Anari eta Belako bost kontzertuetako bira bat egiteko elkartuko dira

Date

04.12.24

Lieu

Nafarroa - Iruñea

Belako talde mungiarra.
Belako talde mungiarra. (BELAKO)

Anari kantautore azkoitiarra eta Belako, euskal talderik internazionalena, bost kontzertuetako bira bat egiteko elkartuko dira. Bira Euskal Herrian bertan egingo dute, abenduan eta urtarrilean, eta lehen kontzertua abenduaren 4rako finkatu dute, Iruñeako Zentral aretoan.

Albistea pozgarria da euskal musikarentzat: Anarik eta Belakok bira bat egingo dute elkarrekin. «Bi belaunaldiren ordezkari diren  eta, hala ere, musika jarrera bera eta elkarrekiko errespetua duten bi musika talde» hauek, antolakuntzaren esanetan, bost hitzordu iragarri dituzte: abenduak 5, Zentral aretoan (Iruñea); abenduak 19, Kafe Antzokian (Bilbo); abenduak 27, Intxaurrondoko kultur etxean (Donostia); urtarrilak 4, Astran (Gernika) eta urtarrilean 5ean, Jimmy Jazzen (Gasteiz).

Anarik (Azkoitia, 1970) ‘Giza zarata’ bere zazpigarren diskoa aurkezten jarraituko du emanaldiotan, zortzi urtez diskorik argitaratu gabe igaro ondoren, eta Belako talde mungiarrak, berriz, ‘Sigo regando’ azken diskoaren etxeko bira amaitu eta, ondoren, Europan jardungo du.

Euskal Herrian dagoen talderik internazionalena izan daiteke Belako taldea, lehen diskoarekin batera hasi baitziren munduan zehar emanaldiak eskaintzen. Europa zaharra goitik behera zeharkatu dute sarri, eta AEBetan edota Japonian ere aritu izan dira kontzertu biran.

Josu Ximun Billelabeitak Iker Gurrutxagari elkarrizketa batean argitzen zion legez: «Askok uste du Belako talde oso handia dela, baina ez dugu inoiz gure tokia modu erosoan topatu. Hasi ginenean ez ginen hain undergroundak, baina ez gara inoiz mainstream izan, estilo aldetik ere ez gara moda bati jarraika ibili. Beti erdibide batean egon gara, gurea egiten, eta gure taldea lanetik eta ureztatzetik dator, eta ureztatze hori oso absurdoa izan da askotan».

Emplacement

cafe zentral

Iruñea. Nafarroa