Aurtengo Oñatiko ‘Fan Hemendik’ egunak izaera berezia hartu du, ETAren armagabetzearen urtea izanik orain «Guardia Zibilaren txanda iritsi da», oñatiarren esanetan. Ekainaren 17rako deialdi bideoa zabaltzearekin bat egin dute iragarpena modu ironikoan: «Euskal Herriak horrenbeste desira duen ekimen hau ondo egiten dela ziurtatzeko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kidea Ram Mannikkalingam Oñatin egongo da». Guardia Zibilak entregatuko duen armategia ere aipatu dute irgarpenean, «euskal herritarrak torturatzeko eta erahiltzeko erabili dituzten fusilak, bainerak, elektrodoak, poltsak eta kare bizia» aipatu dituzte.
Eguneko egitaraua ere ideia horren bueltan antolatu dute. 11.30ean hasiko dira ekitaldiak ‘Bake artisauen azoka’-rekin. Eguerdian poteoa izango da eta 14.30ean bazkaria. Bazkalostean bingoa antolatu dute eta iluntzetik aurrera izango dira eguneko ekitaldi nagusiak.
19.00etan The Sinnersen kontzertua txosnetan eta ekimen nagusia 20.00tan plazatik: manifestazioa + armagabetzea. Festa giroa nagusituko da gero. 22.00etatik aurrera kontzertuak antolatu dituzte txosna gunean. Gadafistes, Brothers, Erokomeri eta Trapu Zikinak taldeak izango dira.
‘Pikoletuak’ seriea
Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko aldarria jasoz urtero ironia, umorea eta salaketa lotu ohi dituzte Oñatin. Iaz ‘Pikoletuak’ web animazio seriea izan zen deialdiaren protagonista (hemen ikus ditzakezue). Hiru ataleko serie motzaren abiapuntua Guardia Zibilaren kuarteleko banderaren lapurreta zen. Haren bila igaro zituzten hiru atalak guardia zibilek Fan Hemendik egunaren baitan topatu artean...