Andoni Lubaki

HAMDI, RABOUNI, KAZETARI ERREFUXIATUA.

Sheddinglight04
HamdiAntorcha

"Kanpoko medioek ez digute jaramonik egiten. Beti ez dela ezer gertatzen hemen diote. Ez da egia. Soilik kultura, herri eta arazo hau ondo ezagutu behar dira gatazkaz hitzegiteko" dio Hamdik bere Rabouniko etxe eta lantegi den gelaxkatik. Aspaldi ezagutzen dut Hamdi eta saharauien errefuxiatu kanpamentuetara natorren bakoitzean beti egiten diot bisita. Behinola 9 té ere hartu genituen. Ixildu nahi duten gatazka honetan zer gertatzen ari den jakiteko ezinbestekoa da Hamdiri galdetzea. Askotan Wikipedia saharauia deitzen diot "Argeliak hori dio, Frantziak beste hura, baina guk hau esango dugu. Espainia ixilik dago beti bezala. Espainiarrak alde ditugu baina estatu espainiarra aurka".

Hamdik berak bakarrik aldizkari saharaui bat editatzen du. Bera da kazetari, argazkilari, editore, maketatzaile, kopista eta banatzaile. Bera da aldizkaria. "Maiatzaren 20a du izena eta Polisarioak lehenbiziko ekintza armatua egin zuen eguna aldarrikatzen du. Armarik gabe ez ginateke ezer. Baina nire Kalashnikov-a hau da" eta aldizkari mordoxka pilatzen den tokia seinalatzen du.

Hamdi nire ikasle izan zen, informazio ministeritzak antolatutako argazkilaritza kurtso batzuetan ezagutu nuen. Kamara zahar batekin alde batetik bestera ibiltzen zen; teknologia gutxi eta gogo asko. Kastako kazetaria da Hamdi. Bera gabe ez legoke nazioartean ateratzen den albisteen laurdenik ere. Kazetariok Hamdi dugu suziri ilunpetan. Ni bere maisu izan nintzen baina nik gehiago ikasi dut berarengandik.