Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Bandera gehiegi

Omenaldia egin diote Nagore Laffageri San Fermin festen bezperan. 2008. urtetik ibilitakoaren errepasoa eginez gero, bidea malkartsua suertatzen ari da. "Soilik bai da bai" idatzita zuen oihalezko pankartari eutsi diote elkarretaratzean bidatutakoek. Azken urteotan mugimendu feministak bultzatutako legeen lorpenaren adierazgarri da leloa.

Espainiar Estatuan jazotako gorroto-delituen inguruko azken informearen arabera, baina, gure herriko hegoaldeko lurraldeetan gora egin dute delitu horiek, eta Nafarroan konkretuki, emakumeekiko jazarpenak izan du gorakada handiena. Iparraldean, berriz, jokaera horien isla politikoa bizitzen ari gara, frantziar Estatuko hauteskundeen lehen bueltak nolabaiteko itxaropena utzi badigu ere.
 
Azken egunotan bandera gehiegi dagoela entzun dut, LGTBI kolektiboaren harrotasunaren inguruan izandako ekimenak direla eta. Iritzi berekoak dira azken urteotan nazio identitatearen banderek protagonismoa galdu dutela diotenak; naziogintzaren ikurrak eta norbanakoen eta kolektiboen giza eskubideen aldeko ikurrak bateragarriak bezain beharrezkoak izango ez balira bezala. Nik ez dakit zein den bandera kopuru egokia; bai, ordea, azken urteotan gehiegi direla matxismoak eta gorroto-delituek utzitako gorpuak estaltzeko erabili ditugun oihalak.

Recherche