LABO XL, arte bizien lau eguneko ospakizuna

Date

14.11.24 - 17.11.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Ion Estala eta Ana Barrantes, aurkezpenean.
Ion Estala eta Ana Barrantes, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Prest dute arduradunek LABO XL-ren seigarren edizioa. Astearte honetan aurkeztu dute egitaraua Ion Estala LABOko zuzendariak eta Ana Barrantes LABOko ekoizpen buruak.

«Artistentzako, programatzaileentzako, kultur kudeatzaileentzako eta erakundeentzako topagunea da LABO XL, baina, batez ere, arte eszenikoak ikusarazteko beharrezko ariketa da publiko zabalarentzat», esan du Estalak ekitaldian.



Donostiako espazio eta hizkuntz eszeniko berrien jaialdia azaroaren 14tik, 17ra egingo da. Arte bizien lau eguneko ospakizuna, proposamen eszeniko garaikidez betea, prestakuntza eta bitartekaritza jarduerez gain, Tabakalerako eta inguruetako hainbat espazio hartuko dituena.

Artistak, kultur eragileak, erakundeak eta publikoa elkartzen diren topagune hurbil eta irekia.

 Estalaren esanetan «artista gazte zein beteranoen hizkuntza eszeniko berrietan jartzen du arreta jaialdiak, dantzan, antzerkian eta zirkuko dramaturgia berrietan».

Egitaraua bertako, nazioko eta nazioarteko artisten proposamenez hornitzen da, emakume sortzaileen lanari eta euskarazko proposamenei lekua eta ahotsa emanez. «LABO XLk, alde batetik, arte eszenikoen sektoreari zuzendutako jardunaldi profesionalak eskaintzen ditu eta, beste alde batetik, proposamen eszeniko abangoardistaz beteriko arratsalde osoak, batzuk publiko helduarentzat eta beste batzuk, igandeko jardunaldia kasu, familia osoarentzat zuzenduak. Gure helburua dantza, antzerkia eta zirkua publiko posible guztietara eramatea da».

Aurten, lehen aldiz, kartelak ez du inor protagonista. «Dantza, antzerkia eta zirkua hitzetan jarri nahi dugu arreta. Irudi orokorraren protagonismo osoa ematen diegu, bi arrazoirengatik: bata, jaialdia haietaz elikatzen delako, jakina, haien parte garelako, haiekin lan egiten dugulako, haien bidez komunikatzen dugulako eta haien alde bizi garelako. Eta bigarrena, osatzen dituzten lanbide guztiak ordezkatzen dituztelako: interpretazioa, teknika, ekoizpena, banaketa, zuzendaritza, administrazioa...

Estreinuak

Inoiz baino gehiago azpimarratuko du jaialdiak egiten ari den nazioartekotze prozesua. Beste herrialde batzuetako errealitateak ezagutzeko asmoz, aurten paper berezia eman zaio Portugali, eta bertatik etorriko da Rui Pires zuzendari eszeniko eta kultur kudeatzailea, jaialdiko jardunaldi profesionaletan parte hartuko duena, baita Asta konpainia ere, 'Spectrum' piezarekin. Austriako eta frantziar Estatuko konpainien bisitak ere espero dira.



Estalak azpimarratu duenez «edizio honetan 20 konpainiaren 20 ikuskizun izango dira. 2 obra erabateko estreinaldiak dira, 3 estreinaldi Estatu espainolean eta 6 estreinaldi Euskal Herrian.

Erabateko estrenaldiak honakoak dira: Eva Guerreroren ‘Entre cuerpo’ (Euskal Herria) eta Lucia Montes eta Mado Dalleryren ‘After the Drop’ (Madrilgo Erkidegoa).


Estatu espainolean estreinaldiak: Hannah Scharren ‘Fassade’ (Austria), Astaren ‘Spectum’ (Portugal) eta Neskenaren ‘Badoa’ (frantziar Estatua).


Euskal Herrian lehenengo aldiz ikusiko dira Irene Naranjoren ‘Jaranda’ (Extremadura), Gu!atariren ‘Cemento Cola’ (Malaga), Halako Ezpalaren  ‘Motxila’ (Nafarroa), Emilio Manzanoren ‘Volverse pequeño’ (Jaen), Fernando Lopezen ‘No más versiones, amor brujo’ (Madrilgo Erkidegoa) eta Clara Ingolden ‘Paloma de parque’ (Balear Irlak).



LABO XLri lotuta dauden hiru egoitza artistikoen hiru sortze prozesuren erakustaldia izango ditu jaialdiak edizio honetan.

Bileratxoak

Jaialdiaren beste indargune bat Bileratxoak dira. «Bigarren edizioaren arrakastaren ondoren, eta lan eszenikoen banaketaren lan nekeza ezagututa, hirugarren edizioa antolatu da, Sarearen (EAEko Antzoki Sarea) laguntzarekin batera. «Konpaniei eta artistei zuzenduak, topaketa hauek espazio seguru eta praktikoak sortu nahi ditugu beren lanak eta kezkak hainbat programatzailerekin partekatu ahal izateko. Zaintzarako eta lasaitasunerako espazio bat sortuz, konpainia bakoitzak mahai bat izango du, eta programatzaileak izango dira gerturatuko direnak elkarrizketa lasaiak sortuz. Iaz 18 konpainia eta 24 programatzaile izan genituen». 


«Jaialdia bi topaketa garrantzitsuren egoitza izango da. Alde batetik, EDADEIren bosgarren edizioa izango dugu (Dantza, arte dramatiko, hezkuntza eta ikerketa topaketa), ADDErekin elkarlanean. Eta bestetik, EDN (European Dance Development Network) proiektu europarra, Europako dantza garaikideko erakundeen sarea, aurkezteko aukeratutako gunea izango gara. Ekitaldi hau Dantzaz-ekin lankidetzan antolatu da, dantzaren sektorean enplegua eta profesionalizazioa sustatzen duen erakundearekin», kontatu du Barrantesek.


«Ahaztu gabe –esan du Barrantesek– ohiko topaguneak, hala nola inaugurazio gala edo itxiera, koktelak edo jaialdiko partaideek bat egiten duten gune komunak».

Jaialdiaren zati bat doakoa eta sarrera librekoa izango da, eta beste zati baterako sarrera erosi beharko da. Horretarako hurrengoak salgai jarriko dira: abonuak (jaialdian gertatzen den guztia ikusteko aukera ematen dutenak), eguneko sarrerak (egunean zehatz batean gertatzen dena ikusteko aukera ematen dutenak) eta ikuskizun jakin baterako sarrera indibidualak. Abonoak salgai daude webgunean.

2019an sortu zen jaialdia, NODE dantza-konpainiaren eskutik, eta, handik aurrera, dantza, antzerki eta zirku garaikideko proposamenez espazio berezienak bete ditu. Jaialdia egiteko, Kutxa Fundazioaren eta Tabakaleraren babesa du, besteak beste, eta Lakuako Gobernuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza instituzionala.

Urte osoan zehar egiten den LABO programaren barruan kokatzen da proposamen hau; LABO GO (Sorkuntza prozesuen erakusleihoa) eta LABO GEO: Gorputza eta Ondarea (Dantza garaikidea ondare eta landa inguruneetan) programekin bat egiten du.

Emplacement

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa