Dardara Fest jaialdia Zumaian

Date

17.08.24 - 17.08.24

Lieu

Gipuzkoa - Zumaia

Eire Salegi eta Eire Maia musikariek osatzen dute Eire bikoa
Eire Salegi eta Eire Maia musikariek osatzen dute Eire bikoa (EIRE)

Abuztuaren 17an Dardara Fest jaialdiaren edizio berri bat ospatuko da Zumaiako Amaia plazan, hamahirugarrena. Urtero bezala afitxe erakargarria osatu dute Zumaiako Musika Kolektiboko kideek, proposamen berriak eta talde beteranoak uztartuz emanaldian. 19.00etan igoko da lehen taldea agertokira, eta goizaldean amaituko da musika festa. Eire, Leihotikan, Ithaka, Dead Sequoia eta Sioque taldeak osatuko dute kartela, doakoa izango den emanaldian.

Eire taldea topera dabil udara honetan. Guztira 13 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu bandak uztaila eta abuztuan zehar, eta abuztuaren 17an bi kontzertu eskainiko dituzte. Dardara fest jaialdian aritzeaz gain, Zizurkil herriko jaietan ariko dira Añube taldearekin batera. Zizurkilen joko dute lehen, 22.30ean, eta Zumaian itxiko dute gaualdia, etxean. Bi emanaldi hauetan ‘Zauriren bat bistan’ diskoa aurkeztuko dute, bikoaren lehen kantak biltzen dituen debuteko lana.

Kostaldeko indarra

Ithaka taldeak ere estreinuko diskoa aurkezten dabil Euskal Herrian zehar. Aste beroa izango du Orioko bandak, eta Gabirian, Aretxabaletan, Laudion eta Bilbon ariko dira zuzenean, Zumaian amaitzeko abuztuaren 17an. Musikalki 90. hamarraldiko rocketik edaten du laukoak, distortsioak eta melodiak batuz kantuetan. ‘Biluzten’ diskoan ederki erakusten dute hori, zuzenean eztanda egiten duten kantu bizietan.

Leihotikan taldeak, ordea, hiru hamarkadatako musika bidea osatu du Euskal Herriko punk rock eta hardcore errepidean. Etenik gabeko bidea osatu du banda nafarrak, eta diskografia oparoa batu dute taldearen aro bakoitza disko batean irudikatuz. Estudioko azken diskoak ‘Etorkizuna ginenean’ izena darama, eta sustraietara itzuli da banda disko azkar eta melodiko bat osatuz. Disko berriko kantuekin batera, betiko klasikoak entzungo dira Zumaiako emanaldian.

Sioque izen bitxiaren azpian Burgos hiritik datorren musika taldea topatuko dugu. Musikalki soul, rock eta blues giroak lantzen dituzte emakume ahots indartsuaz, eta bidea egiten ari dira gurean. Gaueko ezustekoa izan daiteke,  beraz, adi taldearen emanaldiari.  

Eta kartela osatuz, Zumaia bertatik datorren talde bat izango da. Dead Sequoia garage punk giroetan dator, lo-fi soinuaz, eta riff basatiez beteriko kantuetan. Laster argitaratuko da talderen disko berria, eta ziur horietako kantu batzuk aurreratuko dituztela larunbateko emanaldian.

Emplacement

Amaia plaza
Amaia plaza
Zumaia. Gipuzkoa

Liens