Fresnesko espetxetik dator euskal presoen alde kalera ateratzeko azken deia. Bertan preso dituzten Ekhiñe Eizagirre zarauztarrak eta Iratxe Sorzabal irundarrak bertso honekin gonbidatu dute euskal jendartea eskubideen aldeko plaza betetzera, Kalera Kalera dinamikaren baitan. Pariseko presondegiko murruak zeharkatu eta wasapez harat eta honat dantzan da bertsoa.
Pasa den abenduaren 10tik Usurbileko plazan itxialdian dira hainbat euskal preso eta iheslari ohi. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko «konpromiso, elkartasun eta borroka gune» bihurtu dute Usurbil, eta, urtarrilaren 8ra arte mantenduko dute presoen auzia jendarteratzeko eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean ipintzeko bokazioz.
Alta, presoen aldeko borrokan pizgarri ere izan nahi du Kalera kalera egitasmoak eta Usurbiletik kanpo ere hamaika ekimen antolatu dira datozen egunetarako Euskal Herri luze zabalean. Ikusi Naiz +-n dugun mapa eta bertan aurkituko dituzu herriz herri dauden ekimenak.