Isabel Azkaratek artearekin eta sortzaileekin duen harremanaren lekuko da San Telmo

Date

27.01.24 - 05.05.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Isabel Azkarate, ostegun honetan, San Telmo Museoan.
Isabel Azkarate, ostegun honetan, San Telmo Museoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostian ikusgai dauden bi erakusketaren protagonista da Isabel Azkarate. Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan otsailaren 25a arte zabalik dagoenari San Telmo Museoak maiatzaren 5a bitarte hartuko duena gehitu zaio. «Bi erakusketekin, Donostiak omenaldia egiten dio argazkilari donostiarrari, eta publiko zabalari aukera ematen dio Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo oraindik gutxi ezagutzen den egile baten ibilbide profesional zabala eta askotarikoa ezagutzeko. Nolanahi ere, ezinbestekoa den Isabel Azkarateren argazki-ondareak XX. mendeko emakume argazkilarien historia osatzen du», adierazi dute.

Ostegun honetan aurkeztu dute erakusketa berria hedabideen aurrean. Ekitaldian izan dira Isabel Azkarate argazkilaria bera; San Telmo Museoko zuzendari Susana Soto; Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendi; Silvia Omedes komisarioa.

Erakusketaren emaitzarekin pozik agertu da Azkarate. «Ikusleek gustukoa izatea espero dut. Sekulakoa da nire lana museo batean erakutsi ahal izatea», izan dira aurkezpenean esandako hitz apurrak.

Azken hau, Photographic Social Vision Fundazioaren zuzendaria, arduratu da Donostiako bi erakusketen komisariotzaz. Hiru argazki-serie bildu dira San Telmon. Lehenengo sailak euskal kulturgintzako hamabost artista esanguratsuren erretratuak biltzen ditu. Euren tailer eta estudiotan eginak dira irudiak. Jorge Oteiza, hark hain berezkoa zuen keinua eginez, bekainak goranzka zituela,  harrapatu zuen kameraz. Azkaratek euskal sortzaile handiekin zuen harreman estuaren erakusle. Jose Antonio Nielfa ‘La Otxoa’ kamerinoan ikus daiteke. Rafa Berrio, bere kasara, zigarroa erretzen.

Ez dira hitzartutako argazkiak, egileak harreman pertsonala du kameraz bestalden dauden pertsonaiekin. Artea betidanik maitatu du Azkaratek. ‘Arte eta parte’ izenburupean aurkeztu du San Telmok erakusketa.

Margolariak, eskultoreak, idazleak, musikariak eta zinemagileak... denak jarri ziren prestu argazkilariaren fokupena. Eduardo Chillida (Juana de Aizpuru galeristarekin), Juan Luis Goenaga, Ana Busto, Javier Gurruchaga eta Pedro Ayestarán, Andres Nagel, Alejandro Garmendia, Bernardo Atxaga, Vicente Ameztoy, Daniel Calparsoro, Jose Miguel Barandiaran... zerrenda luzea da. San Telmon Azkaratek egindako dozenaka argazkiren lagina besterik ez da. Zuri beltzezko betaurrekoak soinean egindakoak. Halaxe dira erakusketako argazki denak.

Euskal Herria utzi eta 30 urte bete berri zituenean AEBra jo zuen Azkaratek. New Yorkera, zehazki. Munduan zehar asko bidaiatu zuen argazkilariak. Mugimendu kontrakulturalaren jaiotzaren lekuko izan zen.

Bigarren seriea mundu osoan, han-hemen, galeria eta museoetan hartutako hamazazpi argazkik osatzen dute. Bertan, ikusleak arte garaikideko obrak aurrez aurre dituztela ageri dira. Bisitariaren atentzioa pizten dute New Yorkeko adineko emakumeak, lagun giroan, museoetan bisitari ikus daitezkeneko irudiak. Baita 1985ean Pariseko Isy Brachot galerian emakumeen gorputzaren irudikapen hiperrealisten aurrean publikoak zuen erreakzioa ere. «Emakumearen gorputzari galderak luzatzen zaizkio», esan du Omedesek.

«Pertsonaia anonimo horien kontenplazioa argazkilariaren begirada ironiko eta ausartak harrapatu zuen, eta orain, irudi horiek erakutsiz, ispilu-jokoa osatzen du. Hala, erakusketa honen ikusleek zera ikusiko dute: behatzen ari den eta aldi berean behatua izaten ari den jendea, zirkulu voyeuristiko bertutetsu bat osatuz», adierazi dute.  

Hirugarren sailak, ‘Biltegira eramandakoak’ izenekoak, 90ko hamarkadan New Yorken, American Museum of Natural History-n, egindako argazki saiakera bat ezagutarazten du. Sekula ez ditu erakutsi Azkaratek irudiok. Bertan, museoaren biltegian abandonatutako amerindiarren eta afroamerikarren bustoen bilduma bat deskubritu zuen Azkaratek langile baten bidez. Erakusgai ez zirela erabaki eta katalogoz kanpo utziak denak.

Izaki ahaztuak dira, estigma bikoitz baten gainetik bizirik irauten zutenak: batetik,  arrazializatutako estatubatuarren komunitate bat ordezkatzea eta herrialdearen historia ofizialean bigarren mailako protagonistak izatea. Eta bestetik, irudikapen zaharkitu eta politikoki zuzena ez dena izatea, museoen diskurtsotik kentzera eraman zituena.

«Ahotsa, duintasuna, ematen die objektu bizigabeei», nabarmendu du komisarioak. Era berean, Azkaratek kameraren bestaldean dagoenarekiko erakusten duen enpatia aipatu du. Beste identitate batzuk erregistratzeko gogoa adierazten du modu horretan, bere nortasun propioa erregistratzen duen bitartean.  

Sarrerak webgunean eta leihatilan salgai. Asteartetik igandera 10.00etatik 19.00etara bisita daiteke. Apiriletik aurrera 10.00etatik 20.00etara. Astelehenetan itxita, jaiegunetan irekita.

Emplacement

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa