Mindura gaur
Joxemari IRIONDO
Mina, pena, samina, ezina, mindura, al zekiat nik nola esan, Juan Mari? Hire poesia-liburu haren izena zetorkidak burura, zuzen-zuzenean, eta egoki asko laburbiltzen duela uste diat nire bihotzondokoa gaur.
Atzo arratsean ohera nindoala, hitaz gogoratu ninduan behin eta berriz, eta «bai; gogorra duk horraitio! Bisitatu behar diat, ba, oraingoan!», agindu nioan neure buruari, hirekin denbora luzean zorretan nengoela-eta. Bestalde, egia duk, bai, ez genuela sinesten berriz ere batzordearen bileretara etortzen hasiko ez hintzenik. Askotan aipatzen genian hire osasun-egoera, baina berriz ere laster etorriko hintzen esperantzarik galdu ezinda beti. Behin baino gehiagotan esan genian bisita baten zorretan geundela talde osoa. Eta hire arreba Primirekin, edo koinata Kontxitarekin hitz egin, eta biek gauza bera eskatzen ziaten: «Bai, joan zaitezte, baina izan dedila bisita laburra, bestela nekatu egiten da-eta. Eta erregaliaren bat eramatekotan, ez gauza handietan ibili. Eraman txokolatina batzuk. Ez zaizkio komeni, baina ikaragarri gustatzen zaizkio gure Juan Mariri, eta eskertuko dizue».
Baina beti gerokotan dabilenak aukera on asko galtzen dik hemen, ezbairik gabe. Eta guk halaxe galdu diagu. Astelehen goiz euritsu honetan, goizean eguna argitu baino lehen entzun diat albiste beltza irratian: «Juan Mari Lekuona poeta oiartzuarra hil da!», esan dik hizlariak. Eta berehalaxe ohartu nauk neure eginkizunak ongi betetzeko gelditu naizela oraintxe ere, behin beharrez. Eta gero, nire bekatua zuritu nahirik-edo, hik aspaldi (1955ean, Fatiman) egin huen olerki baten amaieraz gogoratu nauk, zor hori neure buruari barkatu nahi ezta: «Haizeak ez gaitu maite/ hegalak haustean,/ sasoia joatean».
Eskuzabala eta bihotz handikoa hintzen, ordea, hi, eta barkatuko ahal diguk zabarkeria hau ere.
Artista bihozbera
Bai, artista handi gehienak bezala, guztiz bihoztia eta sentibera hintzen, Juan Mari. Ezagutu izan hauen edonork dakienez, irribarre gozoko gizona, edukazioz gainezka beti, hitz egoki eta atsegin bat edonori esateko beti prest hengoena. Oraintxe bi hilabete utzi gintuen gazteluar hura ez ezik, ondo «kaballeroa» hintzen burutik hanketaraino, gizon bete-betea, Lekuonatarra.
Ondo pentsatzen jarrita, guk ez genian izan hire esplikazio/irakaskuntza sakonak entzuteko aukerarik EUTGko Filologia klaseetan, hainbat eta hainbat neska-mutil gaztek izan zuten bezala; baina horixe dena baino zorte handiagoa izan genuela uste diat, egia esateko. Eta guztiz eskertzekoa dela Juan Mari Lekuona bezalako jaun baten lankide/ikasle izatea bizitzan. Hi oso hurbiletik ezagutzeko aukera ezin ederragoa izan diagu urte askoan zehar, Euskaltzaindiaren Herri-literatura Batzordeko bileretan (heu hintzen batzordeburu, gaixotu hintzen arte); eta hamaikatxo hitz-aspertu eder egin genian lanorduen ostean. Jakin-minez, gauzak entzuteko irrika betez egoten hintzen beti, eta «zer esaten dute?» galdetzen huen sarritan. Luze eta zabal hitz egiten genian gero, betiko gaiak astinduz: Donostiako Realaren egoera (ez zekiat futbolzale porrokatuagorik ezagutu dudan inor), oraingo bertsolari-jaialdiak, bertsolarien txapelketa –jakina, lehenago elkarrekin antolatu genitian urte batzuetan, gogoratzen?–, han eta hemen egiten diren euskal kantaldiak, eta abar.
