Sara Zozaya igande arratsez Larrabetzun

Date

21.07.24 - 21.07.24

Lieu

Bizkaia - Larrabetzu

Sara Zozaya
Sara Zozaya (SARA ZOZAYA)

Abuztuaren 3an ospatuko da Larrabetzuko Gazte Eguna, eta egunotan antolakuntza lanetan dabiltza Hori Bai gaztetxeko gazteak. Igande honetarako Auzolan Egun Erraldoia prestatu dute, eta egitaraua borobiltzeko Sara Zozaya musikariaren emanaldia iragarri dute gaztetxeko atzeko terrazan. Goizeko 10.30ean hasiko dira lanak, eta 20.00etan barbakoaz gozatzeko aukera izango da. 21.00etan hasiko da kontzertua, eta Sara Zozaya eta bere banda izango dira protagonista. Emanaldia doakoa izango da.

Gazte abiatu zuen musika bidea Sara Zozaya musikariak. Nerabe bezalako taldeetan eman zituen lehen pausoak, eta gerora abentura ezberdinetan murgildu izan da urte hauetan guztietan. Bere bakarkako bidea martxan jartzeaz gain, Merina Gris taldeko kide ere bada egun, bestelako giroetara bideratuz bere jarduna.

2019 urtean eman zuen lehen urratsa bakarka ‘I’ diskoa txikia argitaratuz. Gerora, garapen etengabean aritu da, musikalki territorio berrietan murgilduz. 2023 urte amaieran ‘Nara’ diskoa plazaratu zuen, musika bidean laugarren emaitza. Bertan hamar kantu batu zituen musikari donostiarrak, eta dream-pop giroetak dira nagusi atmosfera handiko kantuetan. Larrabetzuko emanaldian disko honetan oinarrituko da kantu zerrenda osatzeko, eta aurreko musika bideari erreparatuko dio betiko kantuei keinu eginez. Emanaldia hiruko moduan eskainiko dute, eta Antton Goikoetxea eta Asier Renteria izango ditu lagun Sara Zozayak agertoki gainean.

Emplacement

Hori Bai gaztetxeko terraza
Hori Bai gaztetxea
Larrabetzu. Bizkaia

Liens