Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Ipar Irlanda eta Man irlak, musikak lotuta Galdakaon

Date

25.10.24 - 26.10.24

Lieu

Bizkaia - Galdakao

Asteazken honetan aurkeztu da Musika Bizian jaialdia.
Asteazken honetan aurkeztu da Musika Bizian jaialdia. (GALDAKAOKO UDALA)

Musika Bizian jaialdiaren 10. edizioak Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Ipar Irlandako eta Man irletako taldeak gonbidatu ditu Galdakaora urriaren 25ean eta 26an. Kultura, musika eta hizkuntzaren bidez Euskal Herria bezala munduan zehar dauden estaturik gabeko herrialdeen arteko lotura sustatu nahi du Andra Mari Dantza Taldeak.

Aurtengo edizioa Torrezabal Kultur Etxean aurkeztu dute asteazken honetan Iñigo Hernandok, Galdakaoko alkateak; Edurne Espillak, Galdakaoko Kultura zinegotziak; Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak; Unai Zabalak, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko presidenteak; eta Uxue Bejaranok, dantza taldeko kideak.

Iñigo Hernandok Musika Bizian jaialdiak «gurea bezalako herri batentzat duen berebiziko garrantzia» azpimarratu du, eta, «bizi dugun globalizazio une honetan estatu gabeko herrialdeei ahotsa ematea hemen, Galdakaon, oso esanguratsua» dela adierazi du. Bestalde, «herria aurrera eramateko» Galdakaon dauden elkarteen garrantzia nabarmendu du: «Andra Mari dantza taldea bezalako eragile kulturalak herrian izatea guretzat ohore bat da», esan du alkateak.

Bere partez, Edurne Espilla zinegotziak «estatu gabeko herrialdeak beste kultura handi baten ondoan» bizi direla nabarmendu du eta horregaitik «oso garrantzitsua eta aberasgarria» dela «kultura, musika etabarren bidez ez bakarrik beren musika ezagutzera ematea, baizik eta bere herria ordezkatzea».

Sentimenduak jarri ditu antzekotasunak ikusarazteko: «Gu, euskaldunok, munduan zehar gabiltzanean eta gure kultura erakusten dugunean benetan harro sentitzen gara eta hona datozenak ere harrotasun hori adierazten dute».

Azkenik, alkateak bezala, Galdakaoko «kultur eragile sare zabalagatik harrotasuna» erakutsi du, eta gainera, herrian «gazteak aldaketa generazionalaren lekukoa hartzeko prest» ikusten dituela adierazi du.

Begoña de Ibarrak Andra Mari Eusko dantzari taldeari eta Galdakaoko Udalari eskerrak eman dizkie Musika Bizian jaialdia «berriro herrira ekartzeagatik». Ekimenari buruz, «kultura anitzen jaialdiaz eta transmisio multikulturalaz» ari dela azaldu du: «jai giroan egiten dugun eta gure kultura indartzeko aukera ematen digun jaialdia da».

Bestalde, erakunde eta entitateen «komunitateen loturak estutzen» dituela nabarmendu du eta Andra Mari dantza taldea zoriondu du herrialde horiek ezagutzera emateagatik. «Bere lana inspiratzailea da», aitortu du.

Dantza taldearen presidente den Unai Zabalak esan du «jaialdiaren filosofia hamar urte ostean berbera» dela: «Euskal Herriaren antzera dauden kulturak ezagutzera ematea». Balio handia eman dio parte hartzen duten pertsona guztiak boluntarioak izateari; «bolondresak dira kulturari dioten maitasunak bultzatuta».

Bestalde, Musika Bizian-en parte hartzen duten herriei buruz, «munduan zehar, garai gogor honetan, estatu handi batzuek herri txiki batzuen gainetik pasa nahi dutela» esan du, eta «bere egunean hemen egondako palestinarrei» oroitzapena bidali die.

Azkenik, Uxue Bejaranok bi egunetarako egitaraua erakutsi du, Luthierrek eta musikari artisauek, beste behin, edukiko duten garrantzia azpimarratuz. «Musika ulertzeko eta bizitzeko abagunea erakutsiko da; luthierrik eta musikari artisau barik ez legokeelako musikarik, funtsezkoak dira», adierazi du.

Gainera, oso garrantzitsutzat jo du «kultura gutxiengotu eta zapalduen arteko elkartasun jaialdi honek, musika kontsumitzeko moduak aldatu diren garai honetan, 20 lurralde baino gehiagoko taldeak ekarri dituela oholtza hauetara».  

Sarrera doan da.

Hurrengoa de Musika Bizian jaialdiko egitaraua:

Urriak 25, ostirala

19.00. Taberna Ibiltaria, Santi Brouard enparantzatik hasita


21.30. Brian Finnegan & Hunger of the Skin (Ipar Irlanda) eta Tapia eta Leturiaren (Euskal Herria) kontzertuak, Iturrondoko karpan.

Urriak 26, larunbata

12.00. Luthier Azoka eta musika tresnen erakustaldiak zein umeentzako musika tresnen tailerrak Iturrondoko karpan, eta kale animazioa Xistra de Coruxo (Galiza) eta Ad Libitum (Galdakao) taldeekin.


19.00. Burrunba elektrotxarangaren kale animazioa, Santi Brouard enparantzatik hasita
.

21.00. Tomas Gallister & Friends (Man irlak), Xavi Sarrià (Katalunia) eta Leihotikan (Euskal Herria) taldeen kontzertuak, Iturrondoko karpan.

Emplacement

Iturrondo Plaza
Iturrondo Plaza
Galdakao. Bizkaia