1977/2024 , 3 décembre

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Uria enpresaburua hil du ETAk; iluntasun handiena eguna argitu aurretik gertatzen denean

Shock handia eragin zuen ETAk Azpeitian 2008ko egun honetan eragindako hilketak. AHT lanak burutzen zituen Altuna y Uria enpresaren buruetako bat, Inaxio Uria, hil zuen erakundeak. Ortzi-mugan agertzen ziren argi izpiek indar gutxi zuten oraindik, baina laster aldatuko zen agertokia.

Inaxio Uriaren aldeko hileta, Azpeitian.
Inaxio Uriaren aldeko hileta, Azpeitian. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Thomas Fuller teologoak asmatu omen zuen esaera, XVIII. mendean, eta gero arlo askotan erabili izan da: «Gauaren iluntasun handiena egunsentiaren aurretik gertatzen da». Une kontraesankor horretan koka daiteke 2008ko abenduaren 3an Euskal Herrian astindu handia eragin zuen albistea: ETAk Inaxio Uria Mendizabal enpresaburua hil zuen.

Beste esapide honek ere balio lezake ekintza armatu hura zein orduko aro politikoa marrazteko. Kasu honetan ez dago argi Bertolt Brecht idazleak edo Antonio Gramsci soziologoak ahoskatu zuen estreinakoz: «Oraindik hil ez den aro zaharraren eta oraindik jaio ez den aro berriaren artean tarte nahasia sortzen da beti».

ETAren ordura arteko jokamoldearekin egokitzen zen ekintza. Enpresaburua zen Inaxio Uria, eraikuntza arloan indartsu zebilen –eta dabilen– Altuna y Uria taldeko buruetakoa, Alejandro Uria sortzailearen semea. Abiadura Handiko Trenaren lanetan buru-belarri zebilen enpresa 2006. urtetik, eta ETAk begitan zuen egitasmoa. Horrez gain, atentatua bere gain hartzeko egin zuen aldarrikapenean «zerga iraultzailea» ez zuela ordaindu nahi izan egotzi zion Uriari.

ETAren ordura arteko jokamoldearekin egokitzen zen ekintza: AHT mehatxupean zuen eta Uriari «zerga iraultzailea» ez ordaintzea egotzi zion

Une hartan, ahots batzuk azaltzen hasiak ziren ziklo aldaketaren ezinbestekotasunez ohartarazten zutenak, ezker abertzalearen barruan –Arnaldo Otegirena bereziki, «estrategia eraginkor» baten beharra nabarmenduz–, baina oraindik beste urtebete beharko zen horren gaineko eztabaida erabakigarria abiatzeko. Ildo horretan, adierazgarria da hiru egun beranduago, espainiar Konstituzioaren Egunarekin batera, ezker abertzaleak kaleratu zuen adierazpena, zeinetan aldarri hori nabarmentzen zen.

Bi tiro eta lurrikara politikoa

Abenduak 3 zituen, Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna, asteazkena. Beste heriotza batek eragindako astindupean esnatu ziren euskal herritarrak: Mikel Laboarena, bi egun lehenago zendu baitzen abeslari donostiarra, samin handia barreiatuz.

13.00 aldera Azpeitiko Loiola auzoko jatetxe baterantz abiatu zen Uria, enpresaren egoitzatik gertu zegoena, lagun batzuekin bazkaldu eta kartetan jolasteko asmoz. Ez zen heldu. ETAko bi ekintzaile hurbildu ziren eta tiro egin zioten 70 urteko enpresaburuari, zerraldo erori zen. Bertara iristeko, autoa lapurtu zuten aurretik Itziarren, eta su eman zioten gero.

Loiola auzoko irudia, ertzainak lanean direla, hilketa gertatu ondoren. (Andoni Canellada | FOKU)

Arlo politikoan ondorio garrantzitsuak izan zituen ekintzak lehenengo egun hartatik. Jose Luis Rodriguez Zapatero Euskal Herrira etorri behar zen egun hartan zenbait bilera egitera, eta bertan behera utzi zuen bidaia. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak honako hau esan zuen: «ETAk ez du eraikuntzako enpresaburu bat hil, herri honen seme bat baizik, ekintzaile bat, pertsona on bat». Eta Azpeitiko Udalean ezker abertzaleak gobernukide zuen EAk laguntza kenduko ziola iragarri zuen berehala.

