Donostiako Piraten eskutik musika askea Flamenkan

Date

10.08.24 - 17.08.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Sara Socas abeslariak rap giroko emanaldia eskainiko du.
Sara Socas abeslariak rap giroko emanaldia eskainiko du. (ANA BELTRAN)

Laranja koloreko afitxean zabaldu dute Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko musika eskaintza. Azken urteetan bezala bi gune nagusietan burutuko dira zuzenekoak, eta Portuko Flamenkan eta Trini plazan ospatuko dira kontzertuak gaueko 23.05etik aurrera. Guztira 25 musika proposamen ikusteko aukera izango da Aste Nagusiak iraungo duen zortzi gauetan zehar, eta urtero legez, askotariko doinuak entzun ahalko dira Piraten gune askeetan.

ABUZTUAK 10 LARUNBATA
Azken urteetan egin bezala erromeri talde batek zabalduko du Piraten egitaraua Flamenka gunean. Abuztuaren 10ean izango da, gaueko 23.05etan, eta aurten Akerbeltz taldeari egokitu zaio piratak dantzan jartzeko ardura.

ABUZTUAK 11 IGANDEA
Iganderako ere, musika menu ederra prestatu dute, eta bide horretan etxean ariko da Lide Hernando musikariak gidatzen duen Bele egitasmoa. Aurten zintzilikatu du sarean ‘Errari’ debuteko diskoa, eta nagusiki sustraidun musika beltza nagusituko da emanaldian. Ondoren, jaia luzatzeko, goizaldeko 01.00etan Hofe igoko da agertokira. Neguan aretoetan zehar bira burutu du, eta uda honetan Euskal Herriko jaigune askotan aritu da zuzenean 4:40 banda agertokian lagun. Elektronika lanabes, gaur egungo giroetan sakontzen du abeslari nafarrak, punk jarrera handiaz.

ABUZTUAK 12 ASTELEHENA
Astelehenean abordaia eguna izango da, eta arratsean dozenaka baltsa itsasoratu eta gero, 20.00etan Los Zopilotes Txirriaos taldearekin gozatzeko aukera izango da. Napar-mexaren errege berriak ohiko kantu eta ereserkiak joko dituzte, ‘hit’ kargadorea beteta. Suak amaitzean taularatuko dira Tremenda Jauria taldeko kideak. Kutsu elektronikoa duten reggaetoi eta cumbia feminista pirata guztiak dantzan jartzeko. Gaualdia La Fulana disko jartzaileak borobilduko du, Donostia bertatik agertoki handia sutan jarriz bere musika sesioarekin.

ABUZTUAK 13 ASTEARTEA
Bestelako giroetan etorriko da asteartea. Ohiko rocka, elektronika eta popa alde batera utzita Albina Stardust eta Divina Comediaren drag ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Kantu eta dantza askeak, mundu berri batean mapan. Gaueko ginda DJ Pezon eta DJ Azkura disko jartzaileek jarriko dute.

ABUZTUAK 14 ASTEAZKENA
Asteazkenean talde bakarra ariko da, eta hortaz 00.30etan hasiko da Bulego taldearen zuzenekoa. Pasa den urtean Saguesen aritu ziren, Donostiako jaien gune handienean. Aurten Piraten deiari baietz esan eta Flamenkan ariko dira. Gaur egun gurean den talde esanguratsuen artean toki bat egitea lortu du talde azkoitiarrak, milaka zaletu batuz euren doinuetara.

ABUZTUAK 15 OSTEGUNA
Ostegunean bi musika proposamen ausart ikusteko aukera izango da. Gaualdia zabaltzen, Nafarroatik Burutik taldea ariko da. Dagoeneko zazpi urteko bidea egin du bandak, eta argitaratu duten disko bakoitzean zerbait berria proposatu dute. Banda gaztea izan arren, badute eskarmentua, eta hori erakutsiko dute akordeoiak gidatzen duen pop rock doinu gozoekin. Goizaldeko 01.00etan Nakar taldeak hartuko du eszena, Donostia bertatik, post-punka eta elektronika giroetan barna. Laster argitaratuko da taldearen disko berria, eta bitartean debuteko ‘Lore eta laban’ izango dute zuzeneko kantu zerrendaren zutabe.

ABUZTUAK 16 OSTIRALA
Ostiral gauean, berriz, gitarrak zorroztuko dira Flamenkan. 23.05etan Pelax banda ariko da zuzenean aurten kaleratu duten ‘Esan gabe Doa’ diskoa besapean. Garapen handiko rocka, base erritmiko indartsua eta gitarra beroak proposatzen ditu banda donostiarrak, zuzenean eztanda egiteko prest diren kantuetan. Distortsioaren bidetik iritsiko da ondorengo taldea: Belako. 01.00etan taularatuko da Mungiako banda, eta ‘Sigo Regando’ diskoaren kantuekin batera, azken hamarkada honetan egin dituzten klasikoak joko dituzte emanaldian.

ABUZTUAK 17 LARUNBATA
Abuztuaren 17koa azken musika gaua izango da La Flamenkan. Gaueko lehen protagonista Sara Socas izango da. Kanariar uhartetatik datorren rap abeslaria da honakoa, Freestyle giroetan, errima eta erritmo bizietan. Bestelako erritmoetan amaituko da gaua Juantxo Skalari & La Rude Band taldearen ska, reggae eta rocksteady giroekin.

Trinian, afalondoren

Azken urteetan egin bezala Trini plazan ere zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da afalondoren. Musika eskaintza anitza prestatu dute Piratek, eta gauero doinu anitzak izango dira nagusi. Lehen gauean Rukularen rock instrumentala eta K. TTipiaren musika pintxadaz gozatzeko aukera izango da. Igandean Dj Dultze Meneoren musika saioa, eta astelehenean Andoni Ollokiegiren ikuskizuna. Asteartean pop doinuak izango dira nagusi Aria musikariaren saioarekin, eta asteazkenean La Jodedera taldearen erritmo kubatarrek girotuko dute gaualdia.

Ostegunean Felix Rudiger eta Vincent Bestaven musikariak ariko dira, bi gitarretara. Ostiral gauez Eraul egitasmoa taularatuko da, aspaldiko partez, banda formatuan eta kantu berriak besapean. Triniko azken emanaldia abuztuaren 17an izango da, giro akustikoetan datozen Elene eta Anuk musikari gazteen eskutik.

Emplacement

Flamenka gune pirata
Portua
Donostia. Gipuzkoa

Liens