1977/2024 , 31 décembre

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

El Salvadorrek bake-akordio batekin amaitu zuen urtea

El Salvadorko Gobernuaren eta Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen (FMLN) arteko bake-akordioak 1991. urtea agurtu zuen. Bi aldeek sinatutako aktak liskar armatuen amaiera ezartzen zuen. Munduko beste hainbat gatazkak, tartean Euskal Herrikoak, urte amaierako albiste izaten jarraitu zuten.

El Salvadorko bake-akordioaren albisteak zabaldu zuen 'Egin'-eko edizioa.
El Salvadorko bake-akordioaren albisteak zabaldu zuen 'Egin'-eko edizioa. (EGIN)

«El Salvadorko Gobernuak eta FMLNk bake-akordio historikoa lortu dute». Hauxe zen 1992ko urtarrilaren 2ko 'Egin'-en edizioa zabaldu zuen lerroburu nagusia (aurreko egunean, urteko lehenean, ohi bezala, ez zen egunkaririk argitaratu). Akordio esperantzagarri hark itxi zuen 1991. urtea El Salvadorko Errepublikan. Hala ere, albiste hartako azpitituluak zioenez, «oraindik hari-muturrak lotu beharra dago hamabi urteko gatazkari amaiera emateko».

El Salvadorko Gobernuaren eta Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen (FMLN) arteko bake-akordioak 1991. urtea agurtu zuen New Yorkeko NBEren egoitzako 38. pisuan, eta Javier Perez de Cuellar NBEko idazkari nagusiak minutu batzuk gehiago eman behar izan zituen bere karguan, akordioaren akta sinatzeko zeremonia laburra urte hasierako hamabi kanpai-hotsekin batera hasi baitzen. El Salvadorko Gobernuaren ordezkaritzak eta FMLNko bost komandantek sinatu eta zabaldutako akta hark liskar armatuen amaiera ezartzen zuen.

Honela kontatu zuen 'Egin'-ek: «FMLNk eta El Salvadorko Gobernuak urtea amaitu baino lehentxeago lortutako bake-akordioak gainditu egin beharko du akordio hori praktikan jartzeko eta ia hamabi urteko gatazka armatuari amaiera eman aurretik solte geratu diren hari-mutur guztiak lotzeko froga zaila. Oraindik finkatu gabe dauden funtsezko puntuen artean, El Salvadorko Indar Armatuen murrizketa-portzentajea dago, eta hori izan zen, gerrillak kontrolatutako eremuetan lurrak edukitzearekin batera, akordioa lortzea atzeratu zuen oztopoetako bat»; izan ere, 1991ko azken minutuetara arte atzeratu zuen.

New Yorkeko Akta zelakoak zioen su-etena otsailaren 1ean hasi eta hurrengo urriaren 31n amaituko zela; halaber, akordio bat lortu zela «alderdi tekniko-militar guztietan», baina ez zuen aipatzen Indar Armatuen murrizketa, ez alderdi sozioekonomikoa, ez Polizia Nazional Zibil berria.

Gerrillari salvadortarrak atseden hartzen, zenbait herritarrekin solasean. (Linda HESS MILLER I CC I WIKIMEDIA)

New Yorkeko Akta

Orrialde pasatxoko dokumentuak xedatzen zuenez, su-etena otsailaren 1ean hasiko zen formalki, eta urriaren 31n amaituko. Era berean, urtarrilaren 16an Mexiko Hirian Azken Bake Akordioak sinatuko zirela zioen.

Betiere New Yorkeko Aktaren arabera, urtarrilaren 5etik negoziazioei helduko zitzaien berriz, eta hilaren 10era arteko epea eman zitzaien bi aldeei itunak praktikan jartzeko, egutegia eta FMLNren «egitura militarraren amaieraren modalitatea» adosteko eta «herrialdeko bizitza zibil, politiko eta instituzionalean» legezkotasun osoko esparru batean berriro sartzeko.

Hori lortzen ez bazuten, NBEko idazkari nagusi berri Butros Gali egiptoarrak proposatuko zien formula onartu beharko zuten, beranduenez urtarrilaren 14an.

New Yorkeko Aktan jasoa zegoen bezala, 1992ko urtarrilaren 16an sinatu zituzten Chapultepeceko Bake Akordioak, Mexikoko Chapulteplec Gazteluan. Haietan, bost arlotako gaiak adostu zituzten: Indar Armatuen eraldatzea, Polizia Nazional Zibila sortzea, sistema judizialaren eta Giza Eskubideen defentsaren eraldaketa eta hautets sisteman eta arlo ekonomiko eta sozialean hartzeko neurriak.

Horrela amaitu ziren 1990ean hasitako negoziazio gorabeheratsuak. Urte hartan, irtenbide negoziatuari ekiteko borondatea agertu zuten alde biek, eta borondate hori aurrera eramateko, zenbait faktore aldeko izan zituzten, hala nola salvadortar gehienak negoziazioaren alde agertzea eta Indar Armatuen zilegitasuna gero eta txikiagoa izatea, batez ere UCA Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko sei jesuitaren hilketaren ondoren.

Edonola ere, akordioa lortu arte ez zen krisirik falta izan; esate baterako, lur-jabe handien desadostasunek sortutakoa, edo zenbait sektore politiko, enpresaburu eta kazetarik agertu zuten akordioen aurkako jarrera. Negoziazioen aurkako kanpaina hura New Yorkeko Aktak itzali zuen 1991n gaurko egunez.

Aurreikusitakoa baino hilabete batzuk geroago, gatazka armatuaren behin betiko amaiera ofizialki ospatu zen 1992ko abenduaren 15ean. 1997an, Butros-Ghalik, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, amaitutzat eman zuen El Salvadorko bake-prozesua, eta adierazi zuen, akordio guztiak osorik bete ez baziren ere, betetze-maila onargarria zela.

Beste hainbat gatazka urte amaieran, tartean Euskal Herrikoa

Beste hainbat lekutan gatazka armatuak luzatu egin ziren; Latinoamerikan eta munduko beste hainbat lekutan, hala nola Europan. Irlandan, urte batzuk joan ziren irtenbidea bideratu baino lehen. 1997ko Gabon Zaharrean, paramilitarrek Belfasten egin zuten atentatu baten berri eman zuen 'Egin'-ek: «Paramilitarrek 'birrindu egin dute' Irlandako prozesua».

Euskal Herriko gatazkak ere urte amaiera gehienetako lerroburuak betetzen zituen, ohikoak ziren atentatuen eta mota guztietako erasoen albisteak eta errepresioaren balantzeak.

 

Euskal Herrian, urte amaieran ere, gatazka albiste

1982ko abenduaren 31n argitaratutako dosier batek, «Zabaldu ezazue! Polizia da» izenburukoak, errepresioaren «errekor» baten berri ematen zuen. 1996ko urtarrilaren 2ko albiste nagusiak «Hamaika sabotajek zabaldu dute urtea» zuen  izenburu. GARAk 2006.ko azken alean aurreko egunean Madrilgo aireportuko T-4an izandako atentatuaren eta ondorioen berri zekarren: «Zapaterok bertan behera utzi du ETArekiko elkarrizketa Barajasko aireportuko atentatuaren ostean».

Urte amaiera batean iritsi zen Euskal Telebista ere Hego Euskal Herriko hiru lurraldetara. 1982ko abenduaren 31n abiatu zuen bere lehenengo programa, Karlos Garaikoetxea EAEko lehendakariaren hitzekin, 'Egin'-ek egun hartan iragarri zuen bezala: «ETBk goizaldean emango du bere lehenengo saioa», eta azpitituluan, «Garaikoetxearen irudiak eta hitzek zabalduko dute emisioa, bi orduko iraupena izango duena».