Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Sitsarenak

Interesa dut gatazka bateko aurkarien arteko preso trukaketa kopuruetan. Bizitzen balioa erakusten dutelako gordin, akaso. Ea adibide honekin azal dezakedan. Otsailean Hamasek 3 bahitu askatu zituen 183 preso palestinarren truke, zeintzuk, bahituak ere badiren. Ez da ohikoa trukeko bi parteen artean horrelako aldea egotea. Izan ere, martxoan, Errusia eta Ukrainaren artean, 175na ziren aldeko. Horrenbestez, uste dut argi dagoela zerk sortzen didan egonezina, bizitza israeldar batek hirurogei palestinarren bizitzak adina balio duela.

Ez da erabaki samurra, badakit. Zer egingo zenukete zuek Palestinako agintariak bazinete? Bizitza guztiek balio bera duten arrazoibidean tematu ala 183 pertsonen, eta haien familien, egoera latza apur bat arindu?

Erabaki biziatua da, badakit, egoera ustel baten fruitu. Pentsatu ohi dut pertsonak, erakundeak eta nazioak galbidera eramaten dituzten egitateak ez direla erabaki potolo eta pisutsuak, ezta deriba mesianikoak ere. Krudelkeriaren tolerantzia gero eta handiagoa da nobleziaren zura hondatzen duen sitsa. Adibidez, BBCren erreportaje baten arabera, AEBn Trumpen gobernuak doako abokatu programa eten die herrialdetik kanporatzeko arriskuan dauden adingabeko migranteei. Arrazoia? Antza abokatu doilorrek pistak ematen dizkietela kanporatzea geroratu eta, kasu batzuetan, saihesteko. Irudikatu bi, bost, hamaika, berdin dio, urteko haurrak epailearen aurrean, tutik ulertzen ez dutelarik, maiz ezta ingeles hizkuntza bera ere.

Abokatu baten kexa jasotzen du albisteak: «Ehunka milaka dolar gastatzen dira ume hauek epaitzerakoan; epaileek 130.000 eta 200.000 dolar artean irabazten dute, Segurtasun Nazional Saileko fiskalek beste horrenbeste, itzultzaileak ere behar dira, idazkari judizialak, aretoaren mantenuan… gutxien irabazten duena hor abokatua da».

Defentsa juridikorik gabe akabo epaiketa irabaztea. Trump joango da, goiz edo berandu. Baina bi urteko ume bat akusatuen aulkian bakarrik delarik epaitzeko lotsarik ez duen jendea hor geratuko da.

Recherche