Zuzenbideko ikasleak behin gradua amaituta egitera derrigortuta dauden Abokatutza Masterra euskaraz eta Leioan egitea aldarrikatu dute: "Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak", adierazi dute Leioatik! proiektu komunikatiboak zabaldu duen bezala.
- Abokatutza masterra gazteleraz Donostiako eta Leioako kanpusetan eskaintzen den bitartean, “euskarazko” masterra bi kanpusetako batean eskainiko dela adierazi dute. Non izango den erabat zehaztu ez duten arren, ziurrenik Donostian izango dela esan digute. Eskubide urratze larritzat jotzen dugu hau. Adibidez, ez dago edonoren esku Donostian masterra ordaintzeaz gain, pisu bat ere ordaintzea, edo eguneroko garraioa ordaintzea. Horrela, euskarazko masterra soilik kanpus batean eskaintzea matrikulazioak atzera botatzeko arrazoi argia da.
- EHU-k euskarazko masterra aurrera joatearen kontrako arazo nagusi bezala diru falta adierazi izan digute. EHU-ko aurrekontuak bestelako proiektuetara bideratzen direla ikusirik, aurrekontu hauen kudeaketaren arduradunei ikasleen formakuntzari lehentasuna ematea eskatzen diegu.
- Horrez gain azpimarratu behar da estatuko abokatutza masterraren amaieran egiten den estatu mailako azterketa gazteleraz soilik eskaintzen dela. Legearen arabera Autonomi Erkidego bakoitzak antolatu dezake azterketa hau. Oraindik ez da pausu hau eman, eta ez digute aurrera eramango dutenaren seinalerik eman. EHU-ren konpetentzietatik haratago dagoen zerbait dela argudiatzen dute. Honek ere, euskarazko eskaeren jaitsiera ekartzen du, eta Euskal Herriko Unibertsitateak bere esku dagoen guztia egin beharko luke hau aldatzeko
Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko oztopoak ditugu, eta hau aldatzeko azkeneraino iristeko prest gaude. Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egitera deitzen ditugu Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak. Era berean gonbidapena luzatzen diegu zuzenbideko ikasle zein irakasleei, arazo honek guztioi eragiten digula ulertzen dugulako.