Nestor Basterretxea eta San Telmo, bi obra elkarrizketan

Date

04.10.24 - 26.01.25

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Mikel, Monika eta Matxalen Basterretxea, Miren Vadillo, Susana Soto eta Jaime Otamendi, erakusketan.
Mikel, Monika eta Matxalen Basterretxea, Miren Vadillo, Susana Soto eta Jaime Otamendi, erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenean ugariak dira hura gogoan egindako kultur ekimenak. Donostiako San Telmo Museoak ibilbide berezia prestatu du artistaren artelanak eta museoko erakusketa iraunkorreko obrak elkarrekin hizketan jarriz.

Susana Soto San Telmo Museoaren zuzendariak eta Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak eta Miren Vadillo komisarioak aurkeztu dute erakusketa. Monika Basterretxea, Matxalen Basterretxea eta Mikel Basterretxea, artistaren seme-alabak ere ostiral honetan egindako aurkezpenean egon dira.

San Telmo Museoa berezia zen Nestor Basterretxearentzat (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Bertan erakutsi zuen 1973. urtean ‘Euskal Serie Kosmogonikoa’. 2003an, berriz, bolumetria arkitektonikoaren lanketaren emaitza erakutsi zuen. Eta makina bat aldiz joan zen museora, bertako artelanek erakarrita.

Museoko erakusketa iraunkorrarekin solasean jarri dute orain bermeotarraren sorkuntza. Paseora gonbidatzen du bisitaria. Ibilbidearen helburua ez da egilearen ibilbide artistikoa ezagutaraztea edo haren berezitasun estetikoa argitara ematea, orain arte itzalean egon diren lanak bistaraziz. Irakurketa interpretatiboa bat eskaini nahi da, loturen bidez unibertso sortzailea hobeto ulertzeko. 

San Telmok atondu duen erakusketak elkarrizketa formalagoa, tematikoago eta kontzeptualagoa eskaini nahi da, beste irakurketa osagarri batzuen aldean.

«Erronka zen erakusketa berri bat sortzea, aurretik egin direnekiko desberdina. Garai, euskarri eta estilo desberdinetan landutako obrak museokoekin elkarrizketan jarrita uste dut bete-betean asmatu dela», nabarmendu du Nestor Basterretxearen seme Mikelek. Bien artean sortutako sinergiei jarri die indarra bere hitzetan.

«Museoari beste begirada bat emango dio eta aitaren obrari ere bai», gaineratu du.

Basterretxearen ezagutza aberastuko duen begirada berria eskaini nahi du museoak, zenbait eskultura, film eta kartelen bidez. Kasu askotan artelan ezagunak dira, aurkezteko moduan datza berrikuntza.

«Sortzaile polifazetiko» bezala definitu du artista. «Horixe islatzen du prestatu dugun ibilbideak. Museoak euskal kultura du ardatz, beraz konexio asko ditu Basterretxeak San Telmo Museoarekin. Erakusketaren formatua ez da ohikoa, paseo moduan diseinatu dugu. Bi obren arteko loturak naturalki sortu dira», nabarmendu du Sotok.

«Ondare zoragarria utzi zuen Basterretxeak», adierazi du Otamendik. «Euskaldun izatetik abiatuta unibertsaltasunera iritsi zen». «Ematen du beti egon direla obrak hemen», esan du.

Askotan joan zen Basterretxea museora, bertako lanek erakarrita. Gure gizarteko ohiturak eta sinesmak bere izaera propioa eta euskaldun nortasuna hobeto ulertzeko bide izan zituen.

Lengoaia garaikidea eta modernoa

Basterretxeak Euskal Herriko kulturarekin identifikatzeko izan zuen interesa azpimarratu dute aurkezpen ekitaldian, bereziki erabili zuen lengoaia garaikidea eta modernoa. «Bere lan zabalean nabarmendu daitezkeen alderdi ugarietatik, funtsezko zutabeetako bat tradizioa eta modernitatea uztartzea da. Euskal Herriaren iragana ezagutzeko irrika erakutsi zuen eta bere lanarekin orainean eta etorkizunean proiektatutako zen ezagutza eta pentsamendua sortzeko tresna bat eskaini. Halaxe idatzi zuen ‘Trabajo y Unión’ aldizkarian 1974ko maiatzean. «Nik uste dut nire ekarpenik onena, baldin badago, lan egitea dela, eta erakusketa, pentastzeko eta oso euskalduna izateko modu baten barruan moderna ere izan daitekeela. Oso euskalduna eta oso unibertsala izan daiteke, eta etorkizuna bizitzea ere bai; hori izan daiteke nire ekarpena».

Landutako diziplinen aniztasuna da artistaren beste ezaugarrietako bat. Ia hirurogehi urteko ibilbide artistikoaren jabe zen. 60. hamarkadatik aurrera euskal gizartearen ohiturei eta sinesmenei arreta jarri zien. Eta inspirazio iturri izan zituen.

Hamabi artelan

Hamabi pieza aukeratu ditu Vadillok. 1973. urtean egindako ‘Argizaiola’, ‘Laugarren hilarria‘ (1975), ‘Akelarre’ (1972), ‘Eguzki Lore laugarrena’ /1974) eta ‘Heriotza zerutik etorri jakun’ (2011) dira horietako batzuk. ‘Amalur’ filmaren zati bat ere ikusgai jarri dute. Eta hainbat kartel ere aurki daitezke. 

Pieza gehienak Basterretxea Irurzun familiarenak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Euskadiko Filmategia, Gasteizko Legebiltzarra, Eusko Alkartasuna eta Lazkaoko Benediktarren Fundazioa.

Proiektu honetan «Basterretxearen unibertso kaleidoskopikoaren eta museoko artelanen artean sortutako loturak formalak eta tematikoak dira» Vadilloren esanetan.

Urtarrilaren 26a bitartean egongo da bisitagai ibilbidea. Sarrerak lehiatilan eta online eskuratu daitezke. Urriaren 31ra arte 10.00etatik 20.00etara dago irekita eta azaroaren 1etik aurrera 10.00etatik 19.00etara asteartetik igandera.

Emplacement

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa