Naiz+ Naiz+

Milaka sinadura, ikurrina Whatsappeko emotikono bihur dadin

 (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)

Emotikono eta emojiak komunikazioaren parte garrantzitsua bihurtu dira. Sakeleko telefonotik ala ordenagailuko pantailatik hizketan ari garenean maiz erabiltzen ditugun elementuak dira emotikonoak. Koloretako aurpegi horiak sarritan dira gure emozioen adierazle, eta antzera gertatzen da Whatsapp aplikazioak eskaintzen dituen ikono zerrenda luzearekin.

Banderak ere eskaintzen ditu Whatsappek. Hamarnaka dira, kolore eta herrialde anitzekoak. Tartean, baina, ez da ikurrina.

Gainontzeko banderen pare egoteko premiaz jabetuta Harkaitz Galarragak ekimena abiatu du change.org-en. Orain dela sei egun ekin zion sinadura bilketari eta dagoeneko 12.000 lagunek babestu dute eskaria.

Zehazki, Whatsapp aplikazioari zuzentzen zaio ikurrina emotikonen artean sartzeko eskatuz.  

Twitter eta Whatsapp moduko sare sozialetan ere bolo bolo dabil jendea ikurrinaren alde sinatzera gonbidatzen duen mezua.

Sinadurarekin batera, mezu eta nahiak batzen ari dira Change.org-eko ekimenean. Ikurrina «euskaldunon ikurra eta nortasuna» dela defendatzen dute askok; beste askok, berriz, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen dute sinadura bilketa honetan.

Ikurrina Whatsappeko emotikono bihurtzeko sinadura emateko, egin Klik.