaintzak erakustaldia egiteko aukera izan zuen: «Polizia mota ororen presentzia itogarriari, Euskal Autonomia Erkidegoan estreinatu berri den Polizia barne, hauek gehitu zaizkie: Francisco Laina, Estatuko Segurtasun zuzendaria; Jose Luis Fernandez Dopico, Poliziaren zuzendari nagusia; Jose Aramburu Topete, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia, eta Segurtasun Indar eta Kidegoetako goi-kargudun ugari», irakur zitekeen Loiolako ekitaldiari buruz argitaratutako kronika luzean.

Ukaezina da garaiko agintariek ez zutela arinkeriaz hartu Aita Santuaren segurtasuna. Mundua begira zuten; beraz, atentatua edo edozein protesta mota ekiditeko behar ziren neurri zorrotz guztiak hartu zituzten. Esaterako, Loiolan, Aita Santuaren helikopteroa lurreratzeko kokapena azken orduan aldatu zuten: basilikaren aurrean espresuki egindako heliportua baztertu eta, azken unean, atzeko zelai batera iritsiko zela jakinarazi zioten bertan zegoen kazetari mordoari.

Are gehiago, egun horretan meza jendetsu hura eman behar zuten aldaretik gertu zegoen lur sail guztia pala hondeatzaile baten bidez aztertu zuen Poliziak. Polizia-txakurrek ere ingurua miatu zuten, lehergailuen bila.

«Hau duk hau» zioen Xakilixutek 'Egin'-en. (NAIZ)

'Egin'-eko hurrengo eguneko azal hartan, Joan Paulo II.ak Euskal Herrira egindako «bisita prefabrikatua» besterik gabe igaro zela irakur zitekeen. Tira, zehazki, hitz-joko hau egin zuen egunkariak bere lehen orrialdean: «La prefabricada visita de Juan Pablo II a Euskal Herria pasó con pena y sin gloria».

Argazki handi batean, Loiolan egun horretan hartutako segurtasun neurrien adibide bat: Wojtylak eskutik helduta zuen haur bat, baina egunkariak azpimarratu zuen haurra «eskoltako agente batek eusten» zuela.

'Erdipurdiko' ekitaldi bat izan zen arren, 'Egin'-ek orrialde dexente eskaini zizkion Aita Santuaren bisitari: lehen orrialdea, barneko 11 orrialde, iritzi artikulu dexente eta, nola ez, Zakilixuten komikia. «Tu-tu-tuuuuu. A del gaztelu! Rendisus», oihu egiten zuten Xabier gaztelua inguratzen zuten katolikoek. «Totus rodeatus sumus», gaztelukoak erantzun. Eta Zakilikutek: «Hau duk hau!».

Informazio gehiena gaztelaniaz idatzita zegoen arren, 'Egin'-ek, garai haietan ohitura zuen legez, euskaraz laburbildu zituen egun hartan gertatutakoak: «Hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin iritsi zen atzokoan Aita Saindua Loiolara, non ehunen bat mila lagun baitzituen zain. Harrera nahiko neurtua egin zitzaion, Estatuko beste zenbait lekutako jendearena kontuan hartzera. Harrera ez zen hotza izan, alabaina dramatismorik edo histerismorik ere ez zen nabarmendu. Aita Santua berandu etorri zen, batetik, eta ez zen agindutako lekuan lurrera jaitsi, bestetik (...). Gau luze baten ondoren, ehunen bat mila pasatxo izango ziren kristau kontzentrazio horretan. Esan bezala, eratzaileak eta zerbitzuak eratu zituztenek askoz ere gehiago espero zuten. Tabernariek, esaterako, gau osoko jendetza ikusgarriari buru emateko prestaturik ziren. Ez zen halakorik gertatu. Zerbitzariak nahiz generoa sobran izan ziren».

'Egunon' gehigarriaren azala. Euskaraz soilik argitaratzen zen.

Goizeko 9.25ean hasi zen Azpeitiko ekitaldia. Kronikariak tonu arras kritikoa erabili zuen, dibertigarria une batzuetan, gaurko begietatik begiratuta: gau osoa esna pasatu ondoren, 'San Inazioren martxa' «ahots gozakaitzez intonatu» zuten bertan zeudenek; nekatuta omen zeuden, ulergarria da, baina kronikaria haratago joan zen eta «diskretuki hunkituta» zeudela esatera ausartu zen.

Aita Santua ere nekatuta ikusi zuen kazetariak: «Nekearen zantzuak zituen eta, are gehiago, begirada galdua zuen erakundeetako ordezkariak agurtu zituenean. Hauts artean murgildu zen. Eta euskal lurrari ez zion musurik eman, beraz, horrek adierazi nahi zuenarekin, baina agerikoa izan zen maskaldu egin zuela».

Joan Paulo II.ak sarrerako eta agurreko hitzak euskaraz bota zituen. Gero, San Inazioren izpiritua «goraipatu zuen eta indarkeria gaitzetsi» eta, txaloen artean, hauxe gaineratu zuen: «Indarkeriak berak Jainkoa iraintzen du, baita indarkeria jasaten duena eta indarkeria egiten duena ere».

