Dantzaldia, inoiz baino nazioartekoagoa bere 25. urteurrenenean

Date

24.09.24 - 05.12.24

Lieu

- Bilbo

Melania Olcina, aurtengo Estatu espainiarreko saria dantzaren atalean, jaialdiaren aurkezpenean.
Melania Olcina, aurtengo Estatu espainiarreko saria dantzaren atalean, jaialdiaren aurkezpenean. (Juan Carlos TOLEDO)

Bilboko Nazioarteko Dantzaldia jaialdiak 25. urteurrena ospatuko du bere edizio nazioartekoenarekin. Italia herrialde gonbidatua izango da, eta Vietnamdik, Herbehereetatik, Greziatik edo Portugaldik iritsitako proposamenak egongo dira eta espainiar Estatuan estreinaldiak diren lau pieza partekatuko dira.

Guztira hamar bat hitzordu programatu dira dantza garaikidearekin Bizkaiko hainbat agertokitan abenduaren 5era arte. Guggenheimek, Alondegiak, Barakaldo Antzokiak edo La Fundicion-ek (lehiaketaren areto bultzatzaile eta programatzailea) ikuskizunak ez ezik, masterclass bat, tailer bat eta, are, dantza-zinema ere hartuko dituzte.

Italiatik datozenak

2000. urtean sortu zen jaialdi bizkaitarra. Italia izango da herrialde gonbidatua, «Tempi di danza Italiako dantza garaikidearen hedapenaren alde lan egiten duen erakundearen konplizitateari esker», azaldu du Laura Etxebarriak, Dantzaldiako zuzendarikideak, astearte goizean inaugurazio-ikuskizunaren aurretik eman duen prentsaurrekoan.

Horrela, Alpeetako hiru konpainiak ikuskizun bana estreinatuko dute espainiar Estatuan: Nicola Galiren ‘Deserto tattile’ (azaroaren 7an, Alondegian), Luna Cenereren ‘Shoes on’ (azaroaren 17an, La Fundicionen) eta Jacopo Jennaren ‘Some Choreographies’ (azaroaren 21ean, Alondegian).

Dantzaldia 2024k espainiar Estatuan eskainiko duen laugarren estreinaldia azaroaren 30ean iritsiko da Portugaldik (‘Feedback’, CRL, La Fundición).

Baina nazioarteko bisitak ez dira aipatutakoekin amaitzen. Lehiaketaren hurrengo eguna (urriaren 1a, asteartea) Bilboko Arte Ederren Museoan izango da berriz ere. Bertan, Icaza hall handian eta Juan Muñozen ‘Hanging Figures’ eskulturen azpian, Hang Tho Creative (Vietnam/Herbehereak) eta Small Axe (Grezia) konpainien emanaldiak izango dira.

Doako sarrerarekin (gonbidapena erreserbatuz pinakotekaren webgunean), muntaia labur bana aurkeztuko dute: ‘False Memories’ eta ‘Farisa’, hurrenez hurren, Kanarietako Masdanza dantza garaikideko pieza laburren jaialdi nagusiko Nazioarteko Epaimahaiaren Lehen Sariaren irabazleak 2022an eta 2023an.

Flamenko berriaren adierazle
 
Programazioa flamenko berriari eskainitako bi jardunaldik osatuko dute. Jose Maldonado katalanak ‘Galería’ estreinatuko du Euskal Herrian, flamenkoa eta denbora errealeko sorkuntza piktorikoa uztartzen dituen proposamena, lau eszenatan garatzen dena, bakoitza lau artista ikonikoren omenez: Manuel de Falla, Federico García Lorca, Salvador Dalí eta Carmen Amaya.

Guggenheim museoa (azaroak 23) eszenatoki bikaina izango da dantza, musika eta pintura uztartzen dituen proposamen paregabe baterako.

Hurrengo astean, azaroaren 29an, Malagako Rocio Molina dantzari ospetsuak (2010eko sari estatala, Interpretazio modalitatea; Max 2015, koreografia onenari, 2022ko Arte Ederretako Merezimenduari Urrezko Domina eta 2023ko Talia, emakumezko dantza interprete onenari) ‘Variaciones de Lo Inefable’ ikuskizuna ekarriko du Barakaldo Antzokira.

25. edizioaren ospakizun borobil honek ere hainbat jarduera paralelo izango ditu. Dantza-zinema egongo da, ‘La Singla’ (Paloma Zapata, 2023) dokumentalaren proiekzioarekin, 18 urte bete aurretik flamenkoa irauli zuen baina 30 urte bete aurretik agertokietatik desagertu zen dantzari gorrari buruzkoa.

Gainera, aipatutako Jose Maldonadok profesionalentzako masterclass bat emango du Leioako Andoni Aresti Dantza Eskolan, eta Sharon Fridman koreografoak La Fundición bisitatuko du abenduan, dantza inklusiboko tailer bitxi bat proposatzeko.

Bertan, publiko orokorrak –ikusleak eta itsuak– bere gorputz-mugimenduarekin esperimentatuko du itsu-itsuan, itsutasun garaikidea (metaforikoa) irudikatzeko. Ordainpeko ikuskizunetarako sarrerak –5,60 euroko prezioan salduko dira, lehiaketaren helburu nagusia beti izan baita «dantza garaikidea publiko zabalari hurbiltzea», antolatzaileen hitzetan– dagozkien webguneetan eta leihatiletan daude eskuragarri (Guggenheimekoak izan ezik, laster jarriko baitira salgai).

 

Emplacement

Azkuna zentroa

Bilbo.