"Herria altxatzean sistemaren mendekua", halaxe dio Endika Lahainek Gorka Suaiarekin batera gaur kaleratu duten 'Grebalariak aske!' izenburua duen abesti berri honetan.
Urtzi eta Telle, greba jardunaldi batean ustez istilu batzuetan parte hartzeagatik bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duten gazte deustuarrak dira. Urriaren 2an gartzelan aurkezteko epea bukatu zitzaien eta 'Grebalariak Aske!' plataformak adierazi zuenez, bi gaztek desobedientziaren bidera joko dute, eta Aske Gunea osatzera deitu dute Urriaren 11an Deustuko San Pedro plazan.
Muntai polizial honek suposatzen duen langileriari eraso berri honen aurrean, Gorka Suaia eta Endika Lahainek beraien ekarpen xumea egin nahi izan dute beharrezko abesti baten bidez.
Ekoizpen musikalari dagokionez Gorka Suaia programazioetaz arduratu da eta David Nanclares, berriz, kitarraz. Kanta Bilboko Euridia estudioan izan da nahastua eta masterizatua, Ibon Larruzea soinu injeniariaren eskutik.
Abestiarekin batera Gorka Chamorrok prestatu duen bideoa duzue ikusgai, non Urtzi eta Telleren egoera salatzeko egin diren hainbat ekintzen irudiak agertzen diren. Abestia, Suaia eta Lahainek elkarrekin prestatzen ari diren "Herrima" lan berriaren parte izango da.
EuskalHHH webgunean aurkitu dezakezue bideo hau.