23 film luzerekin osatu du Sail Ofiziala Beldurrezko Zinemaren Asteak

Date

25.10.24 - 01.11.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

‘Una ballena’ filmaren fotograma.
‘Una ballena’ filmaren fotograma. (FANTASIAZKOA ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA.)

Urriaren 25ean, ostirala, Nacho Vigalondo zuzendari duen ‘Daniela Forever’ (2024) euskal produkzioak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteari Antzoki Zaharrean, eta Pablo Hernandoren ‘Una ballena’ (2024) euskal produkzioak bertan emango dio amaiera azaroaren 1ean.

Bi data horien artean, fantasiazko zinemak aurten eman dituen film luze eta labur onenen hautaketa bat proiektatuko da, eta hainbat jarduera egingo dira programazioa osatzeko. Gainera, beste euskal produkzio bat estreinatuko da Euskal Herrian, ‘Rich Flu’ (2024), Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendua, eta beste film askoren artean ikusi ahal izango dira ‘Bodegón con fantasmas’ (2024), denboraldiko sorpresa, ‘Terrifier 3’ (2024), ‘Exhuma’ (2024) eta ‘Oddity’ (2024). Aurten 31 film luze, 45 labur eta telebistako hiru kapitulu proiektatuko dira.

Antzoki Zaharra izango da zinema jaialdiaren egoitza nagusia eta bertan proiektatuko da osorik film luzeen sail ofiziala, 23 tituluz osatua. Victoria Eugenia Antzokian, berriz, Animedon saileko filmak emango dira eta, Gaztea eta Primeran-ekin batera, Wreck (2022) seriea aurrestreinatuko da bertan. Euskal film laburren maratoia ere egingo da, EITBk emandako diru-saria izango duena lehen aldiz.

Aurten, Tabakalerako zinean eskainiko diren emanaldiek Franz Kafkaren irudia izango dute ardatz, haren heriotzaren mendeurrenean. Bertan, ‘El castillo’ nobelaren moldaketa proiektatuko da, Michael Hanekek 1997an zuzendua, eta bere obran oinarritutako edo inspiratutako film laburren saio bat ere antolatu da. Txekiar idazlearen omenaldiaren osagarri, ‘Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico’ liburua argitaratu dute Asteak eta Hermenaute argitaletxeak, Jonathan Allenek eta Jesus Palaciosek idatzia.

Bestetik, urriaren 19an, Bang Bangek ohiko saio bikoitza aurkeztuko du Antzoki Zaharrean, Astearekin lankidetzan, eta berarekin irekiko du urteko programazioa; RoboCop (1987) eta Scream (1996) ikusi ahal izango dira bertan.

Aipatutakoez gain, beste bi erakusketa daude aurten programatuta: ‘Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia’ Stéphane Levallois-en eskutik, Afundación – Obra Social ABANCAren eskutik, irailetik bi egoitzatan banatuta ikusgai, Okendo Kultur Etxean eta Aiete Kultur Etxean, batetik. ‘La rebelión de Santa Clara’, Josean Olaberen obraren sortze prozesuari eskainia, Euskal Itsas Museoan.

Beste jarduera batzuk ere ageri dira programan: Fanzineen Gerra klasikoaren 9. edizioa, Euskal Itsas Museoan eskainiko den tailer batekin, eta hitzaldiak eta liburuen aurkezpenak.

Gainera, bere jarduerekin jarraitzen du Noviembre Fantasma online hedapen-kanalak, Fancine (Malaga), TerrorMolins (Molins de Rei) eta Isla Calavera (Ciudad de La Laguna-Tenerife) zinemaldiekin lankidetzan sortuak.

Salgai daude abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Urriaren 21ean 11.30ean jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

 

 

Emplacement

Antzoki Zaharra
Kale Nagusia
Donostia. Gipuzkoa