Skabidean eta Fermin Balentzia Deban

Date

21.09.24 - 21.09.24

Lieu

Gipuzkoa - Deba

Skabidean taldeak disko berria aurkeztuko du.
Skabidean taldeak disko berria aurkeztuko du. (IRENE MONREAL)

Skabidean talde nafarrak disko berria kaleratu du egunotan, eta honekin batera kontzertu bira abiatuko du datozen aste eta hilabeteetan. Lehen geltokia Deban izango du bandak larunbat honetan, eta emanaldia Fermin Balentzia musikariak zabalduko du kartel erakargarrian. Kontzertuak Arrano Egunaren ekitaldien barnean kokatzen dira, eta Zumardiko karpan ospatuko dira arratsaldeko 19.30etik aurrera. Kontzertuak ikusteko sarrerak aurrez Arkatzan eskuratu daitezke bost euroren truke. Egunean bertan Zumardiko karpan ere erosi ahalko dira prezio berdinean.

Skabidean

‘Hau errepikaezina izango da’ izena darama Skabidean taldearen disko berriak, eta kantu sorta berria besapean zuzeneko emanaldietara itzuliko da banda gaztea. Taldearen estudioko bosgarren emaitza luzea da honakoa, eta diskografia oparo honi, 2023 urteko San Fermin jaietan Gazteluko plazan grabatu zuten zuzeneko ‘Maite zenuen hiria’ diskoa gehitu behar zaio. Disko berri honekin sustraietara itzuli da Skabidean taldea, eta bide horretan talde formazioan aldaketak izan dituzte. Azken disko eta zuzenekoetan lagun izan dituzten The Balck Birds taldeko Idoia, Claudia eta Lorena abeslariek taldea utzi dute denboraren poderioz, eta Tasio Lopez de Gereñu abeslaria da berriz, taldeko ahots nagusi bakarra.

Musikalki ere tinko eusten diote ska, reggae eta rocksteady giroei, baino lan berrian badira territorio berriak ere. Diskoak 17 kantu biltzen ditu, taldeak 2024 urte honetan sortuak eta Andoaingo Garate estudioetan grabatuak kaki Arkarazo soinu teknikariaren gidaritza pean. Diskoa kalean kontzertu bira abiatuko du bandak, eta Euskal Herrian Bilbon, Iruñean, Ondarroan, Donostian eta Gasteizen hitzartu dituzte zuzenekoak. Gure mugetatik kanpo ere ariko dira datozen asteetan, eta furgoneta hartu eta Marinaleda, Oviedo, Santander, edo Madril bisitatuko dituzte.

Fermin Balentzia

Musika ibilbide luze bezain oparoa duen gitarra-jotzaile eta abeslaria da Fermin Balentzia. 50 urte pasatxo daramatza kantuan, eta Euskal Herri osoan ezaguna bada ere, Nafarroan sekulako zale piloa batu ditu urte hauetan guztietan. Izan ere, Nafarroa goitik behera zeharkatu du gitarra eskuan, eta makina ekitaldi eta kantaldietan hartu du parte. Bide horretan, urte hauetan guztietan ehundaka emanaldi eskaini ditu Balentziak, baino inoiz ez du diskorik grabatu estudio batean. Bere kantuak ahoz-ahoz zabaldu dira, eta agian hor dago Fermin Balentziaren xarma eta magia.

Emplacement

Zumardia
Zumardia
Deba. Gipuzkoa

Liens