‘Julia Fernandez Zabaleta’ pastorala ikusteko azken aukera, larunbat honetan Altzain

Date

19.10.24

Lieu

Zuberoa - Altzai

Altzain izanen da ‘Julia Fernandez Zabaleta’ pastorala ikusteko azken aukera.
Altzain izanen da ‘Julia Fernandez Zabaleta’ pastorala ikusteko azken aukera. (ZALDIKO MALDIKO)

Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak prestatua, ‘Julia Fernandez Zabaleta. Emakume aitzindariak’ ikusgarria hiru aldiz eman da aurten, hirurak ere Iruñean eta arrakasta handiz, hiru saioetan sarrera guztiak agorturik.

Orain, pastorala ikusteko azken aukera izanen da larunbat honetan (urriak 19), 15.00etatik aitzina Altzaiko eskolako arrabotüan, Xiberoko ikastolek antolaturik. Euria bada, Altzaiko salan eginen da.

Pastoralak Julia Fernandez Zabaleta (1898-1961) Iruñeko maistraren bizitza kontatzen du. Juliaren bizitzak hiru ardatz izan zituen: pedagogia berria ekarri zuen, emakumeen eskubideen alde borrokatu zen, eta euskara eta euskal kultura sutsu bultzatu zituen.

Pastoraleko errejenta Ihitz Iriart Cassenave kultur sortzailea da, Alozeko Mendiondon sortua, aspaldin Iruñean bizi dena eta Zaldiko Maldiko elkarteko kantu tailerraren eramailea. Hainbat pastoraletan aritua, Amaren Alabak taldeko kantaria ere bada. Pastorala Mikel Taberna Irazoki idazleak idatzi du, Alkaiagan sortua eta Iruñean bizi dena. Poesia eta ipuingintza landu ditu batez ere, eta eleberri bat: ‘Alkasoroko benta’.

Arizaleak eta musikariak, funtsean, Iruñeko bizilagunak dira. 31 arizale eta zortzi musikari, baita Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua bertsolariak ere.

Sarrerak 15 euroan dira salgai Atharratzeko Curutchague magasian eta Mauleko Euskalduna ostatüan. Baina Altzain bertan ere salduko dira.

Emplacement

Eskola

Altzai. Zuberoa