Eskola-jangeletako elikadura bertakoa, jasangarria eta osasuntsua izateko helburuarekin jaio da Jangurie, Busturialdeko ikastetxeen ekimen berria. Elikadura burujabetzaren aldeko konpromisoa konpartitzen dutela ikusita, indarrak batzea erabaki dute Urdaibaiko eskola guztiek. Horri tiraka, hitz jokoa egin dute ekimenari izena jartzerako orduan: jan nahia/gura + jan gurea = Jangurie.
Jendartearen eta erakunde publikoen aurrean ahots indartsua izan nahi dute, eta euren helburuak lortzeko bidean elkar laguntzeko borondatea agertu dute.
Helburu nagusi hauek finkatu dituzte egindako eztabaida kolektiboan:
- Ikasleek osasuntsu jatea. "Gure umeek bertoko elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalidadezkoak jatea gura dogu.
- Eskualdeko lehen sektorearen suspertzea. "Bertoko ekonomiaren aldeko apustua egiten dogu. Lehen sektorea gure bidelaguna dan heinean, baserritarren bizi-baldintzak duinak izatea bilatzen dogu."
- Eskualdearen jasangarritasuna. "Modu naturalean hazitako elikagaiak gura doguz gure jantokietan. Ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuagaz."