Naizen elkarteak emango dio hasiera ZEIDFEST Gaztea jaialdiari apirilaren 13an

Date

13.04.24

Lieu

Bizkaia - Barakaldo

Ostiral honetan aurkeztu dute jaialdia.
Ostiral honetan aurkeztu dute jaialdia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Naizen elkarteak emango dio hasiera ZEIDFEST Gaztea jaialdiari, itxiera berriz Delaporte eta Bsrt kolektiv taldeen esku geratuko da. Hitzordua apirilaren 13an da, BECeko Bizkaia Arenan.

Jaialdia ospatzeko hilabete baino gutxiagoren faltan kartel ofiziala aurkeztu dute ostiral honetan. «Kultura proposamen zabala dakarte hirugarren urtez BEC!eko Bizkaia Arenara. Musika, dantza, euskal sortzaileen azoka, foodtruckak, Dj setak eta show ezberdinez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek», adierazi dute.
 
Aurretik iragarritako izenak gogoratu dituzte. Izaro, Gatibu, Eire, Bulego, Etxepe, Tatta eta Mutiko, Eusko Princess, Sara Zozaya eta Janus Lester, besteak beste. Euskal Herrira datozen artistak ere badira kartelean, eta trap soinu garaikideak eta popa izango dira egun honen oinarri; Zoo, La plazuela, Delaporte, The Tyets, Lia Kali, Fillas de Cassandra eta Yadam horien artean.

Musikaz gain, ohiturari jarraituz diziplina artistiko ezberdinek hartuko dute Bizkaia Arena, Elektropottotte eta Euskal Trabestien showa izango dira bertan, baita euskal sortzaileen azoka eta Eleder Magoa ere. Jaialdiaren irekiera lekukoa esku batetik bestera pasako da, Jaizkibel Konpainiak Naizen Elkarteari emango baitio hitza.

NAIZ babeslea izanik harpidedunek %55eko deskontua izango dute. Hemen eman behar dute izena (sarrerak agortu arte). Gainera, edalontzi guztietan NAIZen oparia aurkituko dute bertaratzen direnek.

Aldarrikapena

Julen Hernandez, jaialdiaren komunikazio arduradunak adierazi duenez antolatzaileak gogotsu daude egun handia iristeko, jende ugari biltzea espero baitute. «Ateak ireki bezain laister musika martxan izango da, Gatibu eta Eire taldeek emango diote hasiera jaialdiari» gehitu du. Itxiera berriz Delaporte eta Bsrk Kolectiven esku geratuko da.

Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuaren esanetan Bizkaiak jaialdia «harrotasunez» hartuko du. «Jaialdi bat baino askoz gehiago da ZEIDFEST Gaztea, kultur aniztasunaren islada da. Adin guztietako jendea bilduko da».

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko Zuzendaria ere bertan izan da, aurten Gaztea jaialdira gehitu baita. «Oso harro eta pozik gaude ezkontza honekin, apustu sendo bat egin nahi dugu, indarrak batu nahi ditugu». Esan du Gazteak saio bereziak eskainiko dituela bertatik. Streaming bidez jarraitzeko aukera ere emango dute.

DJ Set-a

Aurtengo berritasunetako bat Azoka guneko DJ Set-a izango da, Barratik Kalera eta Dj Jonkass (Jon Castañeda) izango dira bertan. Azken honek esker ona adierazi die antolatzaileei, «kartel honek Euskal Musikaren ibilbide oparoa erakusten» duela azpimarratuz.

Prentsaurrekora karteleko izen handi bat gerturatu da, kantuz ostirala goxotzera. Maria Soa eta Sara Faro, Fillas de Cassandrako kideak, Galizatik etorri dira. «Zoriontsu gaude galegoa zuengana ekartzeaz, eta batez ere kartel puska honen parte izateagatik. Izugarri disfrutatuko dugu jaialdia, bai eszenatoki gainean, baita ikusle bezala ere».

Jaialdiaren irekieraren harira, Naizen Elkarteko Beli Monterok eskerrak eman nahi izan ditu halako proiektuei «ikusgarritasuna» eman nahi izanagatik: «berri onak eta momentu onak ospatzea ikaragarria iruditzen zaigu, eskerrik asko ZEIDFEST Gaztea bezalako espazio seguru bat eraikitzearren». Irekiera festaren inguruane ere zenbait datu eskaini dizkigu: «Irekiera festa familia artean egingo dugu, Batukada batekin sartuko gara gure kantua abestuz».

Txomin Olabarri Bizkaia Arena aretoko zuzendariak ere hartu du hitza. Urteroko zita garrantzitsua dela adierazi du, oso «berezia» dela beraientzat. «Atzera begira jarrita, ZEIDFEST izan zen pandemia ostean gauzak egiten hasi ginen momentua, hori ez zaigu inoiz ahaztuko».

Hiru urteko ibilbidea

ZETAKek 2020an kaleratutako ‘Zeinen Ederra Izango Den’ abestia dago jaialdiaren oinarrian. «Kantua argitaratu eta berehala biralizatu zen, euskal gizarte osoarekin konektatuz. Musikaren esparrua gainditu eta mugimendu zein proiektu itxaropentsu bilakatu zen horrela: euskaldunontzat sortutako jaialdi bat, egun osoko esperientzia bat», gogoratu dute.

«‘Zeinen Ederra Izango Den’ esaldia bera, ereserki bihurtu zen euskal gizartearentzat, estimatzen ditugun pertsonekin bizitzaz gozatzea aipatzen zuelako. Eta azken hori da jaialdi honek lortu nahi duena, maite ditugunekin musikaz gozatzea, ingurukoekin une eder bat bizitzea», gaineratu dute.

Sarrerak eskuragarri daude webgunean.


Emplacement

Bilbao Exhibition Centre
Azkue Kalea, 1
Barakaldo. Bizkaia