Mariasun Landa eta Juan Mayorga, Gutun Zuria jaialdiko ‘All Stars-ak’

Date

20.02.24 - 24.03.24

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Euskal sortzaileek berebiziko presentzia dute edizio honetan. Irudian, aurkezpena.
Euskal sortzaileek berebiziko presentzia dute edizio honetan. Irudian, aurkezpena. (ALONDEGIA)

«Gure eredua ez da ‘All Star-ena’; hemen daudenak zerbait kontatzeko dutelako da», azpimarratu zuen aurkezpenean Ivan de la Nuezek, Bilboko Gutun Zuria jaialdiko aholkulariak. Alondegian astearte honetatik  martxoaren 2ra burutuko den Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berriak erroetara joko baitu; are gehiago, urte osoan zehar gune honetan burutzen den lanarekin zerikusi berezia izango du, gaur egungo kulturaren sistemako diziplina desberdinak elkarren artean mintzatzen jarriko duelako.

Aurten egingo den ‘Berba dariola’ izenburupeko edizio honetan, bi izen propio nagusituko dira: jaialdia gaur inauguratuko da, Mariasun Landari ohorezko makila emanez, eta martxoaren 2an amaituko da, Juan Mayorga omenduz. Horrez gain, osatu den egitarauan Rosa Montero, Gemma Ruiz, Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Nerea Ibarzabal, Jon Mikel Euba edo Txomin Badiola aurkitu daitezke.

Topaketak, solasaldiak eta elkarrizketa anitz burutuko dira eta, nobedade gisa, jaialdiak aurten bi sail berri zabalduko ditu: Gutun Zuria +Pro kongresu profesionala, liburuaren industriari zuzendua, eta Gutun Zuria Zabalik, urtean zehar hedatzen dena.

Izen propioak

Kirolaren hiztegi propioan, izarrez eta jokalari ospetsuenez osatutako talde bati deitzen ohi zaio ‘All Star’. Literaturari dagokionez, liburu salduenen ‘top’-ean edo ‘best-seller’ zerrenden lehen postuetan kokatzen diren nobelez erraz osa daiteke ‘All Star’ izar multzo bat... baina salmentek behar dute izan honetan erreferentzia bakarra? Kalitatea horretan datza? Letren jaialdi bat, bere egitaraua osatzean, izen ospetsuak ekarri beharko ditu ikuslegoa erakarri ahal izateko?

Ivan de la Nuezek, Bilboko Gutun Zuria jaialdiko aholkulariak asteartean egin den aurkezpenean: «Gure zigilu propioaren bila gabiltza. Guk izen zerrenda bat ekarri genezake honera, baina, ordea, guk erakutsi nahi duguna literaturaren barne prozesuak dira, horiek nola proiektatzen diren eta, liburu bat irakurtzera esertzen garenean, hori ahalbidetzen duen guztia ikustaraztea. Lan-anitzeko XXI. mendeko kultura bat erakutsi nahi dugu jaialdian, non autoreek, kulturaren esparru bakar batean gelditu beharrean, beste hainbat disziplina eta tokietan aritzen baitira: kazetaritzan, artean, kulturaren kudeaketan ere... Guk nahi dugun jaialdi eredua egin behar dugu, ez da all star, jaialdian dauden guztiek izan dezatela izena, esateko zerbait duelako, kontatzeko zerbait, eta hori da gehien interesatzen zaiguna».

Euskarazko haur eta gazte literaturaren berritzaile handia, nazioartean ezaguna oso eta gai sozialak bere lanetan islatu dituen idazlea –2023ko Emakunde saria jaso zuen berdintasunari egindako ekarpenagatik eta emakumeen eta nesken duintasunari egindako ekarpenagatik, esaterako– Mariasun Landa saritzean Alondegiak bere ezaugarrietako bat izan dena aldarrikatu nahi du: bere jardueretan, bereziki Mediatekan, haurrek izan dute garrantzia. Auditorian egongo da, Patxi Zubizarretarekin hizketan, –euskal literaturako ezinbesteko beste idazle bat, otsailaren 27an.

