Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Urretxun izango du hasiera irailean

Date

14.09.24 - 14.12.24

Lieu

Gipuzkoa - Urretxu

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria Asier Azpiroz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua Goizane Alvarez
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria Asier Azpiroz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua Goizane Alvarez (Gorka Rubio | FOKU)

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egiteko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria Asier Aspiroz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua Goizane Alvarez elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.

Txapelketak Urretxun izango du hasiera irailaren 14an eta Donostiako Ilunben amaituko da abenduaren 14an. Aurtengo Bertso Txapelketa berezia izango da. Izan ere, txapelketa honek izaten duen ohiko lau urteko zikloari urtebete gehiagoko itxaronaldia gehitu behar izan zaio 2019an izan zen Covid 19aren ondorioz. «Pandemiak Gipuzkoako bertsolaritzan ere ondorioak ekarri ditu. 2020ko martxotik bertso saio kopurua ikaragarri jaitsi zen. Egoera horri buelta emateko dihardu lanean Bertsozale Elkarteak», aipatu zuten.

Aurtengo txapelketak beste berezitasunik ere izango du aurten, aurten 50 urte bete baititu lehen haurren bertso eskolak. Ospakizun honengatik, udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea.

Txapelketaren helburuak

Aurretik aipatutako testuingurutik abiatuta jokatuko dute aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta honako helburu zehatz hauek izango dituela aipatu zuten: «Egungo bertsolaritzak plazan duen aniztasuna islatzea, bertso eskolekin landutako harremana hobetzea eta sakontzea eta azkenik, bertsolaritza Gipuzkoako euskal kulturaren parte denez, ekosistema hori elikatzen saiatzea».

Kartelak, bere aldetik, aurtengo honetan Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilariak eginikoak izan dira. Lehenengo irudiak udaberriko fasea irudikatzen du. Hau, Uztapide bertsolari ezagunak eta Leintz Bailarako lehen bertso eskolako bertsolariek batera duten argazkian dago oinarrituta. Gorriz daude hauek islatuta.

Bere aldetik, udazkeneko fasekoak urdinez beste hamaika aurpegi ezezagun irudikatzen ditu. «Irudia 50. urteurrenarekin lotu nahi izan dugu. Horretarako, irudiko bi koloreak, gorria eta urdina, bertsolaritzaren transmisioa, belaunaldikotasuna eta jendearekin daukan konexioa irudikatu nahian erabili ditugu», esan zuen Aspirozek.

Txapelketaren egitura

74 bertsolarik hartu dute parte aurre sailkapenean. Bi bueltatara jokatu da sailkapena. «20 saio izan dira Gipuzkoako herri txiki askotan, udaberrian zehar. 74 bertsolari horietatik, 34k lortu dute udazkeneko txapelketara sailkatzeko txartela eta hauei, orain, gehituko zaizkie duela bost urteko txapelketan zuzenean sailkatu ziren 14 bertsolariak, batzuk finalistak besteak finalerdian kantatu zutenak», azaldu zuen Azpirozek. Guztira 48 bertsolari izango dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eta horietatik zortzik lortuko dute finalera iristea.

Lehiaketaren egitaraua

Irailaren 14an emango zaio hasiera txapelketari eta abenduaren 14an Donostiako Ilunben emango zaio amaiera, finala bertan eginez. 3 hilabeteko epe horretan 16 saio jokatuko dira guztira: 7 final zortziren, 5 final laurden, 3 finalaurreko eta, azkenik, finala.

Gainera, Azpirozek aipatu zuen txapelketaz gain udaberria ere bertsoz josita izan dutela. «Alde batetik, gelatik plazara ekimena aurrera eraman dugu, bertan bertsolaritza eskoletan ikasten duten gaztetxoak, 15 urtetik beherakoak, parte hartuz. Bestetik, eskola arteko txapelketa ere izan da eta bertan 15-18 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu dute bat-batean bertsotan aritzeko aukera edukiz».

Sarrerak

Txapelketaren sarrerak ostegun honetan bertan jarri dira salgai bertsosarrerak.eus atarian. Aldiz, fisikoki ere erosteko aukera egongo da saioak ospatuko diren herrietan. 18 urtetik beherakoek «onurak izango dituzten prezioetan» aipatu du Azpirozek.

Txapelketaren jarraipena online egin nahi duenak, ikusteko aukera izango du bertsozale elkartearen webgunean. Webgunean bertan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak atal propio izango du lehiaketaren informazio guztiarekin. Jarraipen berezia ere egingo dio txapelketari bertsoa.eus hedabideak, fasez faseko segimendua eginez. Sare sozialetan ere jarraipena egiteko aukera egongo da, hala nola, Facebook, Twitter edo Instagram plataformetan #GBTX24 gakoa erabiliz.

 

Emplacement

Labeaga Antzokia
Labeaga Kalea, 18, 20700
Urretxu. Gipuzkoa