Aldaretik euskal gatazka aipatzeko adorea izan zuen bakarra Donostiako apezpikua izan zen, Jose Maria Setien zena. Euskal presoak ez zituen ahaztu bere mintzaldian eta, gero, Aita Santuari begira, honakoa gogorarazi zuen: «Hau sufritzen ari den herri bat da, ez baitu bake eta elkartasunerako bide egonkor eta iraunkorrik aurkitu. Krisi soziokultural indartsuen mende dagoen herria da eta, kasu askotan, krisi etiko-erlijioso sakonaren mende dagoena. Baina, batez ere, hau bizi nahi duen herria da, bizitzaren deia bere barnean sentitzen duelako, gure mendietako haritza bezala, astinaldi bortitzenei aurre egiteko gai dena. Eta dena bere nortasunetik abiatuta egin nahi du».

Xabierren, Opus-en parranda

Loiolako ekitaldia bukatu eta Xabierrera iritsi zenerako 13.30 inguru ziren, baina goizean goizetik 50.000 bat lagun zituen zain poloniarrak.

Bigarren hitzordu honetako giroa erabat desberdina izan zen. Kronikariaren arabera, Opus-ek bere indarra erakutsi nahi izan zuen Xabierren: mezu ultra-katolikoekin idatzitako pankartak, Espainiako ikurrak, jendea «Que viva el Papa» (Manolo Escobarren kantaren doinuarekin) etengabe kantatuz... hain 'bero' zeuden Opus-eko kideak, ezen antolakuntza taldea bera ere deseroso sentitu baitzen.

Jose Maria Cirardak, Iruñeko artzapezpikuak, garaian Nafarroa pairatzen ari zen krisi ekonomiko kezkagarriaz ohartarazi nahi izan zuen Aita Santua... eta Cirardaren hitzak «17 aldiz eten zituen hango jendetzak txalo zaparradarekin. Baina ozta-ozta txalotu zuten, diskurtsoa hitz hauekin amaitu zuenean: «Ongi etorri gurera, Aita Santua. Edo euskaraz hitz egiten duten milaka nafarrek esango luketen bezala, 'navarrorum' hizkuntzan: 'Ongi etorri, Aita Santua'».

«Egiten zuen haizea erabat zakarra zela kontuan izanik, zeremonia desluzitu egin zen, eta laburtu egin zen, gainera (...). Aita Santua bera ere, Loiolan bezala, nekatuta eta ahituta zegoen. Hitzaldietan ez zuen beste lekuetan bezalako giharrik erakutsi. Xabierren ere uste zutena baino jende gutxiago batu zen», aipatu zuen kronika egileak.

Rock izarrekin gertatzen den legez, bisitak lorratz sakona utzi zuen. Euskal Herriko txangoa bukatu ondoren, Aita Santua beste lurralde batzuetara hegan joan zen bitartean, Xabierren bildutako katoliko batzuk lainoaren artean galduta ibili ziren. Gainerakoek, sortu zen ataskoan pazientzia martxan jarri behar izan zuten.

Donostiako Alde Zaharrean, ordea, iluntzean festa giroan ibili zen «antipapa» bat: kalez kale ibili zen, txaranga batekin dantzan eta elizako kantak abesten.

'Egin'-eko orrialdeetan, hainbat iritzi artikulu dantzan: Aizan talde feminista –«Papa habemus, ya lo sabemus», hori zen artikuluaren izenburua–, EGHAM, EMK –«Papa, ez zaitez trenean etorri»–... hautsak harrotu zituen Woytilak, argi dago.

'Egunon'  gehigarriak gaia landu zuen egun horretan, nola ez. Xalbador Garmendiak koordinatu zuen euskaraz soilik idatzitako ataltxo horretan hau irakurri genuen: «Etzi bihurtuko da agente txit gorena kuartel orokorrera. Erromara, hain zuzen. Santiago ('y cierra España') horretatik irtengo da itxaropen lekukoa hain txiro den Elizaren bihotzera, Vatikanoko tronura, Vatikanoko Bankuaren buruen hurbilera eta beste zenbait ustezko iruzurgileengana. Bihoala ondo Mediterraneo itsasoaren Zeruan zeharreko hegaldia (...). Eta joan da, eta agur hurrengora arte. Baina bere bisitaldia fariseu eta hipokritekin egina du, gure pena eta pozerako, egia esan».

Aita Santuaren bisitak ez zuen eguzkiaren bedeinkapenik izan, egun osoan zehar haize ufada bortitzak egon zirelako. Gauean, Euskal Herrira itsasotik iritsi zen –orduko 180tik gorako abiaduran– haize bortitzak kalte dezente sorrarazi zituen gurean: «Haizeak, zeraman indarrarekin, pertsonak bota egiten zituen, zuhaitzak hondatu, autoak errepidean lekuz aldatu, teilatuak apurtu... eta beste hainbat sarraski ere sorrarazi zituen. Herri askotan argindarrik gabe gelditu ziren eta kableek, elkar joz, suak ere piztu zituzten mendi bazterretan», aipatu zuen egunkariak.

Eguraldiaren erruz, hamar hildako eta hiru desagertu egon ziren penintsulan, gehienak Katalunian eta Huescan. Estatu frantsesean ere uholdeak izan zituzten.