Eskaintza oparoa

Gutun Zuria Bilbaoren programazioa goizero hasiko Auditorioan, Patxi Zubizarreta, Josune Muñoz eta Helene Vignal bezalako euskal haur eta gazte literaturako erreferenteen bitartez narrazio sorkuntzako ikasleen topaketarekin. Gainera, otsailaren 28ko eta 29ko arratsaldeetan, Mediatekan, Maialen Berasategui itzultzaile sarituaren prestakuntza itzulpengintzaren publiko profesionalarentzat izango da.

Arratsaldero, Bastida Aretoko eta Auditorioko elkarrizketen aurretik, Mediateka topalekua izango da forma narratibo desberdinen eta praktika artistiko garaikideen arteko harremanaren inguruan hitz egiteko. Zentzu honetan, Fran Mengual, Lisa Blumen eta Pascale Sevigny-Vallieresek eleberri grafikoa eta ilustrazioaren inguruan hitz egingo dute, Jorge Carrion Adimen artifizialari buruz jardungo du eta Isaac Rosa eta Natalia Balseiro etorkizuneko antzokiei buruz arituko dira.

Bastida Aretoan euskal literatur sorkuntzari buruzko topaketak egingo dira, Jon Mikel Euba, Txomin Badiola, Miren Amuriza, Iñigo Astiz, Malen Amenabar, Isabel de Naveran, Nerea Ibarzabal eta Arantxa Urretabizkaia bezalako egileen parte-hartzearekin.

Bestalde, Auditorioan sormen prozesuetara eta istorio pertsonaletara zabaltzen diren hitzaldiak egongo dira. Bertan, Abdellah Taïa, Anna Starobinets, Azahara Alonso, Bibiana Collado, Brenda Navarro, Rosa Montero, Brenda Navarro, Lucia Lijtmaer, Nadal Suau edo Gemma Ruiz idazleek parte hartuko dute.

Gainera, Gutun Zuriaren edizio honek Gutun Zuria +PRO bezalako nobedadeak aurkezten ditu, liburuaren mundu profesionalari zuzendutako kongresu bat, non urtero liburu-kateko eragileek gaurkotasuneko hainbat gai eta eztabaida zirriborratuko dituzten pentsamendu kritiko batetik. Horrela, Gutun Zuria +PRO jaialdiak esperientzia kolektibo baterantz zabaltzen du jaialdia.

Lehenengo edizio hau, asteazken eta ostegun honetan izango dena Bastida aretoan, Gutun Zuria +PROk planteatuko du nola egiten dieten aurre argitaletxeek teknologia berrien erronkei, maila guztietan. «Esperientzia-mahaien formatuan, bi egunetan, erronka horiek jorratu eta landuko dituzte publikoarekin, adimen artifizialaren erabilerari eta hainbat arlotako aurrerapen teknologikoei buruz: itzulpena, idazketa, edizioa, banaketa, komunikazioa eta egile eskubideak», Fernando Perezek zuzendariak aurreratu duen bezala.

Baieztatutako izenen artean, eremu horietako erreferente profesionalak nabarmentzen dira, hala nola Karlos del Olmo, Antonio Moreno Sandoval, Irene Intxausti, Veronica Garcia, Oscar Lopez, Jorge Carrion, Mercedes Moran, Santiago Mediano, Alicia Selles, Elena Sanchez Nogales, Fernando Juarez, Lorena Fernandez, Jesus Trueba edo Jose Antonio Ruiz de la Torre.

Gutun Zuria Zabalik

Aurtengo beste nobedadea Gutun Zuria Zabalik da, letren hibridazioaren inguruko elkarrizketa-gune berria, jaialdiaren fokuak itzaltzen direnean aktibatzen dena. Jaialdia urte osoan zehar irekita mantentzeko asmoz, jaialdian landutako gaiak hedatu eta garatuko dira gunean, ikuspuntu, perspektiba eta eztabaida berriekin.

Era berean, literaturaren inguruan sortzen diren joerak eta eztabaidak aztertuko dira, sorkuntza garaikidearen eta bere testuinguru sozialaren barruan. Oskar Alegria zinemagileak inauguratuko du Gutun Zuria Zabalik, ‘Zinzindurrunkarratz’ bere
azken lana aurkeztuz. Ikus-entzunezko ibilbide poetiko bat da, behialako memoria batean barrena, haren zati batzuk baino geratzen ez direla.

Gutun Zurirako sarrerak dagoeneko salgai daude webgunean.

 

Emplacement

Alondegia

Bilbo. Bizkaia