Andoni Lubaki

Bidaia hasi nuen eguna ez zait ahaztuko

_dsf5023
Sharmeen

Linbo juridiko batean bizitzeak egoera zail batean bizitzea esan nahi du. Samurra ez den arren Sharmeen-ek zortea izan du. "Bidaia anaiarekin hasi nuen Kurdistan irakiarrean. Estatu Islamikoak zuzenean mehatxu egin zidan eta nire senitartekoak hiltzen hasi zen" dio Sharmineek begiak irekita lurrari so dagoen bitartean. "Egun batetik bestera soinean nuena eta aurreztutako diru pixka bat hartuta ospa egin genuen Dohuk-etik. Bidaia hasi nuen eguna ez zait ahaztuko". Irten ondoren ere bere ingurukoak mehatxatzen jarraitu dutela dio eta lagun batzuk desagertu zaizkio. "Ez genuen inorrengan konfidantzarik, denak salatari ikusten nituen" dio begirada altxatuz".

"Bidaia beste batzuena baino samurragoa izan zitzaigun, diru pixka bat aurreztuta genuelako. Halere horrelako esperientzia bat beti da gogorra. Bukaeran gainera zortea izan dut. Ileapaindegi batean nago lanean, nagusia palestinarra da. Errefuxiatua bera ere. Nire egoera ondo ulertzen jakin zuen eta aukera bat eman zidan. Ondo erantzun eta urte bete baino gehiago daramat hemen lanean, oso gustura gainera. Ez dut Bulgariatik joan nahi, hemen nire egoera hobetzea besterik ez" esan du irribartsu.

Argazkia ateratzeko kalera atera garenean, zaila egin zait "garbi" dagoen txokoren bat aurkitzea. Errefuxiatu eta langile auzoa da Sofíatik urrun dagoen hau. Alde guztietan Nazi ereserkiak eta esbastikak ikusten ditut. "Guri momentuz ez digute ezer egin, baina muga igarotzean bildur handia genien. Badakigu hemen bertan ere errefuxiaturen bat jipoitu dutela, baina guk esan bezala ez dugu arazorik izan". Azkenean ileapaindegiko ondo portalean atera diot, bertan zegoen esbastikarik txikiena.

Errefuxiatuen eskuen argazkiak egiten ari naizela esan diot eta ea bereak erakutsiko dizkidan horretarako. Aurpegia estali du soinean daraman zapi batekin eta atzean irribarre egin du. Bere ondoan dagoen bezeroari (kurdua bera ere) zerbait esan dio. "Eskuak zikinak ditu, gaur lan asko egin baitu tinteekin".