Gau Beltza, Arimen gaua edo Ameriketako Estatu Batuetako filmetako Halloween eguna da gaur.
Pasa den ostiralean gai honen inguruan aritu ginen. Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak biltzen dituen Ahotsak egitasmoak lortutako testigantzei tiraka, 1950. hamarkada arte Euskal Herrian Arimen gaua ospatzeko ohitura zegoela ikusi genuen. Zeresana piztu zuen albisteak eta sare sozialen bidez irakurleek euren iritzi eta ekarpenak plazaratu zizkiguten.
Jasotako bideo horietako bat da honakoa, Oiartzungo herrian iaz Abaraxka ludotekak antolatutako Gau Beltza hain zuzen ere. Halloween komertzialetik ihesi, etxeko arropa zaharrekin, suarekin eta euskal ohitura zaharrak birgogoratuz antolatzen dute Gau Beltza.
Beldurra pasatzeko prest?