1977/2024 , 22 décembre

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Felix Likiniano anarkista, frankismoa eta nazismoa borrokatzetik ETAren anagrama diseinatzera

1936ko gerran aritu zen borrokan, Euskal Herriko nahiz Estatu espainiarreko fronteetan. Horren ostean hasi zuen 1943ra arte luzatu zuen joan-etorria; Bartzelona, Paris, Gurs-eko kontzentrazio esparrua… Hainbat lekutatik egin zion aurre faxismoari. Azkenik, Biarritzera egitea lortu zuen, eta han egin zuen harremana ETAko kideekin.

Felix Likiniano, borrokarako espirituak gidatu zuen anarkista.
Felix Likiniano, borrokarako espirituak gidatu zuen anarkista. (LIKINIANO FAMILIA)

Felix Likiniano Eskoriatzan jaio zen 1909an, baina Arrasatera egin zuen bere familiak laster, eta bertakoa sentituko zen bera. Hiru arreba eta bi anai zituen, eta hauek ere aitzindariak izan ziren Gipuzkoan anarkismoa zabaltzen: horietako bat, Jose Antonio, CNT sindikatura afiliatuta zegoen eta Aiako Harrietan hil zen, Nafarroako karlisten aurka borrokan, 1936ko abuztuan. 19 urte besterik ez zituen. Eduardo, berriz, Falangean infiltratuta egon zen, harik eta anarkista zela deskubritu zuten arte.

Anaiek ibili zituzten bideak hartu zituen Felix Likinianok ere: borrokarako espirituak ezaugarritu zuen bere bizitza. CNTn sartu zen Loiolako kuarteletan zerbitzu militarra egiten ari zela, 1930ean. Sei urteren ostean, 1936ko uztailean, lapurreta egin zuen kuartel horietan, lekua ezagutzen zuela aprobetxatuta. Hainbat arma arpilatu zituen beste kide batzuen laguntzaz.

Horren aurretik, baina, Asturiasko meatzariak babesteagatik atxilotu zuten, 1934an. Fronte Popularraren amnistiarekin atera zen kartzelatik, 1936ko otsailean. Madrildik Donostiarako trenean Kasilda Hernaez militante anarkistarekin egin zuen topo. Ez ziren gehiago banandu. «Ni Felixengana batu nintzen. Batura libre honek beste dimentsio bat eman zion nire izaerari», esango zuen urte batzuen buruan emakume anarkistak.

Bikoteak Donostia hartu zuen bizileku, eta eskuz esku, mehatxua zabaltzen ari zen faxismoaren aurrean fronte bat osatzen eman zituzten indarrak, komunistak egiten ari ziren eran. Hainbat talde sortu ziren, horien artean, Dinamita, Likinianotarrek osatu zutena.

Altxamendu militarrarekin, Felixek eta Kasildak Donostiako defentsan parte hartu zuten. CNTk Larramendi kalean duen egoitzatik hiriko sarrera militarra gelditu zuten, ehunka gazterekin batera, eta, geroago, Egia auzoko frantziskotarren elizan ezarri zuten kuartel nagusia. Geroago, Bartzelonara joan ziren, Aragoiko frontean berriro borrokan hasteko. Kontatzen dutenez, sarri izan zuten heriotza gertu.

Estatu frantsesera erbesteratu zen bikotea gerra hura galdu zutenean. Ezin izan zioten, hala ere, izuari ihes egin. 1939an Gurseko errefuxiatu guneetatik igaro ziren. Bordelera egin aurretik, eta handik, euskal errefuxiatuei eta nazien aurkako erresistentziako kideei laguntza ematen aritu ziren.

Donostiako talde batek Lorientera, Bretainiara, joan behar zuela jakin zutenean, haiengana batu ziren Likiniano eta Hernaez. Joan-etorri etengabean eman zuten bizitza, hautatu zuten bizimodu militanteak behartuta. Han bizitzen geratu ziren, pisu batean. Baina Lorient ere bonbardatu zuten. Felixek eta Kasildak ez zuten aktiboki parte hartu erresistentzia frantsesean, baina etxean aterpe ematen zioten tropa nazien aurka borroka egin zuen orori, eta Felix Likinianok Reich-erako urpeko base bat eraikitzen lan egin zuen bertan, okupazio alemaniarraren kontra borroka egin zuen bitartean.

Hala, Eduardo anaiak Falangen egin zuen eran, okupatzaileekin infiltratu zen Felix, eta haiengandik informazio ugari lortu zuen, Erresistentziara igortzeko. Lorient-etik Parisera joan ziren Hernaez eta Likiniano, CNT klandestinoarekin harremanetan jarri ziren, eta 1943az geroztik Biarritzen bizi izan ziren.

ETArekin harremanak

Lapurdiko herri honetako kanpinaren ardura hartu zuen, eta han egin zien harrera Ipar Euskal Herrira hegoaldetik iristen ari ziren ETAko lehenengo errefuxiatuei, 1960ko hamarkadatik aurrera. Hasieran, ez zuen harreman sendorik izan beraiekin. Baina aise gerturatu zen erakunde hartako gazteen borrokara. «Bi hamarkada generamatzan Francoren borroka eta erorketa kanpotik noiz iritsiko zain, eta, azkenean, borroka bera barrutik gertatu da. Gainera, nire herritik, Arrasatetik, datoz, eta euskaraz hitz egiten dute», utzi zuen idatzita.

Hainbeste sendotu zituen harremanak ETAko militanteekin, ezen berak diseinatu baitzuen, 1970eko hamarraldian, erakundearen sugearen eta aizkoraren anagrama, «Bietan jarrai» leloarekin, egurrean zizelkatuta. Antza, Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto' ETAkideari eman zion, eta lau hamarkadaren ostean, 2017an, ETAk jatorrizko egur tailua berreskuratu zuen barne eztabaida baten zigilu gisa erabiltzeko. Debatearen «garrantzi historikoa» azpimarratu nahi zuen ETAk Likinianorekin, erakundearen jatorria iradokita. Eztabaida horrek, urtebetera, erakundearen bidearen amaiera ekarriko zuen.

Felix Likinianok egindako jatorrizko tailua, ETAren anagrama sortu zuena. (NAIZ)

«Gazte euskaldunek osatutako taldeek frankismoaren kontra armekin borroka egiteko hautua egin zutenean, beti irekita aurkitu zuten Likinianoren etxea, zeina ETAren anagramaren sortzailea ere izan baitzen», gogoratu zuen 'Egin'-ek militante anarkistaren heriotzaren berri eman zuen artikuluan.

1982ko abenduaren 22an hil zen Felix Likiniano, utopian sinetsi zuen militante anarkista. 1994an, Pilar Iparragirrek 'Félix Likiniano, miliciano de la utopía' liburua argitaratu zuen. Lan horretan, Felixek berak bere pentsamenduaren eta, batez ere, praxia iraultzailearen alderik sakonenak azaldu zituen.

Egun bat beranduago eman zuen ‘Egin’-ek Likinianoren heriotzaren berri.
Egun bat beranduago eman zuen 'Egin'-ek Likinianoren heriotzaren berri.