Idoia, igande eguerdiz Oñatin
Date
01.12.24 - 01.12.24
Lieu
Gipuzkoa - Oñati
Idoia eta bere bandak kontzertua eskainiko dute igande eguerdiz Oñatiko Verdury Hall - Gaztelekuan ‘matinne kontzertu’ eran. Pasa den martxoan argitaratu zuten ‘De amar y desandar’ diskoa, eta geroztik kontzertu biran murgilduak dira bakarkako eta talde erako emanaldiak eskainiz. Kontzertua 12.30ean hasiko da, eta sarrerak aurrez eskuratu daitezke herriko Txokolateixan. Era berean, www.onati.eus atari digitalean eskura daitezke sarrerak on-line bidezko erosketan. Aurrez 10 euroko balioa izango dute, eta egunean bertan eskuratuz gero, 12 euro ordaindu beharko dira aretoaren leihatilan.
Bide polita osatu du Idoia Asurmendi musikari gazteak urte hauetan guztietan. Bakarka eman zituen lehen pausoak pianoa eta gitarra akustikoa lagun bakar, eta denboraren poderioz banda sortu zuen kantuei indar gehiago emateko asmoz.
Debuteko diskoa mugarri handia izan zen, eta lan berriarekin aurrez abiatutako bidean sakontzen du. ‘De amar y desandar’ diskoa estudioko bigarren emaitza. 8 abestiz osaturiko disko kontzeptuala da, 8 oroitzapenen bitartez loratze bat kontatzen duena. Diskoak kolaborazio bakar bat izan du, hain zuzen ere oñatiarra den Haritz Olaeta abeslarirena ‘Sarearena’ abestian. Beraz, igandekoa berezia izango da Oñatin.
Bakarkako emanaldietan Idoiaren alderik xumeena senti daiteke. Ahots melodikoek indar izugarria hartzen dute, eta pianoa edo gitarra lagun, giro akustikoetan barneratzen da. Talde eran taularatzen denean berriz, emaitza indartsuagoa da, eta kantuak beste moldaera bat hartzen dute, abesti biluziek jantzi ederrak hartzean.
Datozen asteetan errepidean izango da Idoia, eta bide horretan Deba, Hernani eta Tolosa bisitatuko ditu urtea amaitu baino lehen. Gainera, kontzertu ugari eskaintzen ari da gure mugetatik kanpo, eta bide horretan, datorren martxoan Madrilen arituko da Izarorekin batera hitzartu duen emanaldi berezian.
Emplacement
Gaztelekua
Gaztelekua
Oñati. Gipuzkoa