Nomada, kultura partehartzaile eta inklusiboaren jaialdia
Date
06.11.24 - 15.11.24
Lieu
Gipuzkoa - Errenteria
Azaroaren 6tik 15era, Emaus Gizarte Fundazioak Nomada Jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du. Zinemaz, musikaz, dantzaz, antzerkiz eta muralismoz betetako bederatzi egun izango dira, artisten eta gizarte-bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen arteko lankidetzari esker.
Kultura partehartzaileko guneak lau geldialdi egingo ditu Arrasaten, Derion, Errenterian eta Irunen. «Gizarteratzea sustatzeko diseinatutako diziplina anitzeko programa izango du. Komunitate inklusiboagoak eta kohesionatuagoak irudikatzeko eta eraikitzeko apustu kolektiboa da, artea eta kultura gizartea eraldatzeko motor izango dituena, Emaus Gizarte Fundazioak denboran zehar lankidetza komunitarioa ehundu duen udalerrietan», adierazi dute sustatzaileek.
Asteazken honetan abiatu da jaialdia Errenterian. Bertan egin da, egitarauaren aurkezpena, Lekuona Fabrikan. Bertan izan dira Aitziber Zubillaga, Emaus Gizarteko Fundazioko zuzendaria; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea eta Enrique J. Ramos, Lakuako Gobernuko Lan eta Enplegu Saileko aholkulari. Horiez gain, programako ekimenetan parte hartuko duten erakundeen ordezkariak eta artistak ere bertaratuko dira.
Zubillagaren hitzetan «jaialdi hau Fundaziotik bultzatzen ditugun programa moten adibide bat da, kultura- eta gizarte-agendatik kanpo geratzen diren errealitateak dituzten pertsonei protagonismoa eta ahotsa ematen zaien espazioak sortzen baititu. Komunitate bidezkoak, inklusiboak eta kohesionatuak eraikitzea sustatzeko topaketa bat izan dadin nahi dugu».
«Guretzat oso garrantzitsua da Nomada Jaialdian parte hartzea. Kultura herri kohesiorako funtsezko tresna da. Eta komunitatea kohesionatzen dituzten ekimenak berriz estrategikoak dira, herri gisa aurrez aurre ditugun erronkei erantzuteko indartsuago bihurtzen gaituztelako», esan du Otaegik.
«Ekimen honen bertuteetako bat da proiektuak, lankidetza, ekosistemak dinamizatzeaz eta artikulatzeaz gain, gaikuntza eta prestakuntza prozesu bat aurreikusten duela, eta, hala, kulturaren izaera eraldatzailetik abiatuta esku hartzeko estrategiak txertatzeko aukera ematen da. Berezia da, bazterketa egoera larrian dauden pertsonen parte-hartze sozial eta kultural eraginkorra sustatzeaz gain, herritarrak arazo horri buruz modu aktiboan kontzientziatzen dituelako. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarentzat, garrantzitsuak dira horrelako ekimenak, eta horregatik parte hartzen dugu bertan, diruz laguntzen ditugun proiektu esperimental berezietako bat bezala sartuta, Euskadiko beste leku batzuetan ere gauza bera egiterik izan dezaten», esan du bere aldetik Ramosek.
Egitaraua
Sorkuntza aniztasunari eta tokiko kultura eskariari erantzun nahian, eta herritarren partehartze handiagoa bultzatzeko, diziplina anitzeko programa osatzea erabaki da, zinema, musika, antzerkia, dantza eta muralismoa barne hartuko dituena, kasu askotan, solasaldi batez lagunduta.
Berezitasun gisa, nabarmentzekoa da Arrasaten, Errenterian eta Irunen Botikin Nomada aurkeztuko dela; Emaus Gizarte Fundazioaren programa sozialekin lotura duten pertsonek sorturiko tresna artistiko bat, bizikidetza eta bizitza komuna hobetzeko «erremedioak» biltzen dituena.
Jaialdian zehar, botikin hori herritarren eskura egongo da, beren ekarpenak egin eta beren komunitateko konponbideak erakuts ditzaten.
Udalerri guztietan antolatuko dira jarduerak tokiko artistekin eta kolektiboekin elkarlanean; era horretan, elkarrizketa eta sorkuntza bateratua sustatuko dira. Edonola ere, leku bakoitzean egun jakin batzuetan egingo dira, eta kultura eskaintza ere desberdina izango da horietako bakoitzean. Jarraian, udalerri bakoitzeko kultura programa zehazten da. Programari eta artistei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu prentsa txostena.
Xehetasun gehiago webgunean.
Emplacement
Niessen Kulturgunea
Alfonso XI Kalea, 10
Errenteria . Gipuzkoa