Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Korrika ez da behar bezain lasai eta zorrotz pentsatzen

Trumpek irabazi ditu Estatu Batuetako lehendakaritza-hauteskundeak, eta honek arrazoia ematen dit». Nahita jarri dut kakotx artean esaldia, zutabea hasteko ziria besterik ez baita. Trumpen garaipenak ez dit inolako arrazoirik ematen, ez nuen pronostiko argirik; tamalez baieztatu den susmo txarra bai, baina ez besterik. Egunotan era guzietako azalpenak ikusi, entzun eta irakurri ditut; horietako batzuk, esanguratsuki, oso borobilak. Jende asko gai omen da Trumpek zergatik irabazi duen hitz guttitan azaltzeko, baita hori ez gertatzeko zer egin behar den laburtzeko ere. Ni, alta, ez.

Nik, berriz, denbora beharko dut, eta jakin badakit ez dudala nire kabuz lortzeko aukerarik. Izan ere, haien eskura baldin badago eskuin muturra gelditzeko formula magikoa, ez dut ulertzen nola zabaltzen ari den lau haizeetara olatu atzerakoia, erresistentzia gehienak gaindituz.

Iruditzen zait harrokeria intelektualaren tentaldi oro kolokan jartzeko aukera ona dela oraingoa, mugak eta zailtasunak aitortu eta, hortik abiatuta, analitikoki zein estrategikoki erronkari aurre egiten jarraitu, hau ez baita berria, ez munduan, ezta Euskal Herrian ere.

Hagitz ideia eta esperientzia interesgarriak jarri dira mahai gainean, eta badugu lana, bistan baita inteligentzia kolektiboa astindu beharko dugula gertatzen ari dena diagnostikatu eta mundu hobe baten aldeko borrokak indartu eta berritzeko. Baina ideia lehietatik haratago doa eginbeharra, eskuin muturra lortzen ari baita, denon espanturako, elite harrapakariek pizten duten egonezina eliteen zerbitzura jartzea, afektu suntsitzaileak hedatuz.

Hamaika arrazoi daude fenomeno hauen atzean, eta berezitasunak atzematen dira agertoki bakoitzean, denak aintzat hartu beharrekoak, baina ez dirudi argudio borobilek eraginkortasun handirik dutenik tsunami karka hau geldiarazteko. Beharbada oker nabil, baina ez dut uste errezeta sinplistek bidea argituko digutenik.

Recherche