Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Etruria

Artikulugile naizela apunte solteak nonahi pilatzen zaizkit. Errealitate txatalak dira, apurrak, hustasunari aurre egiteko heldulekuak. Hala aurkitu dut Adolfo Dominguezen hitzaldi batetik erreskatatutako zita: «Hesiodoren arabera, neguan eroek bakarrik nabigatzen zuten. Ontziak lehorreratu egiten ziren sika zitezen eta lemazainak lema hartu eta bere etxolako sutondoan utzi ohi zuen, kez gogortu zedin». Bada marrazki etruriar eder bat, gerlari ilara bat ageri duena, eta azkenak lema darama. Ontzian muntatzera doazen unea da, gerrarako edo pirateriarako. Akaso biak bat dira.

Egun Toscana, Lazio eta Emilia-Romagna diren lurretan bizi ziren etruriarrak eta hasieran ez zuten itsasoan interesik. Greziarren eraginez edota nekazaritza mozkinak saltzeko ekin zioten ontziak egin eta ondasun salerosketari. Baita, jakina, aipatu dudan jarduera militarrari ere. Euren buruari «rasena» esaten zioten; greziarrentzat «tirreniar» ziren –pirata sinonimotzat zuten berba– eta «etruriar», erromatarrentzat. Erromak konkistatu eta asimilatu zituen eta, dakigula, Claudio izan zen etrurieraz hitz egiteko gai zen azken enperadorea.

Euskaldunok beti kontrara: itsasoari atzea eman diogu kostako herriak masifikatu direnean. Irakurri Xabier Agotek Ataungo arraungintzari buruz dioena: itsasoa genuen lurraldearen jostura. Edo Jose Angel Irigarai, zeinak dioen euskal epopeia, izatekotan, itsasoan izan dela.

Ziur asko, euskal abertzaletasun jaioberriak une atsekabetu baten erretratua idealizatu zuen, beraz, baserria neurriz kanpo goratzean. Alabaina, XIX. mendean baleak ahitzea eta Itsaso Handiaren galera gogorrak izanik ere, gurea itsasoaren eraiste programatua izan zenaren susmoa dut. Piezak falta zaizkit halakorik irmoki baieztatzeko, baina joko polita da irudikatzea nork eta zergatik nahi zukeen halakorik. Adibidez, mendeetan ondo egin dugun zerbait, ontzigintza, agintariek lau sosengatik saldu zuten. Itsaso faltak eragin du ideien kontrabando eza, ekonomian eta bizitzan. Lehorrera ito gaituzte.

Recherche