1984ko abenduaren 30ean, Joxe Migel Barandiaran antropologo eta etnografoaren urtebetetze egunaren bezperan, 'Egin'-ek erreportaje berezi bat argitaratu zuen Ataungo jakintsuaren inguruan. Martin Garitano kazetariak berarekin emandako egunaren kronika egin zuen, eta horrez gainera, erreportajeak zenbait «euskaldun famaturen» iritzia eta Barandiaranen herrikide Joxe Martin Apalategi Begiristain antropologoak idatzitako bibliografia eta biografia bildu zituen.
Lehen orrialdean, «Egun osoa Aita Barandiaranekin» lerroburupean nabarmenduta, honela iragarri zuen 'Egin'-ek Egunon saileko erreportaje berezia: «Gaurko Egunon bihar larogeita hamabost urte beteko dituen Don Joxe Migel Barandiarani dago dedikaturik. Gure lau orrialdeok Don Joxe Migel berarekin eginiko erreportaje, bere obrari buruzko zenbait euskaldun famaturen iritzi, bibliografia interesgarri eta Joxe Martin Apalategi antropologo eta adiskidearen artikulu batez osatu ditugu».
Barruko orrialdeetan, «Urteak joan eta urteak etorri, Barandiaran ikerketan ari» izeneko kronikan, Ataunen egun oso batez Barandiaranekin bizi izandakoa kontatu zuen Garitanok:
«Joxe Migel Barandiaranen oihartzunak eta xarmak eraman gintuen Ataunera Gabon egunean. Egun hotza eta euritsua, baina herriaren eta gizonaren berotasunak benetan hunkitu gintuen. Ez zitzaigun posible izan Don Joxe Migel herri hartatik kanpo ulertzea, eta ezta Ataun Don Joxe Migel barik ere. Herria eta gizona inoiz baino lotuago eta batuago sentitu genituen».
Barandiaranen eguneroko bizimoduaren berri eman zuen, baina baita haren bizitzako beste garai batzuetako gorabeherak ere. Esate baterako, Ipar Euskal Herrian ihes eginda eman zituen urteez mintzatu zitzaion Garitanori: «...gerra aurretik Gasteizko seminarioko irakaslea nintzen. Gero, gerra hasi zen egunean Itziarren ginen, hango koba batzuetan, eta handik Iparraldera alde egin genuen. Han hamazazpi urtez egon behar izan nuen, ona ez bainintzen –esaten digu irrifarre zabal batekin–. (...)
«Angleten nintzelarik, nere arrebarengandik eskutitz bat jaso nuen alde hontara ez etortzeko esanez, nere bila baitzebiltzan. Orduan, Baionako seminarioan, hemendik ihes egindako apaizgai batzuei klaseak ematen jardun nuen.
«Ni ez nengoen Frantzian iheslari edo errefuxiatu bezala, nik pasaportea nuen, eta ene estatusa turista batena zen.
«Baina urteak pasa ziren eta, pasaportea berritu behar nuela eta, Espainiako enbaxadara joan nintzen. Han zegoen enplegatuak pasaportea ireki eta, hainbeste estatutako bisatuak ikusi zituenean harriturik gelditu zen, urte haietan Belgika, Ingalaterra, Alemania eta beste zenbait estatutatik ibili bainintzen, antropologiako eta etnologiako lan eta kongresuetan. Gainera, nik nuen pasaportea Errepublikakoa zen, eta hark handiagotu egin zuen enplegatuaren harridura. Orduan, zera esan nion: 'Mire usted, no vava a creer que yo he visitado todos esos países por cuestiones políticas. Lo que sucede es que soy etnólogo y en esos lugares se han celebrado congresos a los que he tenido que asistir'. Baina nahiz eta esplikazio hori eman, eman zidaten pasaporteak Espainiara bueltatzeko bakarrik balio zuen».
«Horrek asko kezkatu ninduen, eta, nola Hendaiako kontsula laguna nuen, berarengana joan nintzen. Haren erantzunak gehiago kezkatu ninduen oraindik. Horrela esan zuen: 'Esto no se lo digas a nadie mientras viva, pero con ese pasaporte ni se te ocurra entrar en España'».
«Zein ez zen izango nere harridura asunto hura guztia ikusterakoan! Azkenean lortu nuen Madrilgo DGS delakoan nere kontra zegoena zer zen jakitea, baita ni salatu ninduena nor izan zen ere. Poliziak zuen fitxak horrela zioen: 'Jose Miguel Barandiaran huyó a Francia por sus simpatías judeo-masónicas y rojo-separatistas'. Orduan, nere salatzaileari eskutitz bat bidali nion, berak salatu zuena gezurra zela esanez. Esaten nion egia zela juduekiko sinpatiak nituela, Jesukristo judua baitzen, eta masoiei zegokiena, ba... akaso ezagutuko nituela batzuk, baina nik ez nekiela masoiak ziren ala ez, nik pertsonak bakarrik ezagutzen nituela, eta 'rojo-separatista' horri buruz, esaten nion nik ez nuela inongo partidurik ezta politikarik ere, eta nik sekula ez nuela botorik ematen, eta hori zela horren frogarik argiena. Baina hala eta guztiz ere, nik beste aldean jarraitu behar izan nuen, hark ez baitzuen salaketa kendu».
Egun hartako kontakizunaz gainera, Barandiaranen herrikide Joxe Martin Apalategi Begiristain antropologoak idatzi zituen bibliografia eta biografia ere eskaintzen zituen erreportajeak, baita zenbait euskaldun ezagunen iritzia ere: Jesus Altuna antropologoarena, Luis Villasante Euskaltzaindiko lehendakariarena, Edorta Kortadi Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiarena eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearena. Euskal kulturak hainbeste zor dion antropologo eta etnografoaren eta haren obraren inguruko iritziak osatu zuen egunkari haren omenaldia.