Eta euskal kantaldiak aipatu ditiat, bai. Nik ez zekiat zenbatek jakingo duten, baina 1965-66an heuk euskaratu hituen hainbat kanpotar abesti, hire anaia Julenentzat, Joxe Antonio Villar txantxikuarentzat, edo Ez Dok Amairu taldeko beste edozein kantarirentzat. Urte asko joan dituk ordutik hona, eta inor gutxi gogoratuko duk gaur, seguruenik, Gigliola Cinquettik Eurovisioan kantatu zuen 'Gaztetxo naiz' ('Non ho l’etá') nola euskaratu huen, Erroman ikasten ari hintzela; edo, 'Arratsa Moskun', 60ko hamarraldian oso modan zegoen Errusiako kanta eder hari jarritako hitzak, 'Zenbat maite zaitudan!' (D. Modugnok Eurovisioan kantatua), eta abar, nola euskaratu eta bidali hituen handik. Antton Aranburuk kantatu ohi zuen 'Antzinaren arnasa' zelakoa, eta Imanolen 'Kopla berriak', 'Mea culparik ez' eta 'Haragizko estatua' ere heuk eginak zituan. Edota Lourdes Iriondok eta Xabier Letek hain ederki kantatu ohi zuten 'Errota zahar maitea' zeritzon hura ere bai: «Errota zahar maitea uraren ertzean,/ uraren ertzean da basati beltzean,/ negar egiten duzu alea xehetzean./ Ni ere triste nabil zutaz oroitzean. / Zotin sekua dagi/ errotarriak;/ itzalitako izar diztirak/ dira neretzat zure begiak».
Baina orain, hi falta!
Oroitzak, oroitzak eta gogapenak, mila une eder zetozkidak burura, gurpil zoro honetan pilaka. Bazekiat abenduaren 5 honetan, eta ondorengo egunetan ere, hire eta Lekuonatarren milaka aipamen eta esker onezko laudorio franko izango dela gure herriko hedabideetan (irratian, telebistan, periodikoan). Eta sinetsidak ongi merezitakoak izango direla denak ere. Gaur gogoratuko ditiagu aspaldixkoan ahazturik genituen hire 'Mindura gaur' (1960an ziklostilez egindako ale huraxe diat nik perlarik maiteena bezala gordeta), 'Muga beroak' (1973), 'Ilargiaren eskola' (1979), 'Mimodramak eta ikonoak' (1990), eta abar, eta abar. Eta ongi ordenatu gabeko liburu-apaletatik ahal den bezala atera eta irakurriko ditiagu, gainera, agian. Hire ahaide, adiskide, lagun, lankide eta ikasle ohiak Oiartzungo San Esteban parrokian biltzen garenean, norbaitek aipatuko ditik garai batean Donostiako Gotzaindegian lanean ari hintzela elizkizunetako testuak euskaratzen egin hituen ahaleginak eta lan txalogarria, 'Orduen liturgia', 'Salmoak', 'Erantzun salmoak', euskara dotore bezain sinple eta argian egindako itzulpenak, eta abar. Eta, beharbada, gogoratuko ditek hire hizkuntza poetikoa eta mimoz beterikoa lantzen egin izan duan ahalegina ere. Hori guztia eta gehiago merezi huela pentsatu eta aitortuko diagu, Juan Mari.
Baina hire osaba on Manuel, edo anaia Julen agurtu genuen egunean bezalaxe, hutsune ikaragarri bat sentituko diagu bihotzaren barrenean, gabezia ilun eta triste bat nabarituko diagu bilduko garenok. Hitz ederrak eta eskerrez beteak izango dituk, baina hi falta han, Juan Mari.
Madarikazio beltza
Baina, dena den, hire fedeak sinetsarazten zian bezala, hire maiteekin, osaba Manuelekin eta anaia Julenekin, Alfonso Irigoyenekin, Joxe Mari Aranalderekin, Juan San Martinekin eta beste hainbat lagunekin topo egiten duanean, emaizkiek goraintziak denei, gutxienez ere; eta esaiek hik utzi huen batzordean kezkati gaudela oso; izan ere, Euskaltzaindiaren Herri-literatura Batzorde honek baduela madarikazio beltzen bat, hirugarren batzordekidea joan zaigula segidan, beste batzorde paraleloren bat han goian antolatzeko asmoz-edo. Alfonso joan zuan lehenengo, Juan San Martin gero; ondoren, Joxe Mari Aranalde; eta orain hi, Juan Mari.
Ikaragarria duk, ongi pentsatzen jarriz gero: batzorde beretik lau lankide handi, lau lagun ezin hobe eta lau adiskide joan zaizkigula!