Nestor Basterretxea omenduko du Urmugaren Urtanta egitasmoak

Date

22.07.24 - 28.07.24

Lieu

Gipuzkoa - Hondarribia

Donostian egin dute aurkezpena ostiral honetan.
Donostian egin dute aurkezpena ostiral honetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2024ko Urmugaren Urtanta edizioa ostiral honetan aurkeztu dute Donostiako Gladys Enea Parkean. Bertan izan dira antolatzaileak, Migel Zeberio, Felipe Uriarte eta Maddi Arana, nahiz Et Incarnatus Orkestrako kideak. Horiekin batera, aurkezpenean parte hartu dute hainbat agintarik eta kultur erakundeetako ordezkariek eta Basterretxearen familiako kideek.

Urmuga, mendiak eta musika batzen dituen musika jaialdia, 2020an abiatu zen. Euskal Herri osoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ditu bi urtean behin, mendi tontor, herritxo eta bailaretara musika eta naturarekiko maitasuna ekarriz. Urmuga ekitaldi handia egiten ez den urteetan, aldiz, Urmugaren Urtanta antolatzen dute, «laburragoa, baina goi mailako musika dastatzeko aukera ere ematen duena», esan dute.

2022ko edizioan Elkanoren mundubira omendu zuten eta aurtengo edizioan Nestor Basterretxearen figura izango da gogoan. Lau emanaldi antolatu dituzte, uztailaren 22tik 28ra eskainiko direnak, eta Urmugaren ohiko formatuan: Et Incarnatus orkestra gidari eta euskal abeslari eta artista ezagunen parte hartzearekin. Horiei, jakina, mendi ibilaldiak gehituko zaizkie.

Lehen biak Hondarribian (Arma Plaza, 22.30) eta Arantzazuko Basilikan (19.30) egingo dira, uztailaren 22an eta 23an hurrenez hurren, eta propio sortutako emanaldi ikusgarriaz gozatu ahal izango dute bertaratuko direnek. Donostiako Orfeoia, Maika Etxekopar, Et Incarnatus Orkestra, Titika Rekalt antzezlea, Iñaki Palaciosen txistua eta Xabier Lozanoren argiztapena batuko dira Jon Esnaola konpositorearen sei sorkuntza lan berrirekin eta Asisko Urmenetaren gidoiarekin landutako proposamen gogoangarrian.

Uztailaren 25ean eta 28an, aldiz, natur paraje zoragarrietan eskainiko dira bi emanaldi berezi, Bakion eta Gaintzan (Nafarroa). Bertan, Et Incarnatus Orkestrak euskal kantari ezagunen kanten egokitzapenak eskainiko ditu, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Idoia Asurmendi, Olaia Intziarte eta Xabier Leturiaren parte hartzearekin.

Urmugaren Urtantak, beraz, Nestor Basterretxearen obra eta bizitza omenduko ditu, eta bere ibilbideaz gozatzeko aukera eskainiko du horretarako sortutako lan berriak emanez. Basterretxearen bizitzan garrantzitsuak izan diren parajeetatik, Hondarribia, Arantzazu, Bermeo edo Bakio, bere lana modu hunkigarrian bizitzeko aukera eskainiko du.

Hiru mendi ibilbide

Uztailaren 25ean goizean goizetik hiru mendi ibilbide irtengo dira. (Izena emateko info@urmuga.eus helbidera idatzi daiteke).

Ibilbide nagusia 8.15ean abiatuko da Bermeotik, Nestor Basterretxearen
Olatua eskultura dagoen tokitik. 8.30ean, Kosmogonia eskultura artean musika ekitaldi artistikoa egingo dute, eta, hortik, bidea jarraituko dute Matxitxako lurmuturrera. Bertan, 12.00etan, Basterretxearen gudarien monumentuan omenaldi musikatua egingo zaio berari eta itsas batailan parte hartu zuten gudariei. Hortik Bakiora jaitsiko dira.

Beste bi ibilbideak Mungiatik eta Lemoizetik irtengo dira. Mungiakoa goizeko
9.00etan abiatuko da, eta Gatika eta Jatabe-Maruri zeharkatuta Bakioko Jata
merenderora iritsiko dira. Bertan bazkaria egingo dute. Lemoizetik 10.00etan
abiatuko da hirugarren taldea, eta hau ere Jata merenderora iritsiko
da eguerdirako.

Emanaldietara sartzeko ekarpenak egiteko aukera egongo da, eta horiek eskura uztailaren 1etik aurrera egongo dira, baita kontzertuen sarreretan ere.

Emplacement

Arma Plaza
Arma Plaza
Hondarribia. Gipuzkoa