Estatu espainoleko fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulcek atzo iragarri zuenez, ikerketa abiaraziko du Polizia frantsesak Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide euskal herritarrak atxilotu ondoren Laura Mintegik egin zituen kritikak direla-eta. Pixka bat lehenago, Barne ministro espainol Jorge Fernandez Diazek jomugan jarri zuen Bildu, adierazpen hauekin «marra gorria pasatu» duela esanez. Ministroak norabidea markatu zuen, eta fiskala hitzetatik ekintzetara pasatu zen azkar asko.
Mintegik gogor kritikatu ditu bere blogean horien guztien adierazpenak eta Estatu espainolean adierazpen askatasunik ez dagoela salatu du, ez eta iritziak aske adierazteko eskubiderik ere.
EH Bilduko lehendakarigaiaren aburuz, Torres-Dulce fiskalak Fernandez Diazen jarduera ikertu beharko luke, «legea betetzen ez duelako, berak aitortuta».
«Ministrariak berak esan zuen prebarikazioan jausiko zela Josu Uribetxebarria askatuko ez bazuten (‘ABC’ egunkarian jasoa, 2012ko abuztuaren 23an: Fernández Díaz: «Habríamos incurrido en prevaricación de no aplicar el tercer grado a Bolinaga»). Beraz, gogoz aurka izan bazen ere, baldintzapeko askatasuna eman behar izan zioten», biltzen du hautagaiak interneten.
Hala, Uribetxebarriaren egoera berberean beste hamabi preso aurkitzen direla gogorarazi dio Fernandez Diazi eta haiek preso mantenduta «prebarikatzen» ari dela leporatu dio. «Eta galdera da, fiskalak zer ikertu behar du, adierazpenak ala prebarikazioa? Zer da delitu handiagoa, adierazpenak egitea ala prebarikatzea?», amaitzen du Mintegik bere post-ean.