‘Zepo Zapo’ antzezlanarekin ospatuko du Markeliñek 40. urteurrena

Date

03.01.25 - 12.01.25

Lieu

Bizkaia - Zornotza

Gerra, adiskidetasuna eta heriotza ditu ardatz antzezlanak.
Gerra, adiskidetasuna eta heriotza ditu ardatz antzezlanak. (MARKELIÑE)

Markeliñek ‘Zepo Zapo’ antzezlanarekin estreinaldiarekin ospatuko du bere 40. urteurrena. Ikuskizunak urtarrilaren 3an ikusiko du argia, 17.30ean eta 20.00etan, Zornotza Aretoan, eta ustez etsai diren bi neska soldaduren arteko harremana kontatzen du. Gerra, adiskidetasuna eta heriotza jorratzen dituen proposamen eszeniko hau publiko familiarrarentzat sortu da.

Konpainiaren aurreko ekoizpenen ildoari jarraituz, ‘Zepo Zapo’ testurik gabeko ikuskizuna da. Bertan, antzezleen keinuak, estetika bisual zaindua eta giza emozioen gardentasuna abiapuntu duen dramaturgia bat dira nagusi. Antzezlanak konprometitzen duen istorio bat kontatzen du: bi emakume (edo neskato) soldadu gerrara bidaltzen dituzte beren bandoek eta, gudu-zelaiana aurkitzen direnean, elkarren aurka ezer ez dutela ohartzen dira.

Beste bi emanaldi ere iragarri dituzte: urtarrilaren 4an Igorren (Lasarte aretoa) eta urtarrilaren 12an Sopelan (Kurtzio Kultur Etxea).

Konpainiak 2000. urtean arrakasta handiz estreinatutako ‘Mambrú’ ikuskizunaren bertsio berrikusia da. Markeliñeko kide sortzaile Joserra Martinez-ek azaldu duenez «gaur egungo munduaren egoera izugarria da, telebistako albisteek eta sareetan eta hedabideetan ikusten dugun guztiak distantzia handiegia markatzen dute gatazka belikoek berez dakartenaz benetan jabetu gaitezen. Zepo Zaporekin ikusle txikiak eta helduak jabetu nahiko genituzke, pertsonen hondora begiratu behar dela, han etsai bat aurkitzea zaila dela ikusteko».

Ikusleek «eszena dibertigarriak, elkartasuneko momentu gogoangarriz josiak» aurkituko dituztela adierazi du Martinezek. «Elkar ezagutzen duten bi pertsonen arteko jolas eta dibertimendutik abiatuz, umoretik eta konplizitatetik, istorio hunkigarri bat kontatu dezakegu», gaineratu du.

Itziar Fragua eta Nerea Martinez aktoreak igoko dira agertokira ‘Zepo Zapo’ lanean. Jim Pinchen konpositoreak berariaz sortutako musika originala du.

Ikuskizunak euskal antzoki ezberdinak bisitatuko ditu datozen hilabeteetan. Xixonen otsailaren 16tik 21era egingo den FETEN haur eta familientzako arte eszenikoen nazioarteko azokan parte hartzeko hautatua izan dela iragarri dute taldekideek.

Sarrerak online eskuragarri.

Emplacement

Zornotza Aretoa
Urbano Larruzea Kalea
Zornotza. Bizkaia