‘Heinsenberg’, emakume eta gizon baten enkontrua eszenan, ezustekoa bezain erabakiorra

Date

03.12.24

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Ramon Agirre eta Naiara Arnedo, obraren eszena batean.
Ramon Agirre eta Naiara Arnedo, obraren eszena batean. (Gorka BRAVO)

Alex Priestek 75 urte ditu, 42 Ciare Burnsek. Ezusteko batek elkartuko ditu. Londresko Saint Pancras geltokian egingo dute topo. Bizkarka ikusiko gizona emakumeak eta lepoan musu emango dio. Izan ere, aitarekin nahastuko du. Ustekabekoa eta kasik absurdoa –aita hilda dago urtebete lehenagotik– den enkontruak bien bizitzak aldatuko ditu.

Aizpea Goenagak euskara ekarria, astearte honetan, Euskararen Egunean, eskainiko du Tanttaka konpainiak Bilbon. 19.30ean da hitzordua Arriaga Antzokian.

Fernando Bernuesek bere gain hartu du zuzendaritza eta espazio eszenikoa. Zuzendari laguntzaile lanetan, ondoan izan ditu Andrea Gallego eta Eriz Alberdi. Agertoki gainean, Ramon Agirre eta Naiara Arnedo. Jantziez Ana Turrillas arduratu da eta argiztapen diseinua David Bernuesek egin du.

«‘Heinsenberg’, batez ere, «bikote bitxi» garaikide baten
ustekabeko harremanean murgiltzen gaituen testu bikaina da. ‘Ziurgabetasunaren printzipioa’ 1972an formulatu zuen Werner Heisenberg fisikari alemanak, eta horixe hartu du oinarri egileak
 ia antagonikoak diren bi pertsonaiaren arteko istorio berezi hau garatzeko. Emakumea aldakorra, kartsua, dibertigarria eta, tarteka, iruzurtia da... Gizona hura baino dezente helduagoa da, lasaia –agian baita aspergarria ere–, txukuna eta sistematikoa, eta ez du itxaropen handirik berehalako etorkizunean. Baina biak elkartzean, emaitza ‘komedia erromantiko’ harrigarri –eta ez oso ortodoxo– bat izan daiteke», adierazi dute Tanttaka konpainiatik.

«Tratamendu dramaturgikoa oso eraginkorra eta burutsua da, istorioa
 narrazioan aurrera egiten eta harremanaren funtsezko uneetan kokatzen laguntzen diguten eszena oso zuzenen bidez aurkezten baitu, beharrezkoak ez diren testuinguruari buruzko daturik eta itzulingururik gabe, eta aldi berean, kontakizunak aurrera nola egiten duen eta nola korapilatzen den (diren) erakusten digu», gaineratu dute.

Eszenaratzeari dagokionez, egileak espazio biluzian lan egitea proposatzen du, «hurbilketa errealista bat saihestuz beharrezko gutxieneko eszenografia-elementuak erabiltzen dira».

Sarrerak leihatilan eta online eskuragarri.

Emplacement

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia