Donostiaz gainera, Bizkaira ere iritsiko da Dantz Festibala

Date

15.07.24 - 20.07.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Donostia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzea du helburu jaialdiak.
Donostia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzea du helburu jaialdiak. (DANTZ FESTIVAL)

Dantz jaialdiaren zortzigarren edizioa uztailaren 15etik 20ra egingo da eta «ametsak» gaiaren ingurukoa izango da. Donostia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzea helburu duen jaialdi honek askotariko programazioa izango du, lurraldeko, Estatuko eta nazioarteko artisten presentziarekin.

Honako hauek izango dira line upean: Apparat, Avalon Emerson, Call Super, Courtesy, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Gela, Hunee, Ian Pooley, Javier Carballo, Kittin, Lamia Mari, Palms Trax, Pional, Sonhar, Topanga Kiddo, YX3 eta baieztatu gabe dauden beste artista batzuk. Baita System Update, NotEnoughSamples, This Ist, Rat Look eta Elena Barker ere.

Hala, jaialdiak hainbat jarduera kultural izango ditu: DJ setak, topaketa parte-hartzaileak, mahai inguruak, arte erakusketak, filmen proiekzioak, diskoen azoka, musika elektronikoko kontzertuak eta prestakuntza tailerrak.

Astebeteko programazioa izango da, astelehenetik ostiralera, Donostiako hainbat espaziotan. Ostiralean, Miramongo anfiteatroa izango da agerleku nagusia, eta larunbatean, berriz, Illunbeko Donostia Arena. Ordutegiei dagokienez, Miramongo anfiteatroa 16.30ean irekiko da eta 01.00ean itxiko, eta Illunbeko eremua 16.30ean irekiko da eta 06.00etan itxiko.

Sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean.

Bestalde, Ke Lepok eta Lluchek uztailaren 17an (asteazkena) Kutxa Fundazioa Klubean eskainiko duten kontzertu bikoitzak eta uztailaren 18an (osteguna) Tabakalerako patioan izango den Sonhar esperientziak jarduerako 12 euroko kostua izango dute, gastuak kontuan hartu gabe.

Miss Kittin frantziarrak, elektroklashean aitzindariak, itxiko du Dantz larunbat goizaldearen amaieran, Illunben. Saio luzea izango da, eta LaMia Mari, YX3, Topanga Kiddo, Ian Pooley, Hunee, Palm Trax, Call Super, Apparat eta Javier Carballo artisten eta DJen emanaldiak ere izango dira.

Gipuzkoako hiriburuaren zati handi bat hartuko duen gainerako kartel artistikoa hurrengo asteetan emango dute jakitera.

Ekitaldi osagarriak

Jarduera gehigarriei dagokienez, uztailaren 15ean ekingo zaio programazioari larunbateko ordu txikietara arte luzatuko den ‘opening’ batekin. Aurreratu daitekeenez, programazio horretan hitzaldiak, erakusketak, musika gehiago, zinema, prestakuntza, streaming saioak eta beste izango dira.

Dantz Festival jaialdiak Donostia Kultura eta Keler jaialdien laguntza du, baita beste hauena ere: Tabakalera, Kutxa Fundazioa, DICE, The Social Hub San Sebastián, Elías Querejeta, Radio 3, Loreak Mendian, audio-lab.org, Drunkat, Arteuparte eta Dock of The Bay.


Ametsak

Zortzigarren edizioa «ametsei» buruzkoa izango da, jaialdiak berezkoa baitu, sortu zenetik, gai baten inguruan jardutea. Hala, jaialdiaren edizio honen ildo gidariarekin lotutako jardueretako bat izango da uztailaren 18an: Xabi Erkizia soinu artistak soinu performance parte-hartzaile bat egingo du Tabakalerako Patio aretoan. Bertan, bertaratuei kulturgunearen aretoetako batean lo egiteko gonbita egingo zaie, Erkiziak live bat eskaintzen duen bitartean.

Gainera, ondoren, gosari-tertulia bat izango da, bizi izandakoari buruz modu kolektiboan hausnartu ahal izateko. Ekitaldi honek ariketa bat proposatzen du, erdi lokartutako entzunaldi batean oinarritua, nolabaiteko loaldi soinudun bat, edo, hobeki esanda, agian, erdi lotan jasotzen den kontzertu-entzunaldi moduko bat. Gau luze eta lasai bat, irratiko arte piezen, field recording piezen eta soinu eta musika konposizioen bidez sonorizatua. Ikus-entzuleek entzunez lo egin dezakete edo lo eginez entzun.

Jarduera horretarako sarrerak salgai daude, 12 euroan (gastuak kontuan hartu gabe) eta mugatuak dira kopuruz.

Dantz Point Bizkaia by BBK

Orain arte, 80 ‘dantz point’ baino gehiago egin dira Lisboa, Amsterdam, Atenas, Bordele, Hondarribia, Donostia, Iruña edo Cartagenan, eta, aurten, Bizkaira ere bai: Dantz Point Bizkaia by BBK abuztuaren 23tik irailaren 21era ospatuko da.

Abuztuaren 23an hasiko da Ondarroan, Musika Plazan. Gune honek alde zaharraren ikuspegi panoramikoa eskainiko du, baita itsasadarretik itsasora ateratzen den tokiarena ere, eta Koldo Loira eta Celeraka artista lokalentzat agertoki izango da, inguruko beste DJ batekin, Garairekin, set-a partekatuko baitute.

Astebete geroago, abuztuaren 30ean, zikloa Elorrion izango da, Ganondo parkean bertan, herriko birika berdea eta alde zaharra atzean dituela. Inguru honetan BRGS, Elena Barker eta Gisa artistez gozatzeko aukera izango da.

Irailean, hiru geltoki izango ditu Dantz Point Bizkaia by BBKk. Lehenengoa, hilaren 7an, Gernika-Lumoko Pasileku plazan izango da, 1882an eraikia, Gernika hiribildua eta Lumoko elizatea nahitaez batu ondoren. XIX. mendeko topagune horretan, XXI. mendeko musikaz gozatu ahal izango da Willy Kasper, Banpi eta Monika Elektrari esker.

Irailaren 14an, Durangoren txanda izango da. Santa Ana plazan, bere izena hartzen duen arkuak (1566koa da eta zutik dirauen harresi
zaharraren sei sarreretatik bakarra da) ongietorria egingo dio publikoari, eta Hiike, Aitana Rodríguez eta Areden saioez gozatu ahal izango du.

Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 irailaren 21ean itxiko da, gure lurraldeko iragan marinel eta industrialaren ikuspegi pribilegiatuak dituen enklabe batean: Portugaleteko Santa Maria Basilikaren ingurua, Nerbioi eta Bizkaia Zubiaren gainean. Egun horretako kartela Tronis, Miravalles eta Amaia Yanizek osatuko dute. Bost ‘dantz point’-ak doakoak eta publikoari irekiak izango dira, BBKren lankidetzari ez ezik, bost udalerrietako udalen lankidetzari esker.

Emplacement

Donostia Arena
Illunbe
Donostia. Gipuzkoa