Pazientzia estrategikoaz idatzi dut beste zutabe batzuetan, eta, egia esan, gero eta argiago daukat ezinbestekoa dela mundua eraldatzeko. Kontua ez da, jakina, errotiko aldaketen beharra baztertzea, ezta uneko egoerara egokitzea ere, garai bakoitzeko aukerak baliatzea baizik, betiere aukera berriak eraikitzeko, gaur egun ezinezko gisa agertzen zaiguna bihar egingarri bilakatzeko. Pazientzia estrategikoa begirada luzean oinarritzen da, orainalditik haratago joateko gaitasuna garatzen baitu. Estrategiaren gauzapenaren gakoa da; azkenean, indarrak epe laburreko erronketan erretzen dituena ez delako oso urrutira iristen.
Pazientzia estrategikoak lasaitasun analitikoa eskatzen du. Ez dugu dena berehala ulertu eta aztertu behar; ez da ideia ona fenomeno guziak istantean ezaugarritu nahi izatea. Eta, batez ere, oso ideia txarra da dena irakurri nahi izatea gertakari zehatz baten inpaktupean. Azken egunotan mezu apokaliptikoak irakurri eta entzun ditut espainiar futbol selekzioak Eurokopa irabazi ondotik. Badirudi batzuek bat-batean deskubritu dutela zein jendartetan bizi diren/garen. Baina, era berezian, kezkatu egin nau gure herriaren bilakaera historiko konplexua eta egungo egoera brotxa lodiz eta etsipenetik irudikatzeko joerak.
Bada zer pentsa olatu espainiarzalearen efektuen inguruan, jakina. Espainiak eta Frantziak atxikimendu nazionala sorrarazi eta berrekoizteko makineria erraldoiak dituzte, eta hainbat unetan arrakastaz baliatzen dituzte. Hori oso kezkagarria da Euskal Herriaren askapenaren ikuspegitik, bistan denez, baina gertatutakoaren pertzepzioa berdina da egun batzuk pasata? Norbaitek uste du gurean indar harreman estrategikoa aldarazi duela futbol lehiaketa batek? Sobreaktuazioak ez gaitu lagunduko, ene ustean. Herri gisa ditugun erronkak aski zailak dira tentaldi katastrofikoei erreparatzeko: berehalakotasunaren tirania ez da bidaia-lagun egokia.