Hurbiltze prozesuan ziren ezker abertzalearen eta EAren artean pitzadura eragin zuen ekintzak; zentsura mozioaren bidez EAJk hartu zuen Azpeitiko Alkatetza

Urtarrilean gauzatu zen zentsura mozioa. EAJk hartu zuen Alkatetza, Iñaki Errazkin kargugabetuz. Berriozarren, Nafarroa Baik eten egin zuen ezker abertzaleari ematen zion sostengua. Elkarrengana hurbiltzeko saiakeran ziren ezkerreko independentismoa eta Eusko Alkartasuna, eta horri galga jarri zion Loiolan jazotakoak.

Unai Ziarreta, orduko EAko presidentea, Azpeitian egindako gaitzespen ekitaldian. (Jon Urbe | Foku)

Madril aldean, bitartean, ezker abertzaleko alkate guztiei ateak ixteko balizko lege erreformak planteatu zituzten PPk zein PSOEk: ilegalizazioa indarrean zen, baina 2007ko hauteskundeetan zenbait zirrikitutatik karguetara iritsi ziren, EAE-ANVren zerrendetan bereziki.

Bi egun beranduago, «ETA kanpora» zioen pankartaren atzetik milaka lagunek manifestazioa egin zuten Azpeitian, enpresa mailako egiturek eta euskal erakundeek deituta: Adegi eta Confebask, Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Aldundia eta Eudel.

AHTren lanak berretsiz, errepresioaren bidez erantzun zuen Estatuak. Hortik egun gutxira, Aitor Artetxe, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitia atxilotu zituzten Estatu frantsesean, Guardia Zibilaren laguntzaz buruturiko sarekadan, eta hiru lagun gehiago harrapatu zituzten Irunen, torturak salatu zituztenak.

30 urte bete zituen espainiar Konstituzioak abenduaren 6an, eta sona handia eman zioten ospakizunari Madril aldean. Estatuko arazo nagusiena oraindik ETA zela aipatu zuen Juan Carlos Borboikoa erregeak goiz hartan.

AHTren aurkako borrokari dagokionez, ekintzak ez zuen ondoriorik izan. Proiektuari sendo eutsi zioten erakundeek, gaur arte, gelditzeko eta alternatibak aztertzeko aukerei muzin eginez. Talde ekologista ugarik ETAk hartutako bidea errefusatu zuten. Ekologistak Martxaren aburuz, esaterako, «ez dugu AHT horrela gelditu nahi».

Azken-aurrekoa Euskal Herrian

Perspektiban jarrita, datu argigarri bat: euskal erakunde armatuak Euskal Herrian eragindako azken-aurreko hilketa izan zen Uriarena, gauzak azkar aldatuko ziren seinale. 2009ko ekaineko Eduardo Puelles polizia-buruarena izan zen azkena. Uztailean bi guardia zibil hil zituen ETAk Mallorcako Palmanovan, bere jarduerako azken ekintza gogorrean (nahigabeko talka baten ondorioz izan zen Jean-Serge Nerin-en heriotza 2010ean).

Ezker abertzalearen eta EAren arteko hurbiltzeari ekin zitzaion berriz, eta ‘Lortu arte’ izeneko akordioa osatu zen 2010eko ekainean, gaur EH Bildu denaren lehen hazia jarriz.

Aldarrikapen-idatzian ETAk aipatutako zerga iraultzaileari dagokionez, 2011n jakinarazi zuten enpresa erakundeek jada bertan behera utzia zela, jada ez zituztela eskaera haiek jasotzen, ezta haiekin batera zihoazen mehatxuak ere. Maria Uria Inaxioren alaba da, egun, Altuna y Uria enpresako presidentea.