‘Pake Pieza’ diskoa aurkeztuko du Mikel Azpirozek Donostian

Date

26.10.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Mikel Azpiroz musikagilea.
Mikel Azpiroz musikagilea. (Cesc MAYMO)

Larunbat honetan ‘Pake Pieza’ diskoa aurkeztuko du Mikel Azpirozek Donostian. Lugaritz Kultur Etxean da hitzordua 19.30ean. Sarrerak eskuragarri webgunean.

Aurreko hiru diskoen bidetik dator lan hau, ‘Gaua’, ‘Zuri’ eta ‘Islak’ diskoen jarraipen gisa. Entzulea introspekziora eta meditaziora daramaten Azpirozek sortutako bederatzi konposizio biltzen ditu.

Musika intimista, pausatu eta introspektiboen aldeko apustua egin du musikariak, gaur egungo jendartearen abiaduraren aurrean lasaitasun espazioak bilatuz. Diskoan natura, adibidez, edo elkartasuna bezalako gaiak jorratzen dira. 

Azpirozen pianoa Karlos Aranceguiren bateriaz lagunduta dator, pieza batean salbu. Fernando Neira ere arituko da kontrabaxuan kontzertuan.

Bezperan, ostiralean, Madrilen eskainiko du zuzenekoa (Teatro del Parque, Casa de Vacas kultur etxean). Hurrengo kontzertua urtarrilaren 26an izango du Iruñeko Kondestable Jauregian. Honez gain Euskal Herritik kanpo eskeiniko ditu 2025ko neguan lau kontzertu Artistas en Ruta zikloaren barruan.

«Bide aberatsa»

Aurkezpen birari dagokionez, honakoa adierazi du Azpirozek: «‘Islak’ aurreko diskoarekin eta ‘Pake Pieza’-rekin bide aberatsa egiteko aukera izaten ari gara, toki askotan joaz: Euskal Herrian Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Iruneko Amaia antzokian, Eibarreko Koliseoan, Tolosako Topic-en, Bilboko Arriagua eta Bidebarrietan, Markinan eta abarretan jo dugu, eta hemendik kanpora, Soriako Ateneoan, Gijoneko Teatro Jovellanosen, Vic-eko Mercat de ka Música Viva jaialdian, Varsovian, Krakovian, Ecuadorreko Quiton, Malagan, Cadizen... Pozgarriena niretzat nahiz eta kultura desberdinetako lekuetan jo guztietan lortzen dugula musikaren bitartez bertakoen sentimenduak piztea da».

Musikari emana bizi da Mikel Azpiroz. Ibilbide luzearen jabe da. Sei urte zituela hasi zen pianoa ikasten; Kontserbatorioan egindako musika klasikoko ikasketak laster bideratu ziren jazzaren eta bluesaren esparruetara. Musikari, konpositore eta ekoizle gisa egin duen ibilbidean berak garatutako proiektuak daude. Elkano Browning Cream da aipagarriena.

Horrez gain hainbat bakarlari eta talderekin aritua da: The Waifs, Duncan Dhu, Travellin´Brothers, Jabier Muguruza, Elena Setien...


Emplacement

Lugaritz Kultur Etxea
Heriz Pasealekua, 20
Donostia. Gipuzkoa